William Sealy Gosset

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
William Gosset, Student goitizenez, t banaketaren asmatzailea

William Sealy Gosset[1](Canterbury, Ingalaterra, 1876ko ekainaren 13Beaconsfield, Ingalaterra, 1937ko urriaren 16), Student goitizenez ezagunagoa, estatistikari ospetsu bat da. Kimika eta matematika ikasia, Guinness garagardotegian hasi zen lanean. Bertan egiten zituen ikerketak zirela eta estatistikarako joera hartu eta horrela, lagin txikien azterketan garrantzitsua den Studenten t banaketa asmatu zuen. Ronald Fisherek «estatistikaren Faraday» izan zela aipatu zuen[2], matematika aldetik oso trebea ez bazen ere, intuizio handiz jokatzen baitzuen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aitaren aldetik Frantziatik kanporatutako higanot familia baten ondorengoa, bere gurasoak Frederic Gosset, Royal Engineers ataleko koronela, eta Agnes Sealy Vidal izan ziren. Winchester College ospetsuan beka bati esker ikasi eta ondoren matematika eta kimika ikasi zituen Oxfordeko New College unibertsitatean. Graduatutakoan, 1899 urtean, Dublingo Guinness garagardotegian hasi zen lanean. Garagardoaren ekoizpenaren inguruko saiakuntza lanek, tenperaturak eta beste zenbait aldagaik eragiten zuten aldaketen inguruan, estatistikara eraman zuten Gosseten lana. Horrela, lantegiko barne txosten batean, "The Application of the ‘Law of Error’ to the work of the Brewery" izenburukoa estatistikara egin zuen lehen ekarpena jasotzen da. 1906an, belar gaineko hockey jokalari eta entrenatzaile izan zen Marjory Surtees andereñoarekin ezkondu zen, James Surtees Philpotts jaunaren alaba gazteena; berarekin seme bat eta bi alaba izango zituen[3].

Bere ikerketa lana aurrera eramango zuten emaitza berrien bila, Karl Pearsonekin izan zuen harremana 1905eko uztailean. Guinness enpresaren ikerketa-politika eskuzabalari esker, 1906-1907 urteetan Londresko University College unibertsitatean Karl Pearsonek zuzentzen zuen ikerketa-taldean aritu zen. Horrela, 1908 urtean, t banaketaren aurkikuntza egin zuen “The Probable Error of a Mean” izenburuko artikulu famatuan, Pearsonek berak zuzentzen zuen Biometrika aldizkarian argitaratutakoa [4] eta Student goitizenez. Studentek saiakuntzaz aurkitu zuen banaketa Ronald Fisherek deduzituko zuen beranduago 1912. urtean.

Student goitizenaren erabileraren zergaitiari buruz, hipotesi zenbait planteatu da. Hipotesi arruntenaren arabera, Guinness enpresak metodo estatistikoak erabiltzen zituela lehiakideei ezkutatzeko ezarri zien goitizena Gosset eta beste ikertzaile zenbaiti. Beste hipotesi batzuen arabera, enpresa barneko ikertzaileen arteko hikamikak ekiditeko esleitu zitzaizkien goitizenak. Dena den, Student goitizena Christopher Digges La Touche Guinnesseko zuzendariak berak ezarri zion Gosseti. Guztira, Gossetek 21 artikulu idatzi zituen 25 urtetan zehar (horietarik 14 Biometrika aldizkarian). Denak, bat ezik, Student goitizenez sinatu zituen.

Ronald Fisher estatistikariarekin ere harreman sendoa izan zuen, 1922 urtera arte soilik gutun bidezkoa izan bazen ere. 1912. urtean izan zuten lehenengo kontaktua, Fisherek t banaketari buruz emandako froga matematikoari buruz eta banaketan egindako zuzenketa baten inguruan. Gerora, lankidetza estuan jardun zuten biek. Bitartean, Gossetek Guinness enpresan jarraitu zuen lanean. 1920 hamarkdatik aurrera, saiakuntza diseinuan aritu zen gehien bat. 1922. urtetik aurrera, estatistika laguntzaile bat ere izan zuen ondoan bere ikerketetarako. 1934 urtean auto istripu larri bat izan zuen. Hilabeteak ezinduta pasa ondoren, enpresak Londresko Park Royalen eratu berri zuen garagardotegi batera bidali zuen, bertako ekoizpen-buru izateko. Zoritxarrez, han ez zuen asko iraun, bihotzekoak jota 1937. urtean zendu baitzen.

Idatzitako artikuluak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • On the Error of Counting with a Haemacytometer (1907), bere lehenengo artikulua, non Poissonen banaketa banaketa binomialaren limite gisa azaltzeaz gainera, ebazkizun praktiko baterako erabiltzen baitzuen.
  • The Probable Error of a Mean (1908), non t banaketa aurkitzen duen.
  • Probable Error of a Correlation Coefficient (1908)
  • On Testing varieties of Cereals (1923)
  • New Tables for Testing the Significance of Observations (1925)
  • Mathematics and Agronomy (1926)
  • Errors of Routine Analysis (1927)
  • The Lanarkshire Milk Experiment (1931)
  • On the z Test (1931)
  • Yield Trials (1931)
  • Co-Operation in Large-Scale Experiments (1936), Student goitizenez sinatu ez zuen artikulu bakarra.
  • Comparison Between Balanced and Random Arrangements of Field Plots (1938)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Gossett abizenez ere ezagutzen da.
  2. R. A. Fisher: Student. Annals of Eugenics:9. 1-9.
  3. (Ingelesez) Biography of William Sealy Gosset
  4. (Ingelesez) Student: The Probable Error of a Mean, Biometrika, 6 (1908) 1–25 orrialdeak.