Edukira joan

1890eko ultimatum britainiarra

Wikipedia, Entziklopedia askea
1890eko ultimatum britainiarra
Irudia
MotaUltimatum
Honen parte daUltimatum eta colonial war (en) Itzuli
Data1890eko urtarrilaren 11
HerrialdeaBritainiar Inperioa eta Portugalgo Erresuma

1890eko ultimatum britaniarra Lord Salisburyren gobernu britainiarrak 1890ko urtarrilaren 11an memorandum moduan gobernu portugaldarrari entregatutako ultimatuma da. Ekintza hau Cecil Rhodes diamante hegoafrikarren magnateak bideratuta egin zen, nahiz eta, portugaldarren eta makololoen artean gertatutako gertakari bat erabili zen aitzakiatzat. Bertan, gobernu portugaldarrari bere tropa militarrak Angola eta Mozambike arteko kolonietatik (gaur egungo Zambia eta Zimbawe) erretiratzeko agindua eman zitzaion. Portugalek eremua beretzat hartu nahi zuen, eta kolore arroseko mapa ospetsuan sartu zuen, Berlingo Konferentziatik aurrera Angolatik Mozambikera, hau da, kontra-kostara, zihoan lurralde zerrenda bat eskatuz.

Historikoki Portugalen aliatu eta babesle izandako herrialdearen aurrean erresistentziarik izateko ezintasunak istilu larriak eragin zituen: manifestazioak Lisboako Santa Catarina Miradouro Jauregiaren aurrean, Henrique de Barros Gomes atzerriko ministroaren egoitzan eta Jose Luciano de Castroren gobernuaren berehalako erorketa, Antonio de Serpa Pimentel buru zuen ministerio berri bat izendaturik urtarrilaren 14an. Gertakari honek Portugalgo ereserki nazionalaren letra inspiratu zuen eta garaiko politikari eta historialari portugaldarrek Erresuma Batuak bere aliatu zaharrenaren aurka eginiko ekintza zitalena bezala kalifikatu zuten[1].

Horrela, desadostasun sozial handiko mugimendua hasi zen. Errege familia zuzenean inplikatu zuen, ultimatumak agerian utzitako gainbehera nazionalean interes britaniarren oso gertuko ikusi baitzen. Errepublikarrak nahigabeaz baliatu ziren beraien oinarri soziala zabaltzeko, 1910ko urriaren 5ean Portugalgo lehenengo errepublika aldarrikatuz.

XIX. mendearen erdialdera, Afrikaren banaketa bezala ezagutzen den horren bidez, Portugalgo Erresumak afrikar kontinenteko hainbat eremu eskatu zituen bere "eskubide historikoa" zirela aldarrikatuz, berak zapaldu baitzituen lehenengo eremu horiek. Europako potentzia nagusienak ez zetozen bat eskakizun horrekin. Britainiarren, frantziarren eta alemaniarren presentzia gero eta handiagoa zen kontinentean, eta horrek arriskuan jartzen zuen portugaldarren nagusitasuna. 1870ko hamarkadatik aurrera argi geratu zen “eskubide historikoa" ez zela nahikoa. Europako esplorazio zientifiko eta geografiko biziak aurrera jarraitzen zuen, kasu gehienetan interes ekonomikoen ondorioz. 1840 eta 1872 artean David Livihgston mediku eta misiolariak Afrika erdialdea esploratu zuen, handik gutxira Hegoafrikako Konpainia Britaniarra instalatu zen bertan. 1874an Belgikako Leopoldo II.a erregeak finantzatuta, Henry Morton Stanley esploratzaileak Kongo ibaia esploratu zuen. 1876an Leopoldo II.ak Kongo kolonizatzeko elkartea sortu zuen, Portugaldarrek lurraldean zeuzkaten interesei muzin eginez[2].

