Victor Aveyrongoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Victor Aveyrongoa

Victor Aveyrongoa (?-1828). Frantziako Aveyronn, Languedocen, XVIII. mendearen amaieran basoan bakarrik bizi zen nerabe bat agertu zen. Parisera eraman eta gero bere kasua han aztertua izan zen. Gaztea behatu zutenen artean Jean Itard (Jean Marc Gaspard Itard) izeneko pedagogo bat gailendu zen. Itarden ikerketak bost urte iraundu zuen eta bere esperientziak azaltzeko txosten bat argitaratu zuen. Esan daiteke Itard hezkuntza bereziaren aitzindari bat izan zela. Victorren kasuak François Truffaut zuzendariak eginiko L'Enfant sauvage filmari esker zabalkunde handia izan zuen.

Gertaera historikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1797.urtean berri kezkagarri bat zabaldu zen Tarn inguruan. Esaten zen hango basoetan haur basati bat zebilela. Zurrumurruen artean bi urte pasa ziren harik eta, 1799an, ehiztari batzuek biluzik zebilen haur bat harrapatu zuten arte. Umearen jarrera oldarkorra zen, ez zuen hitz egiten, basoko animalia bezala mugitzen zen eta barazki gordinak besterik ez zuen jaten. Ehiztariek umeaLacaune herrira eraman zuten baina egunetan berriro mendira ihes egin zuen. Hurrengo berriak 1800.urtearen hasieran jaso ziren, Aveyron inguruan, orduan ere ehiztari batzuen bitartez. Azkenik, Saint-Sernin-sur-Rance herriko etxe abandanatu batean harrapatu zuten eta hasieran Saint-Affriqueko umezurtz-etxera eta, ondoren, Rodez herrira eraman zuten. Rodezen hilabete batzuk egin zituen eta hobeto aztertzeko aukera izan zuten. Mutila hamabi urte inguruko nerabea omen zen, 1,35 metroko altuera zuen, ez zuen hitz egiten eta, itxura guztien arabera, erabat isolaturik bizi izana zen. Berria Parisera heldu zenean, Lucien Bonaparte ministroa interesaturik azaldu zen eta hiriburu horretara eramateko agindua eman zuen. 1800ko abuztuaren 6an Victor Parisen zegoen. Ikerlari eta intelektualeen arteko polemika bizia berehala zabaldu zen. Garbi zegoen gizartean bizitzen ez zegoela ohituta baina ez zegoen garbi erakusten zuen atzerapena arazo mental baten ondorioa edo basoan isolaturik bizi izanaren ondorio zuzena zela. Orduan, 1801an, mutila Jean Ithard pedagogoaren eskuetan uztea deliberatu zen. Ithardek ikerketa interesgarria egiteko aukera ikusi zuen eta lanean buru belarri inplikatu zen. Doktore honen helburua Victor gizarteratzea zen. Horretan bost urte aritu zen eta azkenik ez zuen lorpen handiak izan; hori berarentzat benetako porrot pertsonala izan zen. 1811an Frantziako Gobernuak Guérin izeneko emakume baten ardurapean jarri zuen eta harekin bizi izan zen Victor 1828an heriotzak harrapatu zuen arte.

Itard-en lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lucien Malsonek Jean Itharden lanak argitaratu zituen. Lan horietan doktore horren asmoak oso garbi ikusten dira, nola saiatu zen Victorri hitz egiten irakasten, jendartean moldatzen eta, orokorrean, bizitza autonomoa izateko behar diren oinarrizko gauza guztiak erakusten. Neurri batean arrakasta txiki batzuk izan bazituen ere, nagusia ez zuen lortu, hau da, Victor komunikatzen ikastea. Arlo horretan zenbait soinu bokaliko eta kontsonantiko ikasi zituen, besterik ez. Amaieran Itardek bere buruari galdetzen zion ea ez zen egokiago izan Victor aurkitu zuten momentuan basoan bertan uztea, horrela agian zoriotsuago izango baitzen.

François Truffaut zuzendariaren filma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuzendari ezagunak 1970an L´enfant sauvage filmea egin zuen. Victorren papera Jean-Pierre Cargol aktorea egin zuen eta Itardena Truffaut zuzendariak berak. Film honek arrakasta handia izan zuen eta oraindik gaiaren gaineko erreferente bat da. Gidoia egiteko Jean Itardek utzitako txostenak eta dokumentuak erabili zituzten. Dena dela, ez zen hitzez hitzezko moldaketa bat eta zuzendariak filma egiterakoan lizentzia batzuk hartu zituen. Arrakastaren ondorioz esan daiteke gehien zabaldu den Victorren gaineko informazioa iturri horretatik datorrela eta ez Itardek egin zituen lan baliotsuetatik.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (Ingelesez)Candland, D. K.: Feral children & clever animals. Reflections on human nature. Oxford University Press. New York, 1993. ISBN 0-19-510284-3.
  • (Euskaraz) Darreche Urrutxi - Edurne Zenitagoia: Hezkuntza Bereziaren oinarri pedagogikoak. Bilbo: UEU, 2008, 27-31. Testu hau Lopez Torrijoren beste baten itzulpena da: www.buruxkak.org/pdf/469_HezkuntzaBereziaren.1.pdf
  • (Frantsesez)Itard, J. M. G.: De l'education d'un homme sauvage ou des premiers developpemens physiques et moraux du jeune sauvage de l'Aveyron. Goujon. Paris, 1801.
  • (Frantsesez)Itard, J. M. G.: Rapports et memoires sur le sauvage de l'Aveyron. Ingelesezko itzulpena: G.M. Humprey: The wild boy of Aveyron. Century. New York, 1932. Gaztelaniazko itzulpena: Rafael Sánchez Ferlosio: Víctor de l'Aveyron, Alianza, Madril, 1982.

Kanpoko loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]