2014ko El Tarajalgo tragedia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
2014ko El Tarajalgo tragedia
ElTarajal-680x365.jpg
El Tarajalgo muga, gertakarien lekua. Ezker aldean, Saharaz hegoaldekoak hil ziren itsasertza ikus daiteke.
Gertakaria
Data 2014ko otsailaren  6a
Kokapena El Tarajal
Kalteak
Hilak 15

2014ko Tarajalgo tragediak 2014ko otsailaren 6an Ceutako El Tarajal hondartzako itsasertzean hildako 15 pertsonari egiten dio erreferentzia. 15 pertsonak itota hil ziren Maroko eta Ceuta bereizten dituen dikea igerian gainditzeko ahaleginetan ari zirela, Espainiara etorkin moduan sartzeko asmoarekin. Testigantza zenbaiten arabera, Guardia Zibilak pertsona horien sarrera eragotzi asmoz taldearen aurka egindako ke-sortzaile eta gomazko piloten jaurtiketek eragin zituzten heriotzak. Espainiako Gobernuak, berriz, ukatu egin zituen akusazio horiek eta Guardia Zibilaren jokabidea oro har zuzena izan zela baieztatu zuen.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afrikako herrialdeek Giza Garapen Indize txikienak dituzte mundu osoan. Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialdeetako herritarrek pobrezia gorrian bizi dira: %45ek ez dute ur-hornidura egokirik, %63ek ez dute saneamendu-zerbitzurik eta %32ek nutrizio desegokia pairatzen dute.[1] Bizimodu hobe baten bila, 1980ko hamarkadatik Espainia Afrikatik datozen etorkinen atea da, Gibraltarko itsasartetik, Mediterraneoko kostaldetik, Kanaria uharteetatik eta Espainiako lurraldeak diren eta Marokorekin mugan Afrikako iparraldean dauden Ceuta eta Melillako hirietatik. 1990eko hamarkadan Espainiako Gobernuak hiri horietako mugetan alanbre-hesiak jartzen hasi zen, etorkinen sarrera eragozteko beste azpiegitura batzuekin batera. Horrekin batera, Ceuta eta Melilla hirietara sartzea lortzen zuten etorkinen egoera larritzen hasi zen. Gizaldeko arreta eskasa zen eta maiz Espainiako segurtasun-indarren tratu txarrak eta erasoak pairatu behar izan zituzten. Sartzea lortzen zuten asko Marokora kanporatuak ziren zuzenean. Hiri horietako kanpamenduetan geratzea lortzen zutenak iberiar penintsulara bidaltzen ziren batzuetan, bereziki etorkinen kopurua handiegia zenean, baina gehienetan bazterketa sozialean ez jausteko inongo sostengurik gabe. 1999 urtean Ceutako eta Melillako hesi bikoitzak 2.5 mtik 3.5 mtara altxatu zituen Espainiako gobernuak. Espainian, "legez kanpoko" etorkin horiek kondizio penagarrietan bizi ziren gobernuak prestatutako zentroetan eta Marokon poliziaren tratu txarrak pairatzen zituzten hesien inguruko mendi eta basoetako etorkinen kanpamenduetan. Aldiro, etorkinen heriotzak ere gertatzen dira Maroko nahiz Espainiako segurtasun-indarren esku hartzeetan, testigantza anitzen arabera. 2005 urtean 14 Saharaz hegoaldekoar hil ziren hesiak gainditu nahian, horietako batzuk tiroz eta poliziak jipoituta. Bitartean, Maroko eta Espainiaren arteko liskar diplomatikoak areagotu ziren, egoeraren errua elkarri botaz. Urte horretan bertan, PSOE alderdiak zuzenduriko Espainiako gobernuak hesiak 6 metrotara altxatu eta txarrantxa-biribilkiak zabaldu zituen hesietako goialdeetan. Hesi hauek hesiak gainditzen saiatzen ziren etorkinei eragiten zituzten zauriak direla eta, salaketa ugari izan ziren gizarte mugimenduen aldetik. Azkenik, 2007 urtean txarrantxa-zati batzuk erretiratu eta bi hesien artean metalezko soka lodien anabasa jarri ziren bi hesien artean, soka hauek hesietatik etorkinak erortzean eragin zitzaketen zauri larriak kontuan hartu gabe. Neurri hauekin etorkinen hesi-saltoak neurri handi batean geldiarazi ziren. 2013 urtean, ordea, hesi-salto "masiboak" (azkenik hesiak gainditzen dituztenak gutxi izan arren) ugaldu ziren eta PP alderdiak zuzenduriko Espainiako gobernuak txarrantxak ezarri zituen berriz ere, eragiten zituzten zaurien frogak begi bistakoak izan arren eta salaketei muzin eginez. 2014 urtearen hasieran Ceuta eta Melilla hirietara sartzeko asmoarekin ehunkada Saharaz hegoaldekoar daude hesien inguruetako kanpamenduetan eta milaka inguruko herri eta hirietan. Kopuru hauek gehiegiz zenbatetsi zituen Espainiako Gobernuak, GKE batzuk salatu zutenez, espainiar gizartean kezka zabaldu eta horrela prestatzen ari zen errepresio-neurriek harrera hobea izan zezaten.[2][3]

Gertakariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

El Tarajal Ceutako hego-ekialdeko mugan dagoen aduana eta hondartza da. Hondartzako muga dike batek eta horren gainean eraikitako alanbrezko hesi batek osatzen dute. Hondartzatik gertu ibilgailu eta pertsonentzako muga-pasabide bereiziak daude.

2004ko otsailaren 6an, goizaldeko 5:45etan 200-400 Saharaz hegoaldekoarren talde bat ekialdetik inguratu zen El Tarajalgo aduanara, inguruko kanpamenduetatik.[4] Espainiako Guardia Zibilak inguruan jarritako kamara termikoen bidez ohartu zen mugimenduaz. Marokoko segurtasun-indarrei horren berri ematen zitzaien. 07:30 aldera Tarajalgo pasabideak oldarrez zeharkatzen saiatu ziren, baina Guardia Zibilak blokeatu ondoren atzera egin behar izan zuten. Korrika hondartza aldera abiatu ziren. Horretarako, azpiko pasabide bat pasa behar zuten. Marokoar segurtasun indarrak etorkinak blokeatzen saiatu ziren puntu honetan, baina 100 lagun inguru bakarrik geldiarazi zituzten. Zeramatzaten flotagailuak zulatu egin zizkieten horietako batzuei. Gehienak, 200-250 pertsona inguru, hondartzara heldu eta mugako dikea gainditzen saiatu zen, arrokei helduta nahiz igerian.[5] Dikean bertan, hesiaz bestaldean, nahiz El Tarajal hondartzan Guardia Zibila zegoen haien sarrera eragozteko.[6][7] Horretarako, Guardia Zibilak gomazko pilotak jaurti zituen haien aurka. Etorkin batzuk hondartzara iristea lortu zuten, baina berehala Marokora kanporatu zituen Guardia Zibilak, legez kanpokoa den berehalako itzulketaz. 15 pertsona uretan hil ziren. Hurrengo egunetan zehar, 5 gorpu Espainiako uretan aurkitu zituzten eta identifikatu gabe lurperatu ziren Ceutako hilerrian; beste 10 gorpu Marokoko uretan berreskuratu zituzten.

Iturri ofizialen bertsio kontrajarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iturri ofizialen aldetik bertsio kontrajarriak plazaratu ziren gertakarien inguruan. Gertakarien egunean bertan Ceutako Gobernu Delegatuak eta Guardia Zibilaren txostenek uretan zeuden etorkinen aurka tiro egin zenik ukatu zuen. Pilota jaurtiketak hesiaren gainetik eta ibilbide parabolikoaz egin zirela eta etorkinen sekulako indarkeria erabili zutela adierazi zuen.[8] Hondartzara inor heldu zenik ere ukatu zen.[9] Horrekin batera Guardia Zibilaren lana goraipatu zuten; Ceutako Gobernu Delegaritzatik Guardia Zibila kriminalizatzea bidegabea eta justifikazezina zela baieztatu zen, guardia zibilek euren bizitza arriskuan jarriz urtero milaka pertsonaren bizitzak salbatzen dituztela eta haien lana herritar guztien eredu eta harro egoteko modukoa dela adieraztearekin batera.[10]

Arsenio Fernández de Mesa Guardia Zibilaren zuzendariak bertsio horiek berretsi zituen hasiera batean baina gero bere hitzak zuzendu eta uretan zeuden etorkinen aurka gomazko pilotak jaurti zirela adierazi zuen.[11][12] Tragediatik astebetera Jorge Fernández Díaz Barne Ministroak guardia zibilek gomazko pilotak erabili zituztela aitortu zuen Espainiako Kongresuan, ke-sortzaile eta jaurtigairik gabeko tiroekin batera, betiere Espainiako uretan eta material horrekin muga-lerro bat marrazteko helburuarekin, inoiz ez etorkinen aurka. Gainera, etorkinak hondartzara hurbiltzean tiro egiteari utzi zioten guardia zibilek, haren esanetan.[13] Hasiera batean baieztatutakoaren aurka, 23 pertsona Espainiara heldu eta Marokora kanporatu zirela aitortu ere egin zuen, ustezko mulga malguaren kontzeptua erabiliz.[14][15]

