Aretxabaletako bainuetxeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aretxabaletako bainuetxeak
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaAretxabaleta
Historia eta erabilera
IrekieraXIX. mendea

Aretxabaletako bainuetxeak Aretxabaletan (Gipuzkoa) iturburu sulfurosoetaz baliatuz eraiki ziren bainuetxeak izan ziren. Eraikin oso dotoreak ziren eta Madrilgo noblezia etortzen zen bertan denboraldiak pasatzera, Arrasateko eta Eskoriatzako bainuetxeetara bezala. Aretxabaletan bi bainuetxe izan ziren, Ibarrakoa (zaharrena) eta Otalorakoa[1]. Ibarrakoak 1888ko Bartzelonako Nazioarteko Erakusketan zilarrezko domina eskuratu zuen.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iturburu hauen aurreneko aipamena Gómez de Bedoya hidrologoak egin zuen 1764an argitaratu zuen txostenean. Beranduago Rubio doktoreak Leintz bailaran zeuden iturburu mineral-sendagarrien azterketa osoa egin zuen eta Heredad, Landeta, Esteibar, Bedoña, Aranzazarri, Ametzaga, Bolibar eta Intxaurbekoa zerrendatu zituen[2].

Ibarrako bainuetxea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1843. urtean eraiki zen Ibarrako bainuetxea. Madrildik Frantziarako errepidean Eskoriatza eta Aretxabaleta artean ezarri zen, errepidearen eskuinaldean. Aretxabaleta erdigunetik kilometro eskas bat hegoaldera kokaturik zegoen. Ricardo Tejada jauna zen bainuetxearen jabea eta lehen medikua Rafael Breñosa doktorea izan zen. 1866. urtean Otalorako bainuetxea ireki zen herrigunean eta ordutik aurrera Ibarrakoak Bainu Zaharrak ezizena hartu zuen. 1881. urtean Azkoaga anaiek erosi zuten eta egin beharreko berriztatze lanak egin ondoren Espainiar Estatuko bainuetxe garrantzitsuenetakoa bihurtu zen. 1888ko Bartzelonako Nazioarteko Erakusketan zilarrezko domina eskuratu zuen. Aurretik ere jasoak zituen beste bi goraipamen: bata 1878an Parisen eta bestea 1883an Madrilen, Alfontso XII.aren erregealdian egindako Meatzaritzako Erakusketan[2].

Ibarrako bainuetako bezero gehienak madrildarrak ziren eta horregatik Aretxabaletak “Madrid Chiquito” ezizena jaso zuen[3]. Bainuetxea zegoen eremuari “Puerta del Sol” ezizena eman zitzaion, Madril erdiguneko plaza ezaguna aintzat hartuta, eta gaur egun Portasol izena dauka 1960. hamarkadan inguru horretan eraiki zen Aretxabaletako auzoak[4]. Herriko zaharrenek gogoratzen dute uda garaian familia askok beren etxetako gelak alokatzen zizkietela Ibarrako bainuetxera zetozen turista madrildarrei eta familiak ganbarara joaten zirela bizitzera[2].

XX. mendearen haseran bainuetxeen sona apalduz joan zen eta 1925ean oraindik eraikinak egoera onean jarraitzen zuen arren turismoa nabarmen jaitsita zegoen. Gerra Zibilean alde bietako tropak ezarri ziren bertan eta 1936an ateak itxi zituen behin betirako[4]. Bainuetxearen azken jabeak Arieta González-Tablas familiakoak izan ziren[5].

Ur sulfurosoaren iturriak bertan jarraitzen du, Bustintegi errekaren ondoan, baina duela urte gutxi estali egin behar izan zen osasun araudia dela eta. Dena dela inguru horretan sulfhidrikoaren usaina nabarmena da oraindik[3]. Inguru horretan Bainetxe industrigunea eraiki zen XXI. mendearen hasieran[6].

Uraren ezaugarriak eta bainuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aretxabaletan "urets" esaten zaio sufredun urari. Uretsa hainbat eratara kontsumitzen zen bainuetxean; edan egiten zen, bainuak hartzen ziren, inhalatu egiten zen eta dutxatan ere erabiltzen zen. 1890. urtean egin zen uraren azterketak erakutsi zuen Espainiar estatuko nitrogenatuenak zirela eta Euskal Herriko sulfhidrikoenak. Ibarrako bainuetxera etortzen ziren gaixoen %90ak azaleko arazoak zituen (ekzemak, herpesak, hazteriak, psoriasi sifiloideak...). Bezeroen %5ak hotzeria, bronkio eta laringe afekzioak tratatzen zituen[2].

Honela deskribatu zuten Ibarrako bainuetxeko ura: "Azido sulfhidriko kopuru garrantzitsua duten urak dira, horretaz gain azido karbonikoa, karezko eta sosa magnesiazko sulfatoak, kare, magnesio eta sodio karbonatoak, magnesio eta kaltzio kloruroak eta silizio kloruro apur bat". Ur sufredun sulfhidriko nitrogenatuen multzoan sartzen ziren. Ezaugarri fisikoei eta organoleptikoei dagokienez iturburuko ura "gardena, sulfhidriko usain gogorra eta zapore mingots-gazia ditu. Irteeran gas burbuilak askatzen ditu eta sufre partikulak prezipitazten dira hodi eta ontzietako hormetan" [7].

Eraikinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi eraikinek osatzen zuten Ibarrako bainuetxea; bainuak hartzeko eraikinak eta ostatuak. Beirazko galeria batek lotzen zituen eraikin biak eta gobadalekua (garbitegia) ere bazegoen[1].

Bainuetxeak forma eliptikoa zuen. Eraikinaren erdigunean 36 metro luzerako eta 5'4 metro zabalerako areto bat zegoen. Areto hartatik zortzi kabinatara igarotzen zen eta kabina horiek bakarkako 16 bainugelarekin komunikaturik zeuden. Bainugela bakoitzean marmol leunduz egindako bainuontzi handi bat zegoen. Horretaz gain baziren zinkezko bainuontzi eramangarriak ere gaixoen geletan sartzeko[1].

Aretoaren mutur batean ur biltegi nagusia zegoen. Biltegi hartatik bi ur-ponpa batera erabiliz bi kutxa haundietara garraiatzen zen ura. Kutxa bakoitzean pilaturiko ura bi galdarek berotzen zuten eta handik brontzezko hodien bidez bainuontziak betetzen ziren. Baziren lurrin bainuak hartzeko kabineteak ere. Hauetan ura berotzean sorturiko gasak arnasten ziren. Aho eta eztarriko gaixoentzat bestalde, Parisko lantegi onenetatik ekarri ziren hauskailuak[2].

Ostatua eraikin handia zen. 48 metrotako luzera zuen eta lau solairu zituen. Beheko solairuan areto nagusia zegoen. Gela oso dotorea zen eta bezeroak bertan elkartzen ziren piano soinuak entzun eta mahai jokoetan aritzeko. Gainontzeko solairuetan 88 gela zeuden. Garai oparoenean, 300-350 bainulari hartzera izatera iritsi zen Ibarrako bainuetxea, ostatuko bezeroak eta herritarren etxeetan zeudenak kontutan hartuta[1].

Albo batean gobadalekua zegoen. Bertan garbitzen ziren ostatuan erabiltzen ziren izara eta mahai-zapiak. Ur sulfhidrikoa gainera oso egokia da garbiketa sakona egiteko. Ondoren oihalak bertan eskegi, zabaldu eta lehortzen ziren[1].

Otalora lorategia bainuetxea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Otalora jauregia.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Otalora lorategia (gaztelaniaz: Jardín de Otálora) 1866. urtean eraiki zen Aretxabaleta herrigunean, Otalora jauregiaren lorategietan zegoen Manantial de la Heredad izeneko iturburu sulfurosoko urak aprobetxatuz[8]. Bainuetxe honetako bezero gehienak ere madrildarrak ziren, nobleak edo maila altukoak bereziki. 1896. urtean itxi zituen ateak. Bainuetxe honen azken jabeak ere Arieta González-Tablas familiakoak izan ziren eta azken zuzendaria Arturo Daza de Campos medikua izan zen[5].

1904an Arrasatetik etorritako monja agustindarrek Santa Rita komentua ezarri zuten bertan. 2015. urtean itxi zen komentua, 111 urteren ondoren[9].

Eraikinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bainuetxearen eraikinak bi atal zituen. Iturburu azpian zegoena bainuak hartzeko erabiltzen zen eta haren gainean ostatua zegoen. 65 gela zituen eta kale nagusitik sartzen zen bertara. Bainuetxearen areto nagusia oso dotore apaindurik zegoen. Aisialdirako gunea izateaz gain bainua hartzeko kabinetarako pasabidea ere bazen. Kabinetan marmol leunduzko hamaika bainuontzi zeuden eta paretak iztukuzkoak ziren[1].

Azpiko atalean 24 metro kubiko zuten ur biltegiak zeuden, bata ur hotzarentzako eta bestea beroarentzako. Bertako urak kloruro-sufretsu-gaziak ziren, eta hotzeriak, herpesak eta urdail eta hesteetako gaixotasunak sendatzeko erabiltzen ziren[1].

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g «Uretsen bidea» www.aretxabaleta.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-10).
  2. a b c d e ANTXIA LETURIA, Aitor. «Aretxabaletako Bainuetxeak: Ibarrako Bainuak edota Bainu Zaharrak» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-10).
  3. a b (Gaztelaniaz) «Los balnearios de 'Madrid chiquito'» El Diario Vasco 2010-11-21 (Noiz kontsultatua: 2021-11-11).
  4. a b «Aretxabaletako bainuetxea - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-11).
  5. a b «Aretxabaleta» c2.nekar.com (Noiz kontsultatua: 2021-11-10).
  6. «Bainetxe industri gunea - Aretxabaleta (Gipuzkoa) - Sprilur» sprilur.spri.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-11).
  7. «Estudio floristico balneario Aretxabaleta / Ana Sola, Carmen Segurola» www.ingeba.org (Noiz kontsultatua: 2021-11-11).
  8. (Ingelesez) «OTALORA, Jardín de - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-11).
  9. (Gaztelaniaz) «El convento de Aretxabaleta cierra tras 111 años» El Diario Vasco 2015-10-24 (Noiz kontsultatua: 2021-11-10).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]