Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da

Hodei

Wikipedia, Entziklopedia askea

Artikulu hau meteorologiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Hodei (argipena)».
Hodeiak mugimenduan

Hodeia ur eta izotz partikulen metaketa ikusgaia da, eguratsean dilindan dagoena[1]. Hodeiak atmosferako behe geruzako, troposferako, edozein lekutan ager daitezke, eta duten konposaketaren eta agertzen diren altueraren arabera sailkatzen dira. Munduko Meteorologia Erakundeak (WMO) hainbat azpitaldetan banatzen diren 10 hodei mota sailkatu ditu.

Hodeiak airearen baitan geratzen dira eta kolore aldakorrekoak izaten dira, eguzkiaren argia jasotzen duten moduaren arabera. Hodeiak aire masa hoztuak dira. Ur lurrunez osaturiko airea beherantz joaten denean, edo lurrarekin edo beste aire geruza hotzago batekin topo egiten duenean airea hozterakoan sortzen dira. Presio aldaketek eta irradek ere sor ditzakete; lurrunduriko euri tantak atmosferan izaten diren hauts, itsas gatz, ke edo bestelako hondarrei eransten zaizkie. Ur tanta hauek duten pisuagatik erori egiten dira (tanta txikiak erortzean berriro lurruntzen badira ere, behar adina handitzen badira, lurrera iristen dira eta era horretan euria sortzen da).

Hodeiak aztertzen dituen zientzia Nefologia da (grezieratik νέφος, nephos, 'hodeia'); bertan, hodeiak eta euren eraketa, osaketa, dentsitatea, tenperatura, forma, eboluzioa, mugimendua, taldekatzea eta sailkapena ikertzen dira. Meteorologiaren adar bat da.

Hitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hodei da euskara batuan erabili beharrekoa[1], nahiz eta euskalki eta eskualdearen arabera beste aldaera batzuk ere erabili, hala nola odei, hedoi eta oroi[2].

Hodei (eta horren aldaera Hedoi) pertsona-izena ere bada, gizonezkoa[3], jatorria Euskal Mitologian duena, Hodei ekaitza eta harria ekartzen dituen jainkoa. Hodeia ere pertsona-izena da, baina emakumezkoa[4].

Euskalki batzuetan, gipuzkeraz batez ere, laino erabili izan da hodeiak izendatzeko. Euskara batuan ordea, laino lurretik gertu dauden hodeiak izendatzeko erabili ohi da[5].

Osaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tanta eta partikula edo kristal horiek txiki-txikiak dira eta atmosferan dagoen ur-lurruna kondentsatzean sortzen dira, tenperatura hotzagoak aurkitzen dituztenean; oso txikiak dira, 0,01 milimetro ozta-ozta, eta oso arinak direlako egoten dira airean zintzilik.

Aire beroko masa bat zeruan gorantz igotzen denean, bere barruan duen ur-lurruna hoztu eta kondentsatu egiten da, tantatxoak edo izotz kristalak eratuz: horrela sortzen dira hodeiak. Goi-goiko hodeiak hotzago daude, atmosferako tenperatura hotzagoa den altitudean daudelako, eta, horregatik, Goi-goiko hodeiek izotz kristalak baino ez dituzte; aldiz, Behe-beheko hodeiak beroago egoten dira eta, horregatik, ur tantak dituzte; dena dela, badaude hodei mistoak ere, hau da, ur-tantak eta izotz-kristalak nahastuta dituztenak.

Beraz, hodeiak ez daude ur-lurrunez osatuta, baizik eta, esan bezala, ur-tanta eta izotz-kristal txiki-txikiez. Lurrunez osatuta egonez gero, ikusezinak izango lirateke. Aldiz, ur eta izotz partikulak bai ikusten dira.

Hodeiak altitude desberdinetan egoten dira zeruan, atmosferako baldintzen arabera. Goi hodeitzat jotzen dira 7.000 metrotik gorakoak[1]; hodei ertainak 7.000 eta 2.000 metro bitartean egoten dira, eta behe hodeiak 2.000 metrotik behera[1].

Motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hodei mota nagusiak

Hodei mota asko dagoenez, era askotako irizpideen arabera sailkatzen dira. Garaierari dagokionez, lau kategoria bereizten dira, lurburuetatik ekuatore aldera garaiera muga gero eta handiagoa dutenak, tenperatura eta ur edukia aldatu ahala. Atmosfera, eta zehazkiago troposfera, hodei jakin batzuk agertu ohi diren hiru zatitan banatzen da.

  • Goi-maila: 7 eta 13 kilometro arteko garaieran. Goiko hodeiak agertzen dira.
  • Erdi-maila: 2 eta 7 kilometro arteko garaieran. Erdi-mailako hodeiak agertzen dira.
  • Behe-maila: Lurrazaletik 2 kilometro arteko garaieran. Beheko hodeiak agertzen dira.

Altitudearen araberako sailkapen hau, era berean, hodeien konposaketarekin bat etorri ohi da.

  • Goi hodeiak[1] izotzezko hodeiak izan ohi dira, inguramendu zehazturik gabe, -35 °C baino tenperatura txikiagoa izaten ohi dutenak.
  • Erdi-mailako hodeiak urez eta izotzez osatutakoak izan ohi dira eta -35 °C eta -10 °C arteko tenperaturak izan ohi dituzte.
  • Behe hodeiak[1] urezko hodeiak izan ohi dira, eta -10 °C baino tenperatura handiagoak izan ohi dituzte, batzuetan 0 °C-tik ere pasatzen direlarik. Hodei hauek, inguramendua guztiz zehaztua izan ohi dute.

Eguratsaren behealdeko geruzetan goikoetan baino ur gehiago dagoenez, zenbat eta gorago egon hodeia, orduan eta meheagoa eta arinagoa izango da.

Hodeiak ere hiru talde nagusitan banatzen dira: zirruak, kumuluak eta estratuak. Eta aipatutako hiru sailkapen hauetatik lortzen dira 10 hodei motak. Hamar genero horien izenak nazioartean onartu ziren, hitzarmenez, eta 1956an argitara emandako Munduko Meteorologia Erakundearen Nazioarteko Hodei Atlasean bildu ziren.

Goi hodeiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zirruak troposferaren goiko partean soilik azaltzen dira, 7 eta 13 kilometro arteko altueretan. Zuntz eta noizean behin zeta-antzeko itxura izan ohi duten hodei meheak izan ohi dira. Itsasgizonen artean katu buztan izenez ere ezagunak dira. Egunez guztiz zuriak izan ohi dira, itzalik gabeak, baina ilunabarreko eguzki-izpiekin kolore hori-gorria hartzen dute, eta iluntzean tonalitate grisa hartzen dute.

Errefrakzio fenomenoak sortzen dituzte eta zeru guztia estaltzen dutenean, hurrengo 24 orduetan eguraldiak aldaketa bortitza jasango duela eta tenperaturak jaitsiko direla aurreikusi.

Zirrostratu estratiformeak

Zirruak bezala, goi partean soilik azaldu ohi dira eta esne koloreko errezel dirdiratsu leun itxura izan ohi dute. Ortzia guztiz edo partzialki estaltzen dute, eta oso meheak direnez, Eguzkiaren eta Ilargiaren inguruan haloak sor ditzakete. Ertzak mugatuta izan ohi dituzte.

Zirruen ondoren agertu ohi dira, ekaitzak edo fronte epelen bat datorrela iragarriz.

Goi partean azaltzen diren eta ordenatuta, lerrokatuta edo taldetan laiatutako lits zuri txikiez osaturiko hodeiak dira. Guztiz zuriak izan ohi dira eta ez dute itzalik izaten.

Maiz, zirruekin batera agertu ohi dira eta hurrengo 12 orduetan eguraldia aldatuko dela adierazten dute. Normalean, laino mota hau izaten da ekaitzen aurretik agertzen dena.

