Edukira joan

Anka Pađen

Wikipedia, Entziklopedia askea
Anka Pađen
Bizitza
Jaiotza1924ko urtarrilaren 9a
Herrialdea Jugoslaviako Erresuma
 Jugoslavia
Heriotza1945eko martxoaren 10a (21 urte)
Jarduerak
Jarduerakpartisanoa
Jasotako sariak
Graduasub-lieutenant (en) Itzuli

Anka Pađen (Crno, Crikvenica udalerria, Jugoslaviako Erresuma (egun, Kroaziako Errepublika); 1924ko urtarrilaren 9-Lešće, Karlovac udalerria, Kroaziako Estatu Independentea (egun, Kroaziako Errepublika); 1945eko martxoaren 10), jugoslaviar partisano komunista bat izan zen, Jugoslaviako Herriaren Heroi izendatutakoa.

Crno herrixkan, Crikvenica ondoan, Kroaziako kostaldeko eskualdean jaio zen. Hamahiru zituela, eta aita gaixo zegoela eta etxean dirua behar zela, etxeko langile bezala lan egiten hasi zen, ondoko Bribir herrian. 1940an ordean, tabernari bezala hasi zen Crikvenican; han izan zen Alemaniak eta Italiak Jugoslavia inbaditu zutenean[1][2][3].

Hasiera batean modu klandestinoan aritu izan zen partisanoen aldeko lana egiten, baina 1942ko udaberrian partisanoekin mendira joatea eskatu zuen; gainera Lika eskualdera eskatu zuen, non orduan bataila handiak izaten ari ziren (Ljubica Gerovac batailoira, Srdjan Uzelac komandantearen pe)[1][2][3].

1942ko urrian Gazteen Laugarren Batailoiko lehen konpainiara aldatu zuten, baina laster Gazteen Bigarren Batailoira asatzea eskatu zuen. 1943ko otsailean Kordunen izan zen borrokan –granada-jaurtitzaile gisa- eta han bere karreran bi urrats egin zituen aurrera: lehenik konpainiako komandante gradua jaso zuen, eta gainera Jugoslaviako Alderdi Komunistako kide gisa onartua izan zen[1][2][3].

1944ko urtarrilean Drežnica herrian izandako batailan larriki zauritua izan zen, ezkerreko eskuko hatzak galdu zituen. Hori dela eta lan politikoa egitera bidali zuten: Jugoslaviaren Askapenerako Indar Antifaxisten Batasuneko (Herri Frontearen enbrioia) Komite Zentraleko kide aukeratu zuten. 1944ko bukaeran inteligentzia ofizial bezala lan egitera bidali zuten, Kroaziako Gorski Kotar (Mendietako barrutia) eskualdera, eta gainera lotinant kargua hartu zuen Hala ere, zuzeneko borrokaren falta zuela eta, batailoi batetara lekualdatzea eskatu zuen laster[1][2][3].

1945eko martxoan hil zen ustashen kontra borrokan, Karlovac askatzeko batailan, Istriako 43ko Dibisioaren parte zela[1][2][3].

1951ko abenduaren 20an, Jugoslaviako Herri Errepublika Federaleko parlamentuaren dekretu baten ondorioz, Jugoslaviako Herriaren Heroi titulua eman zioten[1][2][3]. Kroaziako Novi Vinodolski herrian, kale batek bere izena darama.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Народни хероји Југославије. (Jugoslaviako Herriaren Heroiak). Belgrad: Mladost.
  2. a b c d e f (Serbokroazieraz) BIJELIĆ, Krste. (1980). Heroine Jugoslavije (Jugoslaviako Emakumezko Heroiak). Zagreb: Spektar.
  3. a b c d e f (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1982). Народни Хероји Југославије (Jugoslaviako Herriaren Heroiak). Belgrad: Народна Књига (Herriaren Liburua).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]