1875ean, 74 gizonek Lisboako Geografia Elkartea sortu zuten, gainontzeko europarren moduan esplorazioarekin jarraitzeko[3]. Afrikako batzordea ere sortu zen. Batzorde honek, lehen esplorazio zientifiko-geografikoak prestatu zituen. Espedizioak Hermenegildo Capelo, Roberto Ivens eta Alexandre de Serpa Pintok finantziatu zituzten eta lurralde zabalak deskubritu zituzten 1877 eta 1886 artean. Kwango ibaia esploratu nahi zuten Kongo ibaiarekin zeuzkan loturak topatzeko eta honen arro hidrografikoa Zambezikoarekin alderatzeko. Afrika erdialde-australaren mapa argitu zuten (Kolore arroseko mapa ospetsua) eta Portugaldarrez osatutako "gune zibilizatzaileak" mantendu zituzten kontinentearen barnealdean. Bitartean, atzerriko ministroa Portugal eta Erresuma Batuaren aliantza historikoa indartzen ahalegindu zen. Britainiarrei Mozambike eta Portugaldar India arteko merkataritza eta nabigazioa baimentzea proposatu zuen, trukean Portugalek Kongorekiko zituen eskakizunak onartzen bazituzten.

1883an, Portugalek Kongo ibaiaren iparraldeko eremua okupatu zuen. Otto Von Bismarckek Berlingo Konferentzia (1884-1885) konbokatu zuen Afrikan potentzia bakoitzaren eragin-eremuak finkatzeko eta gatazkak ebazteko (Leopoldo II.aren hedapenarekiko portugaldar eta britainiarrek zuten oposizioa barne). Portugal eta Erresuma Batuaren aliantzak porrot egin zuen. Alemaniar Inperioa eta Frantziaren presioaren ondorioz eta Leopoldo II.aren mesedetan, Portugalek Kongoko bokalearen kontrola galdu zuen. Kongo Portugaldarretik Kabinda soilik mantendu zen. 1885ko otsailean, Kabindako eliteak Simulambukoko tratatua sinatu zuen eta bertan Portugalgo koroaren protektoratua izatea onartu zuten[4].

Berlingo Konferentzian adostutakoak erreakzionatzera derrigortu zuen[5]. Portugalgo estatuak nazioarteko kontaktuak dibertsifikatu zituen eta Frantziari Ginea eta Alemaniari Angolako hegoaldea eman zizkien, Angola eta Mozambike arteko barneko lurren onarpenaren truke. Horrela kolore arroseko mapa sortu zen. 1886an publikatu zen eta bertan Angolatik Mozambike arte zioan lurraldea aldarrikatzen zen. Hainbat ustiapen-kanpaina egin ziren eta barneko herrialdeen zapalkuntza eman zen subiranotasun-erreklamazioei eusteko asmoarekin. Indar armatuek gidatutako konkista eta baketze kanpainek erresistentzia itzali zuten.

Gatazka eta ultimatuma

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1887an portugaldarren planak ezagutzera eman ziren eta Robert Gascyne-Cecil lehen ministro britaniarrak lurraldeak aitortzea ukatu zuen, bere esanetan bertan zeuden tropak ez baitziren gai ordena mantentzeko, atzerritarrak babesteko eta natiboak kontrolatzeko. Portugal Zambeze ibaia nabigazioari ixten saiatu zen, Malawi lakuaren harana eskatu zuen, hegoaldeko britainiar koloniak isolatzen zituen zerrenda[6].

1890ko urtarrilean, Paiva Couceiro militarra 40 soldadurekin Angolan zegoen Barotselandeko indigenak zapaltzeko. Aldi berean, Malawi lakutik gertu, Mozambiken, Alexandrie Serpa Pintoren tropek bandera ingelesak kendu zituzten Erresuma Batuak kontrolpean zuen eremu batetik. Gertakari hauen ondorioz, 1890ko urtarrilaren 11an, Erresuma Batuak Angola eta Mozambike artean zegoen lurralde hartatik (gaur egungo Zinbawe) Portugalgo indar militarrak berehala erretiratzeko exijitu zuen. Portugalek bere asmoak alde batera utzi zituen eta Afrikako hedapen koloniala amaitu zen beraientzat.

Fashodako gatazka

Mapa arrosean adierazita zeuden asmo portugesek talka egiten zuten Hegoafrikako Konpainia Britainiarraren asmoekin. Afrika osoa iparraldetik hegoaldera zeharkatuko zuen trenbide sarea sortzea zen beraien helburua, Kairotik Lurmutur Hirira arte. Cecil Rhodesek sustatutako proiektu hau ez zen sekula aurrera eraman klima arazo, geografia, proiektuaren tamaina eta portugaldarren oposizioaren eraginez. Fashodako gatazka da horren adibide, 1897 eta 1898 artean Frantzia eta Erresuma Batua gerran sartzeko zorian egon ziren.

