Amerikaren deskolonizazioa

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Hispanoamerikako iraultzaren mapa animatua (1808-1825).:
     Erregezaleen kontrolpeko lurraldeak.
     Mugimendu independentisten kontrolpeko lurraldeak.
     Kolonbia Handiaren kontrolpeko lurraldeak.
     Armada frantsesaren mendeko Espainia.
     Espainia Hirurteko Liberalean.
     Gobernu argirik gabeko lurraldeak.

Amerikaren deskolonizazio edo emantzipazioa itsasoz bestaldeko lurraldeek (Espainiaren kasuan) eta Ameriketako kontinentean kokatutako koloniek (Europako beste herrialdeen kasuan) Europar potentziengandik independentzia lortzeko prozesua da.

Amerikaren deskolonizazioa XX. mendean estatu-nazio modernoen sorrera ekarri zuen mundu mailako deskolonizazio-prozesuaren aitzindaria izan zen.

Ameriketako Estatu Batuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ameriketako Estatu Batuak independentzia lortu zuen Amerikako lehen herrialdea izan ziren; “kongresu kontinentaletan” bildutako 13 koloniek beren independentzia-aldarrikapena egin eta Britainia Handitik independizatzea lortu zuten 1776an. Independentzia hori Parisko Itunaren bitartez 1783an onartua izan zen, independentzia-gerra bukatu zenean.

Haiti[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziako Iraultzaren ondoren, askatasunaren aldeko idealetako asko Haitin birsortu ziren, altxamendu batek Haiti errepublika askea zela aldarrikatu zuenean; Estatu Batuen ondoren, mendebaldeko hemisferioan independentzia lortu zuen bigarren nazioa izan zen. Gainera, Haiti da esklaboen altxamendu batek zuzenean independentzia lortu zuen mendebaldeko herrialde bakarra.

Ameriketako espainiar lurraldeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ameriketako espainiar lurraldeen independentzia-gerrak gertatu zirenean, Hispanoamerikan Espainiak zituen lurralde gehienek independentzia lortu zuten XIX. mendearen lehenengo laurdenean. Paraguai izan zen independentzia lortu zuen lehenetarikoa. 1810. urtean, Miguel Hildagok Mexikon, Simon Bolivarrek eta Jose de San Martinek Hego Amerikan, besteak beste, independentziaren aldeko borroka zuzendu zuten. Portugalen menpean zeuden lurraldeetan, berriz, Petri I.a Brasilgoak (IV.a Portugalgoa), Joanes VI.a Portugalgoaren semeak, herrialdearen independentzia aldarrikatu zuen 1822an, eta Brasilgo lehen enperadorea bihurtu zen, Portugalgo koroak modu baketsuan onartu zuelarik.

Argentinan, José de San Martínek Ejercito Libertador delakoa sortu zuen Mendozan, lurraldea erregearen tropengandik askatzeko. Andeak zeharkatu zituen, Txileren independentzian lagundu zuen, eta herrialde hartan antolatutako flota edo ontzidi bat erabiliz, Espainiak Hego Amerikan zeukan boterearen erdiguneari, Lima hiriari alegia, eraso eta, 1821ean, Peruren independentzia aldarrikatu zuen. Geroago, Simón Bolívarrekin Guayaquilen elkartu eta, elkarrizketa motz baten ondorioz, José de San Martínek bere armada utzi zion Bolívarri, Peru guztiz askatu zezan. Argentinak 1816ko uztailaren 9an aldarrikatu zuen independentzia.

Espainiako Independentzia Gerra bitartean, kreoleek hainbat batzar sortu zituzten, Fernando VII.a Borboikoaren izenean lurrak gobernatzeko. Autonomia-esperientzia horrek, liberalismoaren eraginak, framazoneriak eta Frantziako eta Estatu Batuetako iraultzen ideiek, europar Espainiarengandik askatu-nahia sortu zuten. Horrek independentzia lortzeko borroka eragin zuen, Libertadoreek (edo autonomista izenez ere ezagutzen zirenek) gidatua. Lurralde hispanoamerikarrak aberri-amarengandik banatu ziren, askotan Britainiar Inperioaren laguntzarekin, Espainiaren monopolioaren gainetik aritu nahi baitzuen merkataritzan Amerikarekin.

Antzeko prozesua gertatu zen Espainiaren mende zeuden Ipar eta Erdialdeko Amerikaren lurraldeetan ere 1820az geroztik, Mexikoren independentziaren ondoren.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]