52 hertzeko balea

Wikipedia, Entziklopedia askea
52 hertzeko seinalearen espektrograma.

52 hertzeko balea, Balea bakartia edo Whalien 52 bezala ere ezaguna, identifikatu gabeko espezie bateko balea bat da, ustez bere motako bakarra, 52 hertzeko ezohiko frekuentzian abesten duena. Antzeko migrazio-patroiak dituzten beste balea espezie batzuekin alderatuta, frekuentzia hau askoz ere altuagoa da: balea urdina (10-39 Hz) eta zere arrunta (20 Hz)[1]. 1980ko hamarkada amaieratik haren deia tarteka hauteman da leku askotan, eta badirudi frekuentzia horretan abesten duen balea bakarra dela. Balea bera, ordea, ez da inoiz ikusi; hidrofonoen bidez bakarrik entzun da. "Munduko balearik bakartiena" bezala deskribatu izan da, nahiz eta 2010az geroztik noizean behin 52 hertzeko bigarren balea batenak izan litezkeen grabazio potentzialak aurkitu diren, aldi berean beste leku batean entzundakoak.[2][3]

Balea honen ikerketa egin zuen taldea ez zen eroso sentitzen "balea bakartia"-ren kontzeptuarekin eta honek jasotako atentzio mediatiko guztiarekin; jendeak balearengan ikusten zuen "bakardadea" giza emozioekin lotutako zerbait zela argudiatuz[4].

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Seinalea ipar-ekialdeko Ozeano Barean grabatu zen. Hamar aldiz azkartu da, eta tonua 520 Hz-ra igo da.

Arazoak fitxategi hau entzuteko? Ikus multimedia laguntza.

Soinu-sinadura balea batena da, ezohiko frekuentzia batean bada ere. 52 hertzekin, kontrabaxu baten notarik baxuena baino pixka bat altuagoa da. Dei-patroiek ez dute balea urdinaren eta zere arruntaren patroien antzik; askoz ere altuagoa da frekuentzia, motzagoak dira eta maiztasun handiagokoak[5]. Balea urdinek 10-39 Hz-eko frekuentzia izaten dute normalean[6], eta zere arruntek 20 Hz-ekoa[1]. Balea horren 52 hertzeko deiak oso aldakorrak dira errepikapen, iraupen eta sekuentzia patroietan, baina erraz identifika daitezke, frekuentzia eta multzokatze bereizgarria dutelako[7]. 1992az geroztik deiak pixka bat baxuago bihurtu dira, 50 hertz ingurura iristeraino, bale hazi edo heldu egin dela adieraziz.[3]

52 hertzeko balearen migrazio-bidea ez dago lotuta beste bale-espezie batzuen presentziarekin edo mugimenduarekin[8]. Balea urdinen antzeko mugimenduak izan dituzte, baina haien denbora zere arrunten antzekoa izan da[7]. Ozeano Barean antzematen da urtero abuztutik abendura, eta hidrofonoen irismenetik kanpo mugitzen da urtarriletik otsailera. Iparralderantz, Aleutiarrak eta Kodiak Artxipielagoraino iristen da; eta hegoalderantz, Kaliforniako kostalderaino, egunean 30 eta 70 km artean igeri eginez. Denboraldi bakoitzean egindako distantzia 708 km-tik 11.062 km-ra bitartekoa izan da.[9]

Woods Hole-ko Ozeanografia Erakundeko zientzialariak ez dira gai izan balearen espeziea identifikatzeko. Sortzetiko eritasunen bat izan dezakeela edo balea urdinaren hibrido bat izan daitekeela pentsatu dute. Gorreria duten pertsonek ikerketa-taldea kontaktatzen dute maiz, balea gorra ere izan daitekeen galdetzeko[10].

Ohiz kanpoko frekuentzia altuko ahotsaren jatorrian dagoen kausa biologikoa edozein dela ere, ez dirudi bere biziraupenerako kaltegarria denik.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

52 hertzeko balearen migrazio-tartearen gutxi gorabeherako mapa.

