Ahotsak (talde politikoa)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Artikulu hau emakumezko politikariek sortutako ekimenari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ahotsak (argipena)».

Ahotsak taldea emakumezko politikari talde batek sortu zuen talde bat izan zen. 2006an eratu zen orduko ETAren suetenaren aroan. 2006ko apirilaren 8an agerpen publiko bat egin zuten Donostian, eta bakearen aldeko manifestu bat argitara eman zuten.

Bultzatzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hego Euskal Herriko espektro politikoko hainbat emakumezko politikarik hartu zuten parte ekimenean, salbu eta PP eta UPNkoek. Bultzatzaile nagusienen artean zeuden Gemma Zabaleta (PSE-EE), Jone Goirizelaia (Batasuna izan zenekoa), Kontxi Bilbao (Ezker Batua), Ainhoa Aznárez (orduan PSNkoa), Nekane Altzelai (EA), Gema González De Txabarri (EAJ), Nekane Erauskin (EHAK) eta Aintzane Ezenarro (Aralar).[1] Aurkezpen ekitaldian izan ziren halaber Nafarroa Bairen eta Abertzaleen Batasuneko kide batzuk, eta ELA, LAB eta UGT sindikatuetako ordezkariak[2].

2006ko maiatzean Katalunian Dones Catalanes per Ahotsak ekimena aurkeztu zen, 300 sinatzailerekin, euskal ekimenaren alde egiteko. Haien artean zeuden Gemma Calvet legelaria, Lourdes Muñoz (PSC), Imma Mayol (ICV), Carme Porta (ERC) edo CIU Mercè Pigem (CiU).[3]

Manifestua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2006ko apirilean publiko egin zuten agirian hala zioten Ahotsak-ekoek: "ideologia, tradizio eta sentimendu ezberdinak ditugun emakumeak gara; banatzen gaituena alde batera utzi eta batzen gaituenetik abiatuta, eta modu pertsonalean, bake eta adiskidetzearen bila urratsak esploratu nahi ditugu"[4].

Hiru oinarri proposatzen zituzten bake iraunkorra lortzeko:

1.- Bakea erdiestea eskakizun kolektiboa eta lehentasun politikoa da. Denon lana da, eta ez da soilik eta bakarrik edozein motatako bortxakeria ez egotea. Bakearen kontzeptua, gure iritziz, ez dago hutsik, kontrakoa baizik. Guretzat, demokrazia eta gizarte justiziarekin zerikusia du, gatazka historikoak amaitutzat ematea eta, askatasunak zein eskubideak oinarri gisa, garai bat ixtea ahalbidetuko duen aldaketa prozesu batekin, alegia.

2.- Proiektu politiko guztiak defenda daitezke eta defendatu behar dira, bat bera ere inposatu gabe. Bide politiko eta demokratikoak erabiliz, baldintza berdinetan, proiektu politiko guztiak garatu eta gauzatzea bermatu eta ahalbidetuko duen eszenatoki demokratikoa bilatu behar da.

3.- Euskal gizarteak, Euskal Herriko hiritarrek, egungo marko juridiko-politikoa eraldatu, aldatu edo mantentzeko borondatea baldin badu, guztiok beharrezko diren berme demokratikoak eta adosturiko prozedura politikoak ezarri eta errespetatzeko konpromisoa hartu beharko genuke, euskal gizarteak erabakitakoa errespetatua eta gauzatua izan dadin eta, beharrezkoa balitz, erabaki honek lege araudian bere isla izan dezan[4].

Dokumentu honek 5.000 izenpe baino gehiago bildu zituen urtea amaitu baino lehen, eta Bilbon ekitaldi batean beste agerpen batekin nabarmendu zuten datu hori[5]. Egun batzuk geroago ETAk atentatua egin zuen Barajas aireportuan (bi hildako eraginez), suetena ustez indarrean zela, eta horrek asko apaldu zuen Ahotsak-en jarduera, batez ere suetena ofizialki hautsia zegoela jakinarazi zuenean ETAk (2007ko ekainean). Hala ere, taldea ez zen berez desegin[6].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]