Eusko Alkartasuna
Eusko Alkartasuna | |
---|---|
Idazkari nagusia | Eva Blanco de Angulo |
Sorrera | 1986 |
Egoitza nagusia | Donostia |
Ideologia politikoa | Sozialdemokrata Abertzaletasun independentista Autodeterminazio eskubidea |
Nazioarteko kidetza | Europako Aliantza Librea |
Eserlekuak erakundeetan | Eusko Legebiltzarrean 4 / 75 3 / 50 |
www.euskoalkartasuna.eus | |
Bere gazte erakundea Gazte Abertzaleak da |
Artikulu hau serie honen zatia da: Euskal abertzaletasuna |
Oinarrizko kontzeptuak
|
Koalizio eta alderdi politikoak
|
Sindikatuak
|
Gizarte-eragileak
|
Talde armatuak
|
Eusko abertzale ospetsuak
|
Gertuko kontzeptuak
|
Eusko Alkartasuna (EA), Carlos Garaikoetxeak 1986ko irailean eratutako euskal alderdi politikoa da, EAJren banaketa baten ondorioz.
EAk ezkertiar, sozialdemokrata, abertzale, independentista, europeista, internazionalista, bakezale eta akonfesionaltzat definitzen du bere burua.
Banaketaren ostean, izena aldatzeko unea iritsi zenean, Eusko-Abertzaleak izena hartu nahi zuten, baina norbaitek aurreratu eta izena erregistratu zuen (egun Eusko-Abertzaleak EAJ-ren legebiltzar taldeak darabilen izena da). Beste izen baten bila, Eusko Elkartasuna aukeratu zuten, baina EE Euskadiko Ezkerra alderdiarentzat erabiltzen zen, beraz Elkartasuna Alkartasuna izenaz aldatu zuten.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1986ko irailaren 30ean EA lehenbiziko aldiz aurkeztu zen hautagai (Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeetara), eta 190.000 boto baino gehiago lortu zituen hiru lurralde historikoetan.
1987. urtean egin zen alderdiaren lehen kongresua, eta bertan aukeratu zen Garaikoetxea alderdiko presidente.
EAJtik aldentzeko arrazoiak honakoak izan ziren:
- Carlos Garaikoetxea lehendakariaren eta EAJko buru zen Xabier Arzalluzen arteko liskarrak
- Euskal Autonomia Erkidegoaren konfigurazioa:
- Legebiltzar indartsua eta probintziek botere gutxiago (EA)
- Probintzia indartsuak (EAJ)
- Ezkertiarrak-sozialdemokratak (EA) / Eskuindarrak-liberalak (EAJ)
Banaketa horretan hiri/herri erakunde bakoitzak EArekin edo EAJrekin jarraitzea bozkatu behar izan zuten. Ondorioz EAJren taberna politiko (batzoki) batzuk alkartetxe bihurtu ziren.
2003tik aurrera Nafarroa Bai koalizioaren parte izan zen Nafarroan, Aralar, Batzarre eta EAJrekin batera.
2007. urtearen bukaeran eginiko kongresuan beste alderdi eta eragile abertzaleekin polo subiranozalea osatzeko deia aldezten zuen ponentzia onartu zuen EAk. Horrek alderdian haustura eragin zuen eta ondorio gisa ezker abertzalearekin lan bateratua egitearen aurka zegoen sektoretik Hamaikabat alderdi berria sortu zen. 2011ko urtarrilean EAk, Alternatiba alderdiak eta ezker abertzaleak Euskal Herria ezkerretik akordioa hitzartu zuten. Ondoren, 2011ko maiatzean alderdi horiek, Aralar alderdiaren eszisio izan zen Araba Bai alderdiak eta ezker abertzaleko pertsonen multzo batek Bildu koalizioa osatu zuten. Horren aurretik EA Nafarroa Baitik irten zen.
2011ko Espainiako hauteskunde orokorretara Amaiurren baitan aurkeztu zen, ezker abertzalea, Aralar eta Alternatibarekin batera. Koalizio horrek 7 diputatu eta 3 senatari lortu zituen; horietatik diputatu bat (Rafael Larreina) eta senatari bat (Alberto Unamunzaga) dira EAko kide.
Buruzagitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Presidentetza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1. Manuel Ibarrondo (1986-1987).
- 2. Carlos Garaikoetxea (1987-1999).
Iruñan ospaturiko 1999ko V. Biltzarrean, presidente kargurako ez zela aurkeztuko adierazi zuen[1][2].
- 3. Begoña Errazti (1999-2007)[1][2].
2007ko kongresuaren atarian, presidente kargurako ez zela aurkeztuko adierazi zuen[3][4]. Harrez geroztik, EAJrekiko hurbiltasuna erakutsi du, horrela 2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Urkulluri sostengua eman zion[5].
- 4. Unai Ziarreta (2007-2009).
2009an dimisioa aurkeztu zuen.
- 5. Koldo Amezketa (2009), bitarteko moduan presidenteorde bezala.
2009an presidente kargua ezabatu zen, ondorioz, idazkaritza nagusia zuzendaritza organo gorena izatera igaro zen.
