Zalduondoko udaletxea

Koordenatuak: 42°53′7.88″N 2°20′51.64″W / 42.8855222°N 2.3476778°W / 42.8855222; -2.3476778
Wikipedia, Entziklopedia askea
42°53′7.88″N 2°20′51.64″W / 42.8855222°N 2.3476778°W / 42.8855222; -2.3476778
Udaletxearen fatxada nagusia, erdian, eraberritzearen ondoren.

Zalduondoko Udaletxea Arabako Zalduondo herriko instituzio-eraikin garrantzitsuena da. 1746an eraiki zuten. Eusko Jaurlaritzak Kultura Ondasun gisa monumentu izendatu zuen 2008an[1]. 2006ko azaroan erabat kiskali zen istripuz[2], eta zaharberritu berri dute, eraberritze-lanak 2009ko ekainean bukatu dituztela[3].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikin zibila eta zerbitzuetakoa da, soila eta apaindura urrikoa. Eraikina oinplano angeluzuzenekoa da, fatxada nagusia albokoak baino txikiagoa da eta sakonera handiko bolumena osatzen dute; zeramikazko teila arabiarrez egindako bi isurkiko estalkia du eta ertzak harlanduzkoak. Gailurra fatxada nagusiarekin paralelo dago. Behe solairua, lehen solairua eta teilatupeko solairua ditu.

Kanpoaldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fatxada nagusia ekialdera begira du, espazio publiko batera eta Zalduondo eta Agurain lotzen dituen errepidera ematen du; azken horretatik, Done Jakue bidea pasatzen denez, oso nabarmen geratzen da. Fatxada laua da, simetrikoa eta ardatz zentralekoa; ia erabat hareharrizko harlanduz egina. Elementuak antolatzeko modua oso ordenatua da: baoak hiru ardatz bertikaletan eta solairuak hierarkikoki jarriak. Behe solairuko elementu esanguratsuena ate nagusia da, handia eta dintelduna, orejeta-uztarri lauek osatua. Solairu horretan bertan, sarbidearen bi aldeetan leiho dinteldu bana irekitzen dira, orejeta eta guzti, pixka bat bertikalean eta burdin landuaz itxita. Solairu horretan bertan, sarbidearen ezkerraldean, bada beste bao bat ere, baina ez da jatorrizkoa. Behe solairuaren eta lehen solairuaren arteko banaketa eta forjatu-lerroa zehazten duela, inposta horizontal laua eta jarraitua dago, eta horma-ataletik pixka bat irtena geratzen da. Lehen solairuan, hiru bao dinteldu daude, behe solairuko antzeko fakturakoak; hirurak oso antzekoak dira, eta hiruretan ez balkoirik, ez burdina-lanik. Solairu horretan bertan, duela gutxi jarritako armarri bat dago. Lehen solairuaren eta teilatupearen artean, berriz ere inposta lau horizontal bat ageri da, solairuen arteko lerroa markatzen duena. Teilatupeak oso altuera txikia du, hiru bao txiki ditu, etzanak, eta harlandu-ilararen parean eta ardatz bertikalaren parean geratzen dira.

Alboko fatxaden ezaugarria da bigarren mailakoak direla, harlangaitzezkoak baitira, entokatuak; ez dute inpostarik, ezta aparteko dekorazio-elementurik ere; gainera, ez dira hainbeste ikusten, bi aldeetan eraikinak baitituzte. Bao oso gutxi dituzte, eta horiek txikiak; fatxadak ia erabat itsuak dira. Baoak dinteldunak dira eta harlandua erabiltzen da horien inguruan jartzeko; erregulartasuna nabaria da, antolatzeko moduari dagokionez.

Atzealdeko fatxadak, eskuinaldeko ertzean, sarrera dintelduna du. Behe solairuan gutxi landutako harlandu txikiak ageri dira eta faktura desberdineko hiru bao ditu, lehen aipatutako sarbidearen ezkerraldera. Goiko solairuak entokatuta daude, eta lauki formako hiru bao txiki, horizontalean jarriak, nabarmentzen dira; horietako bakoitza harlanduzko lau pieza handiz inguratuta daude. Solairu horretan, bao bertikal bat dago, eta, badirudi, ez dagokiola jatorrizko eraikuntzari.

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egitura-sistemari dagokionez, egurrezko forjak ditu, eta hiru karga-horma fatxada nagusiarekin paralelo daude. Harresi batek higiezina bi zatitan banatzen du; harresi hori fatxada nagusiarekin paralelo dago, gailur-lerroarekin bat egiten duela. Aurrealdeak, halaber, beste barne-harresi paralelo bat du, eta ageriko zurez forjatua dago, eta behe-solairuko sarbiderako ezkaratza nagusi txikiagatik bereizten da; sarbide horrek harresien arteko eskailerara ematen du, goiko solairura joateko. Baoak harlanduz inguratuta daude. Atzealdean ez dago barne-harresirik, bao baten bidez lotzen da aurrealdearekin; zurezko egitura du ezaugarri.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]