1982ko Errioxako Autonomia Estatutua

Wikipedia, Entziklopedia askea
1982ko Errioxako Autonomia Estatutua
Irudia
MotaAutonomia estatutu
HerrialdeaEspainia
Nongo eskumenen mendeErrioxa

1982ko Errioxako Autonomia Estatutua edo San Millango Estatutua[1] Errioxako Autonomia Erkidegoa hezurmamitzen duen lege gorena da. 1982ko ekainaren 9an onartu zen, Espainian Trantsizio garaiaren ostean onartutako zazpigarrena izanik.

Errioxako Autonomia Erkidegoa ez zen nazionalitate historiko gisa eratu eta beraz, Espainiako Konstituzioaren 143. artikulua baliatu zuen («bide motela» bezala ezaguna) bere eraketarako, zeinak aukera ematen dien antzeko ezaugarri historiko, kultural eta ekonomikoak dituzten lurraldeei autonomia eskuratzeko, baina nazionalitate historikoek duten autonomia mailara heldu gabe.[2] Hala ere, 1994 eta 1999an estatutua eguneratu egin zen eta Errioxak eskumen gehiago jaso zituen, tartean nazionalitate historikoei erreserbatutakoak. Zazpi aldiz eguneratu da 2017ra arte.[3]

Eguneraketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1982an onartua izan zenetik, Errioxaren estatutua bi aldiz eguneratua izan da, lehen aldiz Espainiako Gorte Nagusiek bultzatuta 1994an (eskumen gehiago emateko) eta bigarren aldiz 1999an Errioxako Parlamentuak bultzatuta.

1994ko martxoaren 24an estatutuari 1992/9 Lege Organikoa gehitu zitzaion, Espainiako Gobernuak eta Errioxakoak adostutako eskumen gehigarrien trasferentzia gauzatzeko. Eguneraketa Errioxako Parlamentuak proposatu zuen 1993ko otsailaren 11ean, PSOE eta PP alderdien babesarekin.

1999ko urtarrilaren 7an, alderdi sozialistak, popularrak eta Ezker Batuak bultzatuta, Estatutuari bigarren eguneraketa bat egin zitzaion; oraingoan ez ziren soilik erkidegoaren eskumenak areagotu, erkidegoaren xedapen orokorrak, erregulazioak, administrazioa, harremanak eta ogasuna ere aldatu ziren. Eguneraketa egiteko proposamena urte bat lehenago aurkeztu zen, 1998ko martxoaren 16an.

2002an ere aldaketa txiki bat egin zitzaion estatutuari: lehen xedapen gehigarriko lehen atala eguneratu zen, erkidegoaren finantzaketa araudia aldatzeko 2002/22 Legearen bidez.

Edukia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiar Estatuko autonomia erkidego guztietan bezala, estatutua Errioxako Autonomia Erkidegoaren oinarrizko legetzat hartu da eta hura abiapuntutzat hartuta gerora Errioxako Parlamentuak eta Gobernuak lege-oinarri hori hedatu egin dute.

Definizioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errioxako bandera, estatutuan definitua.

Estatutuaren hasieran, sarrerako atalean, Errioxa, bere nortasuna, lurraldea eta antzeko terminoak definitzen dira:

  • Errioxa Errioxako Probintziako udalerriek osatutako autonomia erkidegoa dela adierazten da.
  • Errioxako bandera eta sinbolo adierazgarriak definitzen dira.
  • Errioxako hiriburua Logroño dela adierazten da.
  • Errioxar nortasuna zer den azaltzen da.
  • Errioxarren eskubide eta betebeharrak zehazten dira, Espainiako Konstituzioari erreferentzia eginda.

Eskumenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errioxako Parlamentuaren sarrera, Logroñon. Estatutuan definitzen da Errioxaren organo legegile nagusi gisa.

I atalean erkidegoaren eskumenak zehazten dira eta horiek nola gauzatu behar diren azaltzen da. Eskumen horien artean daude:

  • Autogobernu erakundeak
  • Erkidego barneko lurraldeen erregulazioa
  • Barne merkataritza
  • Erkidego barneko turismoa
  • Erkidego barneko obra publikoak
  • Etxebizitza eskumenak
  • Nekazaritza, ehiza eta arrantza
  • Ikerkuntza eta kultura (gaztelaniaren sustapenari indarra eginez)
  • Kirola
  • Zerbitzu sozialak
  • Osasuna
  • Ingurumena

Antolaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

II, III eta IV ataletan antolamendu politikoa, kudeaketa administratibo eta juridikoa nola gauzatu zehazten da. Horretarako erakundeak definitzen ditu, hala nola, Errioxako Parlamentua, Errioxako Gobernua eta haren presidentea. Errioxako Justizia Auzitegi Gorenaren eginbeharrak eta eskumenak ere definitzen ditu eta aurrekontu autonomikoen erregulazioa eta finantzaketa autonomikoaren iturriak ere zehazten ditu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) «Estatuto de Autonomía de La Rioja — Parlamento de La Rioja» www.parlamento-larioja.org (Noiz kontsultatua: 2023-08-27).
  2. «BOE-A-1982-15030 Ley Orgánica 3/1982, de 9 de junio, de Estatuto de Autonomía de La Rioja.» www.boe.es (Noiz kontsultatua: 2023-08-27).
  3. (Gaztelaniaz) RIOJA, ISABEL B. / ROBERTO S. / CONCHI A. / RTVE LA. (2021-05-13). «El Congreso da luz verde a la tramitación de la reforma del Estatuto de La Rioja» RTVE.es (Noiz kontsultatua: 2023-08-27).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]