Idazkaritza Nagusia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1. Inaxio Oliveri (1987-1999).
1999an dimisioa aurkeztu zuen. 2001an jarduera publikotik erretiratzea erabaki zuen[6]. 2009an Hamaikabat alderdiaren Eratze Biltzarrean parte hartu zuen[7].
- 2. Gorka Knörr (1999-2004).
2006an EAko kide izateari utzi zion[8].
- 3. Unai Ziarreta (2004-2007).
- 4. Joseba Azkarraga (2007-2009).
- 5. Pello Urizar (2009-2019).
2019an dimisioa aurkeztu zuen.
- 6. Joseba Gezuraga Uribarren (2019), bitarteko moduan.
- 7. Eva Blanco De Angulo (2019-).
Erakundeetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1991tik 2009ra, EAk Eusko Jaurlaritzan parte hartu du, 1992-1995 tartean izan ezik.
1995-1996bitartean Nafarroako gobernuan ibili zen PSN eta CDNrekin batera. Gobernu hark "Dieta Vasco Navarra" bultzatu nahi izan zuen, NFE eta EAEren arteko lankidetza indartuz. Proposamena ez zen inoiz indarrean sartu, 1996ko hauteskunde orokorren ondoren PPk Senatuan atzera bota zuelako.
2009ra arte 3 sail izan zituen bere kargu Eusko Jaurlaritzan: Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza, Ingurumena eta Hezkuntza, Ikerketa eta Unibertsitate sailak.
Legebiltzarkide bat, 2009ko hauteskunde autonomikoetatik: Jesus Mari Larrazabal. Ondoren, Juanjo Agirrezabalak ordezkatu zuen.
2011ko hauteskundeetan, Bildu koalizioa osatu zuen, ezker abertzalea eta Alternatibarekin batera. Koalizio hori garaile izan zen Gipuzkoan, bigarren postua lortu zuen Bizkaian, hirugarrena Araban eta laugarrena Nafarroan. Hiriburuei dagokienez, Donostiako zerrendarik bozkatuena izan zen, halaber.
80ko hamarkada amaieran EAk Iparraldeko lurralde antolakuntza sortu zuen. Modu horretan, Hego eta Ipar Euskal Herrian batera antolatutako lehen alderdia bihurtu zen, 7 zinegotzirekin.
Horrez gain, 2007ko Frantziako Parlamenturako hauteskundeetan Euskal Herria Bai koalizioan aurkeztu zen, AB eta Batasunarekin batera.
Europa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europan Europako Aliantza Libreko kide da, hainbat herrialdetako alderdi nazionalistak, sozialdemokrata alternatiboak eta ekologistak elkartzen dituen alderdia. Mikel Irujo Europako Legebiltzareko kidea da.
Espainian ERC, Chunta Aragonesista, Andecha Astur, Conceju Nacionaliegu Cantabru eta beste hainbat alderdi politikorekin lotura handia du, eta ekintza-ildo bera jarraitzen dute, eta haiekin Europako legebiltzarrerako kandidatura bateratua aurkezten dute, Herrien Europaren Alde.
ERCrekin koalizio batean aurkeztu da hainbatetan, Europako Parlamenturako.
2005. urtean Espainian egindako Europako konstituziorako erreferendumean EAk ezezkoa bozkatzeko eskatu zuen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b (Gaztelaniaz) «Una independiente que se convirtió en presidenta de EA» El Correo 2007-11-28 (Noiz kontsultatua: 2023-09-17).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «EA elige a Begoña Errazti como sustituta de Garaikoetxea sin el consenso del partido» Ultima Hora 1999-11-22 (Noiz kontsultatua: 2023-09-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Muy presidenta para lo bueno y para lo malo» Gara 2007-11-30 (Noiz kontsultatua: 2023-09-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Errazti se va sin referirse a los motivos de su marcha» El País 2007-12-16 ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2023-09-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Urkullu reclama una «cohabitación responsable» de Euskadi con el Estado» El Diario Vasco 2012-10-10 (Noiz kontsultatua: 2023-09-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) «El consejero de Educación vasco, Oliveri, anuncia su retirada de la actividad pública» ABC 2001-05-02 (Noiz kontsultatua: 2023-09-17).
- ↑ «Hamaikabat indarrez» Hamaikabat Usurbil 2009-12-01 (Noiz kontsultatua: 2023-09-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Gorka Knörr confirma que abandona Eusko Alkartasuna» Gara 2006-04-12 (Noiz kontsultatua: 2023-09-17).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Sabin Intxaurraga
- Mikel Irujo
- Anjeles Iztueta
- Esther Larrañaga
- Jesus Mari Larrazabal
- Rafa Larreina
- Imanol Murua
- Patxi Ormazabal
- Juan Jose Pujana
- Maiorga Ramirez
- Alberto Unamunzaga
- Amaiur
- Bildu
- Euskal Herria Bai
- Euskal Herria Bildu
- Ezker abertzalea
- Nafarroa Bai
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskal Autonomia Erkidegoko alderdi politikoak | ||
---|---|---|
Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoak: Ikus, gainera: |