Edukira joan

Aita Donostiari oroitarria

Koordenatuak: 43°15′39″N 1°45′40″W / 43.26086971°N 1.76109444°W / 43.26086971; -1.76109444
Wikipedia, Entziklopedia askea
Aita Donostiari oroitarria
Jatorria
Sortzailea(k)Jorge Oteiza eta Luis Vallet de Montano
Sorrera-urtea1959
Honen izena daramaJose Gontzalo Zulaika
Ezaugarriak
Materiala(k)kareharria
Genero artistikoaarte publikoa
Hizkuntzaeuskara
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaLesaka
Koordenatuak43°15′39″N 1°45′40″W / 43.26086971°N 1.76109444°W / 43.26086971; -1.76109444
Map
Agina gainean (Lesaka) Aita Donostiari eskainitako monumentua

Aita Donostiari oroitarria Agina mendi tontorretik (618 m.) hurbil dagoen izen bereko mendate edo lepoaren (550m.) ondoan dagoen multzo artistiko-monumentala da, NA-4000 edo Lesaka-Oiartzun errepidearen ondoan, Lesakako lurretan. Gainean, historiaurreko harrespilekin batera, Jorge Oteizak eraiki zuen estela eta Luis Vallet de Montano arkitektoak[1] egindako kapera daude.

1956ko irailaren 10ean, Aita Donostia musikologoa hil eta hamar egunera, Aranzadi Elkarteko Batzordeak, ohiko bilkuran, erabaki zuen leku bakarti batean kokatutako monumentu xume batean islatzea fraideari zioten maitasuna eta miresmena eta Aranzadiko bazkide ziren Jorge Oteiza eskultoreari eta Luis Vallet de Montano arkitektoari eskatu zien burutzea. Eskultura eta arkitektura diziplinak batzen ziren.[2]

1959ko ekainaren 20an inauguratu zen.

Mikel Laboa kantariaren errautsak bertan zabaldu zirela eta, Ni ez naiz Mikel Laboa komiki-liburuan bukaeran azaltzen da oroitarria.[3][4]

Aginako gaineko paisaia garrantzitsua da. 50.000 m2 inguruko estazio megalitikoa da, 107 harrespilez, 11 trikuharriz, 4 tumuluz eta menhir batez osatua. Gainalde horretan, giza lan bidez ezarritako kultura-markak daude. Mugarri horiek bizitzaren eta heriotzaren espazio eta errituekin lotuta daude, eta haien antzinako erabilerak K. a. 800 urtera arte atzeratzen dira.[2]

Agina III edo Agina Hego deituriko harrespil multzoa dagoen kaskoan kokatzen da monumentua.[5]

Agina gaineko monumentua, formalki independenteak ziren bi elementuz osatuta geratu zen, lotura komun bezala, geometriaren eredu sinpleekin duten erlazioa izanik. Harrizko hilarriak karratuaren eta zirkuluaren geometria laua duen bitartean, hormigoi armatuzko kaperak, bere parabolide formarekin, geometria analitikoa adierazten du. Horrela, harri-harrespil txikien geometria primitibo sinbolikoarekin lotzen da.[6]

Oteizaren estela-eskultura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Jorge Oteizaren estela-eskultura Agina gainean (Lesaka)

1957ko São Pauloko Bienaleko lanak ia aldi berean sortu zituen.

Estela hiru elementuk osatzen dute: oinarri laua harri beltzez, idulkia harri argiz eta harri nagusia.

Harri nagusia prisma angeluzuzen beltza da, aurpegi karratu batekin, non erliebe bat egiten duen, zirkulu formako hustuketa baten bidez, pixka bat deszentratua, gorantz eta ezkerrera. Zirkulua mendebalderantz begira dagoen kaperaren sarreraren parean dago.[7]

Beste bi harriak bigarren mailakotzat interpretatzen dira, hilarriaren flotagarritasuna irudikatzeko. Flotagarritasun hau bilatuz, estela, harri argiaren gainean hegal bezala eusten da, oinarri egiten duen beste harri beltzetik banandua, eta bere independentzia are gehiago adierazteko, beste norabidean aurpegiak ere ez datoz bat, argi eta garbi, gurutzean jarritako bi elementuz osatutako multzo bat eginez.[8]

Estelaren atzealdean kantutegi herrikoiko bertso hau dago grabatua: “Txori kantazale ederra, nun ote aiz kantatzen?”.[9] Benito Lertxundik Itzaltzuko bardoa kantan berrerabili zuen bertso hau.[10]

Valleten kapera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Luis Vallet de Montano arkitektoaren kapera (aurretik) Agina gainean (Lesaka)
Luis Vallet de Montano arkitektoaren kapera (atzetik) Agina gainean (Lesaka)

Kaperak oskol itxurako paraboloide xume baten itxura hartzen du eta harrizko aldare bat baino ez du estaltzen. Arreta guztia aldarean biltzen da, atzeko beirate biribil eta koloretsuak iragazten duen argiak argitua. Kaperako materiala hormigoi armatua da, 2,8 metro garaienean eta 5 metro zabalenean. Kapera lurraren gainean zuzenean eraikia dago eta, alboetan, bi harrespilek mugatzen dute. Atzealdean beiratearen gainean gurutze bat du. [11]

Joxe Azurmendiren Manifestu atzeratua (1968)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joxe Azurmendik Manifestu atzeratuan (1968)[12] poetikoki adierazten du gure herriaren kondaira pobrea dela, Agiñako zero bat dela, Oteizak Lesakako Agina mendian Aita Donostiari, gorazarrez eskainitako estelaren zirkulu hustua aditzera emanez.