52 hertzeko balea Woods Hole-ko Ozeanografia Erakundeko talde batek aurkitu zuen. Haren deia 1989an atzeman zen lehen aldiz, eta gero berriz ere 1990ean eta 1991n[9]. 1992an, Gerra Hotza amaitu ondoren, Ameriketako Estatu Batuetako Itsas Armadak SOSUS urpeko hidrofono multzoen grabazioak eta zehaztapen teknikoak partzialki desklasifikatu zituen, eta SOSUS ikerketa ozeanografikorako erabilgarri jarri zuen. Honen ondoren, 12 urtetan zehar urtero entzun zen.[4]

Komunikabideetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Telebista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

52 hertzeko balea eskola-proiektu gisa izendatu dute telebistako Little Demon programan.

Zinema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

The Loneliest, balea bakartienaren bila dabiltzan bi emakumeri buruzko dokumental labur faltsua, 2014ko apirilean egin zuen Lilian Mehrelek, Alfred P. Sloan Fundazioarekin.[11][12]

52Hz, I Love You filme taiwandarraren izenburua balea honetan inspiratuta dago, eta metafora gisa erabiltzen du maitasuna bilatzean izandako bakardadea irudikatzeko.

The Phantom 52 izeneko film labur animatua, Sundance Zinemaldian estreinatu zena 2019ko urtarrilean. Filma Geoff Marslettek idatzi eta zuzendu du, eta Tom Skerritt da balea bakartia. Phantom 52 mundu osoko 60 zinema-jaialditan baino gehiagotan egon zuen, eta dozena-erdi bat sari irabazi zituen.[13]

2021eko uztailaren 9an, Bleecker Streetek dokumental luze bat argitaratu zuen, The Loneliest Whale: The Search for 52 izenekoa, Joshua Zeman-ek zuzendua eta Leonardo DiCaprio eta Adrian Grenier ekoizle exekutibo bezala.[14] Filmak Zeman eta bost zientzialari eta ozeanografo jarraitzen ditu, Kaliforniako kostan zehar balea bilatzen duten bitartean. Kickstarterren kanpaina baten bidez finantzatuta, filmak kritika positiboak jaso zituen kritikarien artean, eta % 86ko onarpen-indizea izan zuen Rotten Tomatoes-en 35 erreseinetan oinarrituta.[15][16] Time aldizkariko Stephanie Zacharek-ek filma "aldi berean indartsua eta lasaigarria" dela esan zuen, eta Katie Walsh-ek Los Angeles Times egunkarian filma "Moby Dick modernoa" dela idatzi zuen, "joera kontserbazionista" duena, "harritu, gozatu eta eserlekuaren ertzean mantenduko zaituena".[17][18] The Hollywood Reporter-eko Sheri Lindenek idatzi zuenez, "filmaren epilogoak ezusteko amaiera ematen dio", balea urdin eta zere arruntaren hibrido baten begiztatzeari erreferentzia eginez, 52Hz-ko deien iturria dela uste den balea.[19]

Musika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Colin Stetson saxofoi jotzaile eta konpositorearen 2013ko New History Warfare Vol. 3: To See More Light albumak "Part of Me Apart From You" izeneko abestia zuen. Nahiz eta ez den esplizituki 52 hertzeko baleari buruz idatzia, kanta zuzenean abestu zuen lehen aldian, behin baino gehiagotan esan zuen "balea bakartienaren" historiak sakonki eragin zuela haren konposizioan. "Balea hau bakarrik dago ur masa handi batean, igerian, bere abestia abesten, inoiz aurkituko ez duen berdin bati deika", esan zuen abestia aurkezterakoan, Torontoko Great Hallen, 2013ko maiatzaren 19an. "Abesti hau jotzen dudanean, balea honengan pentsatzen dut ezinbestean, une honetan bakarrik kantatzen ari baita".[20]

Hego Koreako BTS taldearen 2015eko The Most Beautiful Moment in Life, Pt. 2 albumak "Whalien 52" izeneko abestia du; 52 hertzeko balea erabiltzen du esplizituki gazteek sentitzen duten bakardade edo isolazio sentsazioaren metafora moduan.[21]

Kathryn Roberts eta Sean Lakeman folk bikote ingeles ezagunak "52 Hertz" abestia sartu zuen 2015eko Tomorrow Will Follow Today albumean. Kanta baleari buruzkoa da, eta koruan "52 Hertz, 52 Hertz, inork entzun ezin duen maitasun-kanta bat abesten ari naiz" esaldia dauka[22].