Erdi-mailako hodeiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi-mailako altueran egon ohi diren eta lerrokaturik dauden maluta erraldoi esferiko gisa azaltzen diren hodeiak dira. Gris-zuri kolorea izan ohi dute eta normalean, itzalak izan ohi dituzte. Zirrokumuluak baino apur bat mardulago, handiago eta ikusgaiagoak dira.

Altokumuluen altuera igualtsuan agertu ohi diren hodeiak dira. Zerua, osorik edo partzialki tapatzen dute eta apur bat ildaskatutako hodei-geruza uniforme gris itxura izan ohi dute. Lodiak izan ohi dira, eta normalean Eguzkia guztiz lainotzen dute, halorik sortu gabe. Euri fina eta tenperaturaren jaitsiera iragarri ohi dituzte laino hauek.

Hodei oso mardul eta ilunak izan ohi dira, Eguzki-izpiei igarotzen uzten ez dieten adinakoak.

Udaberri eta udako euri eta neguko elur hodei tipikoak dira.

Behe hodeiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Normalean beheko mailan agertzen diren arren, goiko altueretaraino hedatu daitezkeen hodei hauek ganga-forma izan ohi dute eta banaturik, gutxitan, edo konpaktuak, normalean, agertu ohi dira. Azalore erraldoi itxura izan ohi dute eta goiko partea Eguzki-izpien ondorioz argia izan hi den bitartean, beheko alde horizontala, iluna izan ohi da.

Kumuluak, eguraldi onaren adierazgarri dira hezetasun eta mugimendu atmosferiko txikia dagoenean, baina hezetasun handia eta gorako korronte gogorrak daudenean tamaina handia hartu eta ekaitzak eta euri-jasa handiak sor ditzakete.

Bertikalki hedatzen diren laino handi hauek dira ekaitzak sortzen dituztenak, eta kazkabarra ere sor dezakete. Goiko zatia izoztean gertatzen dira ekaitzak, eta orduan, motots haritsu itxurako goiko zati zapaldua izan ohi dute.

Lurretik hurbilen agertzen diren hodeiak dira, lainoak (edo behe-lainoak hain zuzen ere. Gris edo zuri kolore homogeneoa izan ohi dute eta zeru guztia tapatzen dute.

Udazken eta neguan egun guztian zehar mantendu daitezke zeruan egunari triste itxura emanez, baina udaberrian eta udan, gaueko ordu txikietan sortu eta egunaren hasieran desagertzen dira, eta eguraldi ona egingo duela adierazten dute.

Normalean, behe-mailako altueran agertzen diren hodei hauek kolore gris-zuria izan ohi dute, eta beti agertzen dira zati ilunak hodei-multzoan. Masa biribildu eta multzokatu zabalak izan ohi dira.

Estratokumuluek, normalean, ez dute euririk botatzen, ninbostratu bihurtzen ez badira behintzat, eta eguraldi ona adierazten dute.

Estralurtarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hodeiak begiztatu dira Eguzki Sistemako beste planeta batzuetan, baina urez ordez beste gai batzuez osatuta daude. Artizarran hodeiak sufre dioxidozko tantez osatuta daude[6], aktibitate bolkanikoak eraginda. Hiru geruza nagusitan antolatuta daude, 45-65 kilometroko garaieretan, zeintzuk planetaren azalera iluntzen duten, eta virga sor dezaketen. Martek ur eta karbono dioxidozki hodeiak ditu, gehien bat poloetatik hurbil dauden zirru, zirrokumulu eta estratokumuluak[7][8]. Ur-izotzezko lainoak ere begiztatu dira Marten[9].

Titan, metanozko hodeiak ezkutatzen dituen hidrokarburo laino trinko batez estalita dago. Jupiter eta Saturno planeta erraldoiek amoniakozko hodeiak dituzte[10], zirru itxurakoak. Amonio hidrosulfurozko bitarteko hodeiak eta ur hodei sakonak ere badituzte. Uranok eta Neptunok, beharbada, Jupieterren antzeko hodeiak dituzte, baina metanozkoak[11][12].