Gizarte erreakzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gobernuz kanpoko erakunde zenbaitek Espainiako agintarien bertsioak ukatu eta Guardia Zibilaren jokabidea salatu zuten Espainiako Fiskaltza Nagusiaren aurrean, lekuko anitzen testigantzetan oinarrituta. Uretan zeuden etorkinen aurka, horietako asko igerian jakin gabe eta eskuz egindako flotagailuekin, zuzenean gomazko pilota, ke-sortzaile eta jaurtigairik gabeko kartutxoak bota zirela salatu zuten. Aldi berean, dikearen inguruetan Guardia Zibilaren txalupa bat egon arren, ito beharrean zeuden pertsona horiek ez laguntzea salatu zuten; areago, txalupa honetatik tiro egin, kolpeak eman eta flotagailuak zulatu egiten zizkieten etorkinei. Itotako pertsonen gorpuak Espainiako uretara ez sartzen ere saiatzen ziren txalupa horretatik. Izan ere, bost gorpu zenbait egunetan egon ziren mugako uretan alde bateko zein besteko agintariek horien ardura jaso gabe. Marokora egindako legez kanpoko berehalako itzulketak ere salatu ziren.[16] Maroko aldeko hondartzan gorpuak jaso eta horien inguruan beste etorkinak bildu zirenean otoitz egiteko, hesi gainetik Guardia Zibilak tiroak egiten jarraitu zuen, testigantza horien arabera.[17]

Erreakzio politikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Gobernuak tragedian izan zezakeen erantzukizunak eztabaida politiko bizia sortu zuen Espainian. PSOE alderdiak, Geroa Bai eta BNGk alderdiekin batera, ministroaren agerpena eskatu zuten Espainiako Kongresuko Barne Politikarako Batzordean, azkenik ministroaren beraren borondatez gertatu zena. Agerpen horretan ministroak bertsio ofizialak zuzendu zituen, Guardia Zibilaren Zuzendariaren eta Ceutako Gobernuko Delegatuaren bertsioak ukatuz inplizituko, horiei ardurarik eskatu gabe hala eta guztiz ere.[18] Agerpen horren ondoren, PSOE alderdiak Guardia Zibilaren Zuzendariaren eta Ceutako Gobernuko Delegatuaren dimisioak eskatu zituen. Gobernutik dimisio hauen aukera baztertu egin zen guztiz eta Guardia Zibilaren lana oinarriko eskubideen alde nabarmendu zen.[19][20] Juan José Imbrodak, Melillako presidenteak, «istiluen aurkako bitartekoak erabili ezin badira (...), orduan azafatak eta harrera-komiteak jartzen ditugu» purrustada bota zuen, hedabideetan asko zabaldu zena eta Guardia Zibilari egindako kritikekin dei efektu sortzen zela adierazi zuen, haiei egindako «lintxamendua» salatzearekin batera.[21] Tragediatik bi astera, otsailaren 20an, Jorge Fernández Díaz Barne Ministroari dimisioa eskatzeko bozketa izan zen Espainiako Kongresuan. Bozketan dimisioa ez eskatzea erabaki zen, PP alderdiak aurkako botoa eman eta PSOE eta UPyD alderdietako diputatuek abstenitu eta beste alderdi guztietako ordezkariek aldeko botoa emanda. Martxoaren 4an ikerketa-batzorde bat antolatzeko eskaera egin zen Espainiako Kongresuan. PP alderdiak eskaera horri betoa jarrita, eskaera ez zen aurrera atera. Kataluniako Parlamentuak, bere aldetik, giza eskubideen urraketaren ondorioz izateagatik gertakariak salatu eta Espainiako Barne Ministroaren dimisioa eskatu zuen, PP alderdiaren ezezko eta Ciudadanos alderdiaren abstentzio soilarekin.[22] Martxoaren 5ean, Fernández Díaz barne-ministroak Tarajalgo muga bisitatu zituen eta 40.000 mila etorkin Espainiara sartzeko asmotan zirela adierazi zuen hedabideen aurrean, immigrazio-mafiak bultzaturik; adierazpen horiek gizartean etorkinei buruzko larritasuna sortzeko asmoarekin eginak zirela salatu zuten.[23][24]