Matxinada giro hori elikatuz, martxoare 23an Antonio Jose de Almeidak, Coimbrako unibertsitateko ikasleak eta etorkizunean errepublikako presidentea izango zenak, «Bragança, o último» (Braganza, azkenekoa)  izeneko artikulua argitaratu zuen. Kartzelan sartu zuten artikulu hori argitaratzearen ondorioz. Erregearen ustez, akusazio faltsuak agertzen baitziren bertan.

Apirilaren 11an, Guerra Junqueirok Finis Patriae liburua jarri zuen salgai. Bertan, erregearen figura barregarri uzten du.

Apirilaren 1ean, Silva Porto esploratzaileak Portugalgo bandera batean bilduta bere buruaz beste egin zuen, indigenekin zituzten negoziazio batzuek huts egin eta gero. Ultimatuma hartu zen buru-hilketa honen erruduntzat eta atsekabe handia sortu zuen gertaera honek nazio mailan. Porton egin zitzaion hileta jendetsua izan zen[7].

Portugalen gainbehera eta besteekiko dependentzia agerian geratu ziren, abuztuaren 20an Erresuma Batuak, Irlandak eta Portugalgo Erresumak Londresko Tratatua sinatu zutenean. Bertan, Angola eta Mozambikeko lurralde-mugak zehaztu ziren. Tratatua abuztuaren 30ean aurkeztu zen parlamentuan eta egun berean argitaratu zen Gobernuaren Egunkarian. Protesta berriak sortu ziren eta gobernuaren gainbehera gertatu zen. Urtebete beranduago, 1891ko ekainaren 11n, Bartotseland Britania Handiaren eragin-eremuan zegoela erabaki zen, Victor Manuel III.a Italiako erregearen ikuskaritzan.

Interes Britaniarren aurrean ezer ez egitearen ondorioz, Liga Liberala azaldu zen Lisboan. Augusto Fuschini buru zuen protesta mugimendua Londresko tratatuaren aurka azaldu zen. Ligak 400 pertsonak parte hartu zuten bilera bat antolatu zuen San Luis Teatroan. 28 eguneko krisi politikoaren ondoren, urriak 14ean Joao Crisostomo (Liga Liberaleko partaidea) buru zuen gobernu berri bat izendatu zen. Liga Liberalak gobernua babestu zuen, pixkanaka egoera baketuaz.

1890ko urtarrilaren 11ko Ultimatum Britaniarraren ondorioz egon ziren gertakariek sekulako eragina izan zuten politika portugesean. Hainbat gertaeren ondorioz monarkia konstituzionalarekin amaitu zen. Inperio kolonialaren aldeko jarrerak indartu ziren nazio mailan eta horrek ondorio larriak izan zituen XX. mendean. Hori garbi ikusi zen Estado Novok behin eta berriz adierazi zuen inperio kolonial portugaldarrari eusteko asmoan, aberriarekiko harrotasuna sortzeko erabiltzen baitzuten. 1950etik aurrerako deskolonizazio prozesuan parte hartzeari uko egin zioten, gastu militar handiak erabiliz, gainera, koloniei eusteko. Portugalgo Gerra Kolonial Afrikarra irabazi ezin izateak, militarrek bultzatutako Krabelinen Iraultza ekarri zuen. Iraultza horren bidez amaiera eman zitzaion Estado Novoari.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Ferreira Duarte, João. The Politics of Non-Translation: A Case Study in Anglo-Portuguese Relations. .
  2. «Stanley e Leopoldo II» web.archive.org 2010-05-05 (Noiz kontsultatua: 2024-06-21).
  3. «História | Sociedade de Geografia de Lisboa» web.archive.org 2016-03-04 (Noiz kontsultatua: 2024-06-21).
  4. «Cabinda - Notes on a soon-to-be-forgotter war - Paper 77, August 2003» web.archive.org 2010-08-21 (Noiz kontsultatua: 2024-06-21).
  5. (Ingelesez) Hammond, Richard James. (1966). Portugal and Africa, 1815-1910: A Study in Uneconomic Imperialism. Stanford University Press ISBN 978-0-8047-0296-6. (Noiz kontsultatua: 2024-06-21).
  6. (Ingelesez) The Cambridge History of British Foreign Policy. CUP Archive (Noiz kontsultatua: 2024-06-21).
  7. Pélissier, René. (2006). As campanhas coloniais de Portugal 1844-1941. (1.a edição. argitaraldia) Editorial Estampa ISBN 978-972-33-2305-4. (Noiz kontsultatua: 2024-06-21).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]