Aretxabaleta abesbatza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aretxabaleta abesbatza
Aretxabaletako abesbatza, 2019ko entsegu batean
Aretxabaletako abesbatza, 2019ko entsegu batean
Datuak
EgoitzaOtalora, 1
Aretxabaleta (Gipuzkoa)
ZuzendariaAngel Barandiaran
Ahotsakabesbatza mistoa
Taldekideak42
Urteak1979 - ...
FundatzaileaJuan Luis Izagirre
WebguneaAretxabaleta abesbatzaren bloga

Aretxabaleta abesbatza 1979an sortu zen Aretxabaletan eta 1980. urtean eman zuen lehenengo kontzertua. 1980. hamarkadan sari ugari irabazi zituen eta Vatikanoko San Petri basilikan ere abestu zuen, hau egiten duen aurreneko euskal abesbatza izan zen. 1990. hamarkadan kantu gregorianoko diska bat atera eta Estatu Batuetan bira luzea egin zuen. Gaur egun kantu gregorianoa eta euskal folklorea lantzen ditu eta zarzuela batzuk ere egin ditu.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1979. urtean sortu zen Aretxabaleta´ko korua Juan Luis Izagirre zuzendari zutela eta 1980ko martxoaren 19an eman zuten aurreneko kontzertua. Hasiera hartan gizonezkoek soilik osatzen zuten abesbatza[1]. Urte horretan beste kontzertu batzuk ere eman zituen, azaroaren 21ean esate baterako Zaraia Zinetokian. "Zezilia Deunaren hospakizunean", hala dio gordetzen den eskuorriak[2].

1980. hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1981. urtean hil egin zen Juan Luis Izagirre eta haren tokia hartu zuen Angel Barandiaranek[3]. Honek emakumezko ahotsak sartu zituen. Hurrengo urtean Gipuzkoako Abesbatzen Federazioan sartu zen. Aretxabaletako elizan ospatzen ziren jaiegunetako meza berezietan kantatzen hasi zen eta gutxinaka kantu gregoriano estiloan espezializatuz joan zen[1]. Tolosako Abesbatza Lehiaketan urtero hartu zuen parte 1980. hamarkadan eta 1982an folklore sailean aipamen berezia jaso bazuen ere gregoriano sailean izan zituen emaitzarik onenak, lehiaketa birritan irabazi (1985 eta 1987) eta beste behin zilarrezko domina eskuratu baitzuen.

1986. urtean Erromara joan zen abesbatza eta Vatikanoko San Petri basilikan ospaturiko liturgia batean abestu zuen. Han abesten zuen aurreneko euskal abesbatza izan zen[4]. Joan Paulo II.a Aita Santuak audientzian hartu zituen Castegandolfon Arantza Garai abesbatzaren izenean, Jesus Herrasti alkatea eta Damaso Zuazua karmeldarra, hiruak ere aretxabaletarrak[1].

Urte haietan lehiaketa eta ekitaldi ugaritan abestu zuen Aretxabaleta abesbatzak, bai Euskal Herrian (aipaturiko Tolosako lehiaketan, Donostiako hamabostaldian, Errenteriako Musikastean, Gasteizko gregoriano eta antzinako musika jardunaldietan...) eta baita Espainian zehar ere (San Vicente de la Barqueran, Avilésen, Salamancan, Ávilan...)[1]

1990. hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kantu gregorianoan sakontzeko Santo Domingo de Silosko monasterioko monjeekin kantua lantzeko aukera izan zuen monasterioan bertan. 1995. urtean Ismael Fernández de la Cuesta gregorianista harremanetan jarri zen Aretxabaleta abesbatzarekin eta 20 kidetako taldea zuzenduz bira luzea egin zuen. Bira honetan Donostian, Zaragozan, Santanderren, Palencian, Leónen, Salamancan eta Madrilen izan ziren. 1996an CDa grabatu zuen talde honek eta Estatu Batuetako hainbat hiritan egin zuten bira; Chicago, Milwaukee, Washington, Baltimore, Philadelphia, Harrisburg, New York, Manchester, Boston eta Hartford izan ziren Aretxabaleta abesbatzak emanaldiak egin zituen hiriak. New York hiriko San Joan Dibinoa elizan 2.000 entzuleren aurrean abestu zuen[5] eta Chicagon Eusko Jaurlaritzaren delegazio batek hartu zituen.