2016an Manifestu atzeratuaren irakurketa gaurkotua egin zuten lau lagunek Aginako zero bat. Kontakizun hutsa izeneko ikus-entzunezko emanaldian.[13] Joxe Azurmendi Kongresua: Euskal pentsamenduaren ur-jauziaren itxierako ikuskizunean (2019) ere taularatu zuten.

Estelari erasoa (1992)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezezagun batzuek 1992an larriki kaltetu zuten Agina mendian kokatuta dagoen Jorge Oteizaren eskultura. Erasotzaileek, Aralar Komando Kulturala eman zioten izena euren buruei, estelaren atzeko aldean egindako pintaketa baten eta bere ondoan utzitako fotokopia batzuen bidez, ingurumena eta arrasto arkeologikoak defendatzen zituztela aldarrikatzen zuten.[14]

Mikel Laboaren errautsak (2008)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2008ko abenduaren 1ean hil zen Mikel Laboa kantariaren errautsak abenduaren 7an zabaldu zituzten Oteizak Aita Donostiaren omenez egindako eskulturaren ondoan, Agina mendian. Ni ez naiz Mikel Laboa komiki-liburuan bukaeran azaltzen da oroitarria.[3][4]

Victor Erizeren Harria eta zerua instalazioa (2019)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2019an Victor Erizek Harria eta zerua[15] filmatu zuen Nafarroan, Bilboko Arte Ederren Museoak ekoitzitako bideo-instalazioa Aita Donostia musikariaren omenez Agina gainean (Lesaka) Jorge Oteizak eta Luis Vallet de Montano arkitektoak egin zituzten lanen inguruan.

Lanak bi zati ditu: 'Eguna espazioa' eta 'Gaua espazioa', hamaika eta sei minutuko iraupena dutenak, hurrenez hurren. Irudiekin batera, Josu Okiñena piano-jotzaileak Aita Donostiaren Andante doloroso pianorako konposizioa jotzen du eta Oteizaren poesiaren bi atal entzuten dira.

Obra 2019ko azaroaren 13an estreinatu zen Bilboko Arte Ederren Museoan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Vallet de Montano Echeandia, Luis - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-08-06).
  2. a b (Gaztelaniaz) ARNAIZ, Ana. «Jorge Oteiza y la estela del Padre Donostia en Agiña» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2020-08-06).
  3. a b (Ingelesez) «'Ni ez naiz Mikel Laboa' liburuan aipatzen diren abestien zerrenda» Spotify (Noiz kontsultatua: 2023-01-10).
  4. a b Larratxe, Joseba. (2022). Ni ez naiz Mikel Laboa. Joseba Larratxe - Youtube (Noiz kontsultatua: 2023-01-02).
  5. Peñalver, Xabier (2004): Mairubaratzak: Piriniotako harrespilak, Munibe antropologia-arkeologia (19. gehigarria), 63. orr.
  6. Marín Oñate, Antonio (2016): Jorge Oteiza, dos monumentos: del espacio como sitio al espacio como forma, REIA (Revista europea de investigación en arquitectura) 5, 55-73 orr.
  7. Arnáiz Gómez, Ana (2006): Entre escultura y monumento. La estela del Padre Donostia para Agiña del escultor Jorge Oteiza, Ondare 25, 305-325 orr.[Betiko hautsitako esteka]
  8. Marín Oñate, Antonio Felipe (2015): Pulsiones del espacio. Oteiza y la aproximación a la arquitectura como vacío activo, Tesis doctoral, Universidad Politécnica de Madrid.
  9. «Euskal kantutegia - Eusko Ikaskuntza» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-30).
  10. «Itzaltzuko bardoa» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2020-08-08).
  11. Zuaznabar, Guillermo, 1971-. ([2006]). Harria paisaian. Fundación Museo = Fundazio Museoa Jorge Oteiza ISBN 978-84-922768-3-7. PMC 433937268. (Noiz kontsultatua: 2020-08-07).
  12. «BERTSO / OLERKIen orrialdea» www.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-08-07).
  13. «Aginako zero bat» Oihaneder Euskararen Etxea (Noiz kontsultatua: 2020-08-08).
  14. Muñoa, Pilar, 1930-. (2006). Oteiza : la vida como experimento. Alberdania ISBN 84-96310-59-0. PMC 76937652. (Noiz kontsultatua: 2020-08-07).
  15. «Harria eta zerua | | Museo de Bellas Artes de Bilbao» Tienda del Museo de Bellas Artes de Bilbao (Noiz kontsultatua: 2020-08-08).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]