Tragediaren ondorengo judiziala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2015eko urrian, Ceutako 6. Instrukzio Epaitegiko Carmen Serván epaileak inputatutako Guardia Zibilaren 16 agenteen aurkako kausa artxibatzea erabaki zuen, gomazko piloten erabilera egokitzat hartuta eta etorkinei laguntza eman ezaz errugabetuta.[25]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz)   Cruz Roja Española (2008) Migraciones africanas hacia Europa .
  2. (Gaztelaniaz)   Zamorano Galán, Miguel El salto de la valla, Melilla, 24-4-2013: Anotaciones y reflexiones. .
  3. (Gaztelaniaz)   SOS Racismo Informe Frontera Sur (1995-2006): 10 años de violación de los derechos humanos' .
  4. (Gaztelaniaz)   «"La Guardia Civil nos ha disparado con balas de goma cuando estábamos en el agua"» eldiario.es/desalambre 2014-02-06 .
  5. (Gaztelaniaz)   Caminando Fronteras (2014ko martxoa) Informe de análisis de hechos y recopilación de testimonios de la tragedia que tuvo lugar el 6 de febrero de 2014 en la zona fronteriza de Ceuta .
  6. (Gaztelaniaz)   «Tragedia en la frontera de Tarajal» elpais.com 2014-02-06 .
  7. (Gaztelaniaz)   «La versión del ministro del Interior» elpais.com 2014-02-13 .
  8. (Gaztelaniaz)   «"No puede haber disparos a los inmigrantes porque hay barreras que lo impiden"» cadenaser.com 2014-02-06 .
  9. (Gaztelaniaz)   «La Guardia Civil calcula que fallecieron 14 inmigrantes en el espigón de Ceuta» elpais.com 2014-02-07 .
  10. (Gaztelaniaz)   «El Gobierno ve 'desmedidas' las críticas a la actuación de la Guardia Civil con los inmigrantes en Ceuta» elmundo.es 2014-02-08 .
  11. (Gaztelaniaz)   «La Guardia Civil ocultó en sus informes la carga con pelotas de goma en el agua» elpais.com 2014-02-20 .
  12. (Gaztelaniaz)   «La Guardia Civil niega contradicciones con la versión del ministro del Interior» elpais.com 2013-02-14 .
  13. (Gaztelaniaz)   «Una tragedia de 10 minutos y 14 muertos» elpais.com 2013-02-13 .
  14. (Gaztelaniaz)   «La frontera elástica: la aportación de Jorge Fernández Díaz al derecho internacional» publico.es 2014-02-13 .
  15. (Gaztelaniaz)   «Doce contradicciones y enigmas sobre la tragedia de Ceuta» elmundo.es 2014-02-14 .
  16. (Gaztelaniaz)   «Varias ONG denuncian en Fiscalía la actuación de la Guardia Civil en la tragedia de Ceuta» europapress.es 2014-02-10 .
  17. (Gaztelaniaz)   Denuncia Penal a la Fiscalía General del Estado 2014-02-10 .
  18. (Gaztelaniaz)   «Jorge Fernández pide comparecer en el Congreso para explicar la tragedia de Ceuta» lavanguardia.com 2014-02-07 .
  19. (Gaztelaniaz)   «La versión oficial sobre Ceuta amenaza la continuidad del jefe de la Guardia Civil» elpais.com 2014-02-14 .
  20. (Gaztelaniaz)   «http://politica.elpais.com/politica/2014/02/14/actualidad/1392392748_542041.html» elpais.com 2014-02-14 .
  21. (Gaztelaniaz)   Imbroda: "Si no se pueden usar antidisturbios, sólo falta poner azafatas de bienvenida" 2014-02-18 .
  22. (Gaztelaniaz)   «El Parlament pide la dimisión de Jorge Fernández por la tragedia de Ceuta» elpais.com 2014-02-13 .
  23. (Gaztelaniaz)   «El ministro del Interior acude a Ceuta y Melilla ante la situación “de emergencia”» elpais.com 2014-03-05 .
  24. (Gaztelaniaz)   «El jeroglífico de los 40.000 sin papeles» elpais.com 2014-03-04 .
  25. (Gaztelaniaz)   El juez archiva la causa de la muerte de 15 inmigrantes en El Tarajal .