Urundiru

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gasteiz XVIII. mendean.
Garia Olarizuko soroetan, Gasteiz kanpoaldean.

Urundirua Araban XV. mendetik XVIII. mendera indarrean egon zen zerga bat izan zen, garaiko gaztelerazko idazkietan ere euskaraz aipatzen dena. Irin edo urunaren (mendebaldeko euskarazko forma) gaineko zerga bat zen, Gasteizko hiriak inguruko herrixketako nekazariei ordainarazten zuena[1].

Ezaugarriak eta historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gasteizko hirian irinaren gaineko zerga bat zegoen, gari eta irin kontsumoari ezarritakoa: irina pisu publiko batean pisatu behar zen, eta horregatik ordaindu beharra zeukaten gasteiztarrek. Baina inguruko herrixketatik ez zuten pisu publikora joan beharrik, eta nekazari horientzat beste zerga hau aplikatzen zen. Nekazari guztiek ordaindu behar zuten, herrixketako biztanlego osoak praktikan: gizonek, emakumeek, zazpi urtetik gorako neska-mutilek eta neskame eta morroiek, kapare izan arren. Zergak iraun zuen mendeetan zenbatekoa pertsonako hiru marabeditik zazpiraino igo zen, baina ohikoa izan zen pertsonako bost marabedi biltzea.

1420. urtetik dago dokumentatua zerga hau. Gasteiz inguruko nekazariek oso injustutzat zeukaten, eta protestak ere egin izan ziren. Zerga oso berezia zen Gaztelako testuinguruan, eta ez da adibiderik ez erresuma horretan ezta Aragoikoan ere. Antzeko adibideak Italiako iparraldeko hiri batzuetan aurki daitezke, gertuenera.

Nekazariek legezko demanda bat ere aurkeztu zuten Gaztelako Erregearen Kantzelaritzan 1508. urtean, baina 1513an epaileek hiriaren alde eta nekazarien kontra egin zuten. Harrezkero, 1705. urtera arte iraun zuen urundiruak. 18. mendearen lehen erdian eten bat egon zen, baina 1753an Gasteizko oligarkiak berriz jarri nahi izan zuen martxan, modu oso zorrotzean gainera, mende erdiko salbuespenean ordaindu ez zena kobratu nahi izan baitzuten, biziei eta hil zirenei berdin. Baldintza horiekin, azkenean, urundiruak ez zuen aurrera egin eta urte gutxitara Gaztelako Kontseiluak zergaren kobrantza eten zuen[1].

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b «Urundiru, irinaren dirua - Info» UPV/EHU (Noiz kontsultatua: 2019-05-24).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]