Edukira joan

Adelina Fernández Pérez

Wikipedia, Entziklopedia askea
Adelina Fernández Pérez
Bizitza
JaiotzaMiranda do Douro, 1889
HeriotzaBilbo1938ko abenduaren 3a (48/49 urte)
Heriotza moduafusilamendua
Jarduerak
Jarduerakarrain-saltzailea

Adelina Fernández Pérez (Miranda de Douro, Portugal, 1889Bilbo, Bizkaia, 1938ko martxoaren 12a) Lanaren Konfederazio Nazionaleko (CNT) kidea izan zen. Arrain-salzailea, alarguna eta 6 seme-alaben ama. Espainiako 1936ko Gerra garaian, atxilotu, espetxeratu eta heriotz zigorra ezarri zioten. Francisco Francok eman zuen jakitera ezarritako heriotz zigorra eta Bilbon fusilatu zuten.[1][2]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adelina Fernández Pérez Portugalgo Miranda del Duero herrian jaioa zen. 1937ko irailean 48 urte zituen eta alarguna zen. Senarra 1937ko martxoan hil zen gutxi gorabehera, meatzari lanetan. 6 seme-alaba zituen, horietako bi 19 urteko Margarita eta 16 urteko Isaias. Arrain saltzaile lan egiten zuen eta Begoñan bizi zen, zehazki Sagarminaga kaleko 75. zenbakian, hirugarren eskuinean.[1]

Galdeketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1937ko irailaren 24an, amari eta alabari galdeketa egin zieten Begoñako Guardia Zibilaren postuan, "gorrien alde egitea" egotzita. Adelinak eta alabak esan zuten CNTko kide zirela. Beste emakume talde batek Itsasadarrera bota zuten emakume baten hilketari buruz galdetu zieten. Adelinak adierazi zuen azokako plazara zihoala arraina saltzera, eta hilketaren lekuko izan zela, baina emakumea uretan zegoela jada, eta ezin izan zuela haren alde ezer egin. Guardia Zibilak miatu zuenean etxean ezkutatuta zergatik zegoen ere galdetu zioten, eta une horretan bere dendako gauzak gordetzen ari zela erantzun zuen.[1]

Espetxeratzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bai Adelina, bai alaba Margarita Larrinagako espetxera eraman zituzten irailaren 24an bertan.[1]1937ko urriaren 16an, Ikerketa eta Zaintza Komisaldegiak jakinarazi zuen Adelina "portugaldarra" izenez ezaguna, etxetik goiz irteten zela lanera eta ez zela gauera arte itzultzen; "auzoan jokabide ona zuen, eta ez zitzaion kidetza politikorik ezagutzen; oso hiztuna zen, baina inork ezin zion leporatu Mugimenduaren aurka agertu zenik". Agenteek egindako salaketa bakarra izan zen Adelinak Santanderrera ihes egin zuela frankistek Bilbo konkistatu zutenean.[1]

Heriotz zigorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fiskalak Adelina Fernándezentzat heriotza-zigorra eskatu zuen, komunista izatea leporatu baitzioten, besteak beste, eskuineko emakume baten hilketan parte hartu izana, "horregatik Euzkadiko Gobernuak ere atxilotu baitzuen". Haren alaba Margaritari CNTko kide izatea, borondatezko milizianoa izatea eta "pistola bat eta bonba batzuk putzu batera botatzea" leporatu zioten. Hori zela eta, fiskalak betiko espetxeratze zigorra eskatu zuen.[1]

1937ko azaroaren 29an auzitegi militarrak epaia eman zuen, Adelina Fernández Pérez heriotza-zigorrera eta Margarita Serrano Fernández sei urte eta egun bateko espetxe-zigorrera kondenatuz. Francisco Francok eman zuen jakitera ezarritako heriotz zigorra eta 1938ko martxoaren 12ko goizaldean fusilatu zuten Adelina Bilbon.[1]

Alaba Margaritak 1940ko ekainaren 29an berreskuratu zuen askatasuna, Durangoko Emakumeen kartzelatik irtetean.[1]

Aintzatespenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orue txaleteko emakumeen kartzela
  • 2022ko azaroaren 25ean Frankismo garaian hiriko kartzeletan errepresaliatutako emakumeak omendu zituen Bilbok, lore eskaintza batekin eta Santutxuko Orue txaleta oroitzeko plaka baten inaugurazioarekin. Adelina Fernández omenduen zerrendan azaltzen zen.[3][4][5]
  • 2023ko azaroaren 25ean Baskale, Akelarre, PCE-EPK, Eusko Lurra Fundazioa, CNT eta Santutxuko Familia Elkarteak omenaldia egin zieten Orueko txaleteko Emakumeen kartzelan, frankismoak emakumeen aurka aplikatu zuen indarkeria sistematikoagatik preso egon ziren emakumeei, haien artean Adelina Fernandezi.[6]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h «Bilbaopedia - Adelina Fernández Pérez» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2024-06-25).
  2. «Adelaida Fernández Pérez. Fusilatua» 15Mpedia (Noiz kontsultatua: 2024-06-25).
  3. SL, TAI GABE DIGITALA. (2022-11-26). «Bilbo homenajea a las mujeres represaliadas por el franquismo» naiz: (Noiz kontsultatua: 2024-06-25).
  4. «Bilbok omenaldia egiten die frankismoak errepresaliatuei» Electomanía 2022-11-26 (Noiz kontsultatua: 2024-06-25).
  5. Press, Europa. (2022-11-26). «Bilbao homenajea a las represaliadas por el franquismo con una placa dedicada a las encarceladas en el chalet de Orue» www.europapress.es (Noiz kontsultatua: 2024-06-25).
  6. Confederal, Secretaría de Comunicación Comité. (2023-11-23). «25N: acto de memoria por las mujeres represaliadas en Bilbao» Confederación Nacional del Trabajo (Noiz kontsultatua: 2024-06-25).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]