Azken hamarkadak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2000. urtean Erromara itzuli eta Italian zehar bira egin zuen. Aurreneko kontzertua Monakon egin eta ondoren Pisa, Florentzia, Padua, Venezia eta Milan etorri ziren, hiriburuaz aparte. Urte berean Azpeitian eta Bergaran Jesus Guridiren El caserío zarzuela abestu zuen. 2005ean Pablo Sorozabalen Katiuska zarzuela egin zuen, Aretxabaleta abesbatzaren 25. urteurrena ospatzeko[1]. Ez zen zarzuela hau egiten zuen aurreneko adia, 1996an dagoeneko Katiuska interpretatua baitzuten[6].

2010. urtean abesbatzaren 30. urteurrena ospatzeko haren historia biltzen duen DVDa grabatu zuen[5]. 2012ko apirilaren 29an Nafarroako Unibertsitatea Klinikaren 50. urteurreneko ospakizunetan abestu zuen 3.000 entzuleren aurrean[7]. 2013an Aretxabaletako COPRECI enpresaren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldi berezia egin zuten, izan ere enpresaren lantegiak dauden herrialdeetako abestiekin osatu baitzuten errepertorioa; Txina, Mexiko, Turkia, Brasil, Txekia eta Euskal Herria[4]. 2014. urtean berriz taularatu zuten Pablo Sorozabalen Katiuska zarzuela, orduan koruko 38 kideez gain lau bakarlari, hiru musikari, 30 dantzari lagun zituztela[8].

2020. urtean Aretxabaleta abesbatza, Arrasateko Goikobalu eta Bilboko Iubilo abesbatzek elkarlanean COVID-19 pandemiak eragindako biktimak omentzeko requiema grabatu zuten. Aurreko urtean Humanity At Music-Sinfonia kooperatiboa egitasmoan parte hartu zuten hiru abesbatzak ziren. Apirilean izan zen grabaketa eta 100 abeslarik bakoitzak bere etxetik abestu zuten Recordamur Vos - Gogoan zaituztegu abestia[9][10]. 2020ko martxoan ordea jarduera eten beharra izan zuen eta 40. urteurrena ospatzeko jarduera guztiak bertan behera gelditu ziren. 2021eko azaroan itzuli zen abesbatza Santa Zezilia egunean hain zuzen ere[11].

Sariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Tolosako Abesbatza Lehiaketa:
    • 1982: Aipamen berezia Folklore sailean
    • 1985: Urrezko domina kantu gregorianoan
    • 1987: Urrezko domina kantu gregorianoan
    • 1991: Zilarrezko domina kantu gregorianoan
    • 1992: Zilarrezko eta brontzezko dominak
  • San Vicente de la Barquerako itsas abestien zertamena:
    • 1988: Urrezko Lira
  • Avilésko Abesbatza Zertamena:
    • 1991: Brontzezko domina

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e «Aretxabaleta Abesbatza - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  2. Abesbatza, Aretxabaleta. (2016-06-30). «1980_Lehen_kontzertua» Aretxabaleta Abesbatza (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  3. «Ezagutu gaitzazu» Aretxabaleta Abesbatza 2015-10-14 (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  4. a b «Aretxabaleta Abesbatza ahots ederren bilgune 32 urteren ostean - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  5. a b (Gaztelaniaz) «Aretxabaletako abesbatza cierra los actos por su 30 aniversario» El Diario Vasco 2010-12-24 (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  6. Abesbatza, Aretxabaleta. (2016-06-29). «1996-12-29_Katiuska» Aretxabaleta Abesbatza (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  7. «Aretxabaleta Abesbatza Nafarroako Unibertsitate Klinikan izan da kantuan - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  8. «Sanmigelak Aretxabaletan - Bereziak - Goiena.eus» goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  9. Recordamur vos. Gogoan Zaituztegu.. (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  10. (Gaztelaniaz) «Aretxabaleta abesbatza, Goikobalu y Iubilo Bilbao graban en homenaje a las víctimas del Covid-19» El Diario Vasco 2020-04-25 (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  11. «Aretxabaleta Abesbatza, kantuan hasteko ezin gogotsuago - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]