Joaquim Veríssimo Serrão
Joaquim Veríssimo Serrão (Tremês, Santarém, 1925eko uztailaren 8a) portugaldar historialaria da.
Biografia
Coimbrako Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta Portugalgo Kultura irakatsi zuen hamar urtez Okzitaniako Tolosako Unibertsitatean (Frantzian). 1961ean, Lisboako Unibertsitateko Letretako Fakultatean hasi zen eskolak ematen. Portugalgo Kultura Zentroaren zuzendari izan zen bost urtez, Parisen, eta Endrike Infantearen Institutu Historikoa ere zuzendu zuen. 1973tik 1974ra, Lisboako Unibertsitateko errektore izan zen, eta, 1975ean, Portugalgo Historia Akademiaren lehendakari izendatu zuten.
Ehundik gora ikerkuntza-lan idatzi ditu Portugal, Espainia, Brasil, Europa eta Iberoamerikako historiaz: Portugalgo historia hemezortzi liburukitan (1977-2010), Portugalgo historiografiaren historia laburra, Portugaldarrak eta Tolosako Unibertsitatea, Unibertsitateen historia, Marcelo Caetano, Portugal munduan, Joan II.aren ibilbidea, Brasil filipinarretik 1640ko Brasilera, Portugalen eta Frantziaren arteko harreman historikoak eta abar.
Ospe handiko historialaria da, eta Gizarte Zientzietako Asturiasko Printzea saria jaso zuen 1995ean, ordura arte egindako ikerkuntza-lan zehatz eta argiaren sarigarri.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.