Bratislavako eslovakiar postpunk talde bat dago, munduko balerik bakartienaren izena duena: 52 Hertz Whale.[23]

Liburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2020an, Sonoko Machida nobelagile japoniarrak 52-Hertz Whales eleberria argitaratu zuen. Eleberri horretan, balea anomaloa kasualitatez aurkitzen diren "ahotsik gabeko" pertsona bakartien metafora da.[24]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Ingelesez) Copley, John. «Lonely whale's song remains a mystery» New Scientist (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).
  2. Fessenden, Marissa. (2015-04-15). «Maybe the World's Loneliest Whale Isn't So Isolated, After All» Smithsonian magazine.
  3. a b Watkins, William A.; Daher, Mary Ann; George, Joseph E.; Rodriguez, David. (2004-12). «Twelve years of tracking 52-Hz whale calls from a unique source in the North Pacific» Deep Sea Research Part I: Oceanographic Research Papers 51 (12): 1889–1901.  doi:10.1016/j.dsr.2004.08.006. ISSN 0967-0637. (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).
  4. a b Mulvaney, Kieran. (26 January 2017). «The loneliest whale in the world?» Washington Post.
  5. «52 Hertz: The Loneliest Whale in the World - Animal News: Animal Planet» web.archive.org 2013-12-24 (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).
  6. «Cornell Lab of Ornithology: Bioacoustics Research Program» web.archive.org 2015-02-26 (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).
  7. a b (Ingelesez) Watkins, William A.; George, Joseph E.; Daher, Mary Ann; Mullin, Kristina; Martin, Darel L.; Haga, Scott H.; DiMarzio, Nancy A.. (2000-02). Whale call data for the North Pacific : November 1995 through July 1999 occurrence of calling whales and source locations from SOSUS and other acoustic systems. (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).
  8. (Ingelesez) Revkin, Andrew C.. (2004-12-21). «Song of the Sea, a Cappella and Unanswered» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).
  9. a b (Ingelesez) «A Lone Voice Crying in the Watery Wilderness» https://www.whoi.edu/ (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).
  10. (Ingelesez) Revkin, Andrew C.. (2004-12-26). «A Song of Solitude» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).
  11. Revkin, Andrew C.. (2015-02-17). «Filmmakers Set Sights on '52', the World's Loneliest Whale» The New York Times.
  12. The Loneliest (a short film by Lilian Mehrel). .
  13. The Phantom 52. Sundance Institute.
  14. «The Loneliest Whale - Bleecker Street» Bleecker Street.
  15. «Help Find the Lonely Whale with Adrian Grenier & Josh Zeman» Kickstarter.
  16. «The Loneliest Whale: The Search for 52» Rotten Tomatoes.
  17. «The Loneliest Whale Brings Us on an Invigorating Search for an Elusive Creature of the Deep» Time.
  18. «Review: ‘The Loneliest Whale’s’ song resonates in the 21st century» LA Times.
  19. Linden, Sheri. «Review: ‘The Loneliest Whale: The Search for 52’: Film Review» The Hollywood Reporter.
  20. Monroe, Jazz. (May 20, 2013). «Colin Stetson – The Great Hall, Toronto ON, May 19» exclaim!.
  21. Benjamin, Jeff. (2 December 2015). «BTS Succeeds With Mixed Styles, Emotions on 'Most Beautiful Moment in Life, Pt. 2'» Billboard.
  22. (Ingelesez) «Kathryn Roberts and Sean Lakeman - Tomorrow Will Follow Today» Folk Radio UK 2015-02-25 (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).
  23. https://www.discogs.com/artist/7219049-52-Hertz-Whale
  24. Yoshikawa, Akiko. (10 January 2021). 「52ヘルツのクジラたち」町田そのこさんインタビュー 虐げられる人々の声なき声をすくう. .

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]