Eguzki Sistematik kanpoko planeta batzuek hodei atmosferikoak dituzte. 2013ko urrian Kepler-7b exoplanetaren atmosferan altitude handiko hodei lodiak detektatu zirela argitaratu zen, eta 2013ko abenduan GJ 436 b eta GJ 1214 b planeten atmosferetan.

Espazioan badira beste egitura edo multzo batzuk, hodei izenekoak, baina ez direnak benetako hodeiak, hala nola Magallaesen Hodeiak, Izarrarteko Hodei Lokala eta Oorten hodeia. Hauen ezaugarri nagusia da elementu multzokatuz osatuak egotea.

Hodeiak eta gizakia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hodeiek rol garrantzitsua dute hainbat kultura eta erlijio-tradiziotan. Antzinako akadtarrek uste zuten hodeiak Antu jainkosaren bularrak zirela[13] eta euria haren bularretako esnea[13].

Euskal mitologian, Hodei jeinu bat da[14]. Mariren aginduetara dago, eta, ekaitza denean, tximistak edo trumoiak botatzen ditu.

Txinan, hodeiak zortearen eta zorionaren ikur dira[15]. Gainjartzen diren hodeiek betiereko zoriona ekartzen dutela uste da, eta kolore desberdinetako hodeiek "bedeinkapen ugaritua" adierazten dutela.

Hodeiak begiratzea haurren denbora-pasa ezaguna da, askotariko itxurak aurkitzeko asmoarekin, pareidoliari esker[16].

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f Hodei Euskaltzaindiaren hiztegian (kontsulta: 2021-02-12)
  2. Hodei] Euskaltzaindiak egindako Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (kontsulta: 2021-02-12)
  3. Hodei Euskaltzaindiaren pertsona-izenen zerrendan, onomastika batzordea (kontsulta: 2021-02-02)
  4. Hodeia Euskaltzaindiaren pertsona-izenen zerrendan, onomastika batzordea (kontsulta: 2021-02-12)
  5. Laino Euskaltzaindiaren hiztegian (kontsulta: 2021-02-12)
  6. Bougher, Stephen Wesley; Phillips, Roger. (1997). Venus II: Geology, Geophysics, Atmosphere, and Solar Wind Environment. University of Arizona Press, 127–129 or. ISBN 978-0-8165-1830-2..
  7. (Ingelesez) SPACE.com staff. (2006-08-28). Mars Clouds Higher Than Any on Earth. .
  8. (Ingelesez) Clouds Move Across Mars Horizon. National Aeronautics and Space Administration 2008-09-19.
  9. NASA SP-441: Viking Orbiter Views of Mars. National Aeronautics and Space Administration Noiz kontsultatua: 2013-01-26.
  10. (Ingelesez) Phillips, Tony. (2010-05-20). National Aeronautics and Space Administration Noiz kontsultatua: 2011-05-15.
  11. (Ingelesez) «Neptune's Atmosphere: Composition, Climate, & Weather» Space.com Noiz kontsultatua: 2013-11-5.
  12. Boyle, Rebecca. (2012). «Check Out The Most Richly Detailed Image Ever Taken of Uranus» Popular Science.
  13. a b (Ingelesez) Daily Life in Ancient Mesopotamia. Greenwood 1998 ISBN 978-0313294976..
  14. "Jose Migel Barandiaran, obras completas". Egilea, Jose Migel Barandiaran. Argitaletxea, Editorial la gran enciclopedia vasca, Bilbo 1976.
  15. (Ingelesez) Ding, Ersu. (2010). Parallels, Interactions, and Illuminations: Traversing Chinese and Western Theories of the Sign. Toronto, Canada ISBN 978-1-4426-4048-1..
  16. (Ingelesez) Do You See Faces In The Clouds? The Science of Pareidolia. .

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]