Armeniar genozidioa

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Armeniarrak, oinez, deportazioan

Armeniar genozidioa (armenieraz: Հայոց Ցեղասպանություն Hayots Tseghaspanutyun; turkieraz: Ermeni Soykırımı edo Ermeni Kıyımı) Otomandar Inperioko armeniarrak nahita eta sistematikoki suntsitzeko eragiketak izan ziren, Lehen Mundu Gerraren garaian eta ondoren egindakoak[1]. Beste izen hauek ere baditu: armeniar holokaustoa, armeniar sarraskiak edo, armeniarren artean, Krimen Handia (armenieraz, Մեծ Եղեռն). Genozidioa Otomandar Inperioak egin zuen, Turkiar Gazteen gobernualdian. Hildako armeniarrak milioi bat eta miloi eta erdi bitartean izan zirela kalkulatu da.[2][3][4][5][6]

Genozidioa sarraskien eta deportazioen bidez egin zuten. Deportazio haietan, armeniarrak ibilaldi luzeak egitera behartu zituzten, muturreko baldintzetan, deportatuak hiltzeko asmoz. Beste talde etniko batzuk ere jazarri zituen turkiar Gobernuak garai hartan, adibidez asiriarrak eta Pontoko greziarrak. Hainbat adituk diotenez, horiek guztiak sarraski politika orokor berberaren adierazpide dira.[7][8]

1915eko apirilaren 24a da sarraskiko egun gogoratuena, 250 armeniar intelektual atxilotu baitzituzten Istanbulen egun hartan. Ondoren, otomandar militarrek armeniarrak euren etxeetatik atera eta ehunka kilometro ibiltzera behartu zituzten, basamortuan zehar (gaur egungo Sirian), urik eta elikagairik gabe. Sarraskian, bortxaketak eta bestelako erasoak ere ohikoak ziren.

Lehenengo genozidio modernotzat jotzen da, eta holokaustoaren ondoren gehien ikertutako sarraskia da. Oraingoz, hogei estatuk ofizialki onartu dute genozidioa izan zela, eta Euskal Autonomia Erkidegoak ere halaxe onartua du: «historian zientifikoki planifikatu, antolatu eta gauzatu zen lehenengo genozidioa» izan zela adierazi zuen Eusko Legebiltzarrak, genozidioaren 90. urteurrenean.[9] Frantzian, delitua da armeniar genozidioa ukatzea.[10][11]

Turkiako Errepublikak onartzen du sarraskiak izan zirela, baina ukatu egiten du genozidioa izan zenik; aitzitik, esaten du etnien arteko gatazkek, gaixotasunek eta Lehen Mundu Gerraren denboran mundu osoan izandako goseteek eragin zutela hainbeste armeniar hiltzea. Tesi hori ez du munduan ia beste inork aldezten. Turkian, gainera, tabua da genozidio horren gaia eta hainbat intelektual epaitu dituzte armeniar genozidioaz jarduteagatik.[12][13][14]

Turkiako Gobernuari, genozidioa ukatzeak tirabirak eragiten dizkio Armeniarekin,[15] Ameriketako Estatu Batuekin[16] eta Frantziarekin,[11][17] besteak beste.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «United Nations Sub-Commission on Prevention of Discrimination and Protection of Minorities», 1985-07-02.
  2. (Ingelesez) Totten, Samuel, Paul Robert Bartrop, Steven L. Jacobs (editoreak) Dictionary of Genocide. Greenwood Publishing Group, 2008, 19. orrialdea. ISBN 0-313-34642-9.
  3. (Ingelesez) Noël, Lise. Intolerance: A General Survey. Arnold Bennett, 1994, 101. orrialdea. ISBN 0-7735-1187-3.
  4. (Ingelesez) Schaefer, T (editorea). Encyclopedia of Race, Ethnicity, and Society. Los Angeles: SAGE Publications, 2008, 90. orrialdea
  5. (Ingelesez) Ralph J. Henham, Paul Behrens. The criminal law of genocide: international, comparative and contextual aspects, 2007, 17. orrialdea.
  6. (Ingelesez) Levon Marashlian. Politics and Demography: Armenians, Turks, and Kurds in the Ottoman Empire. Cambridge, Mass.: Zoryan Institute, 1991.
  7. (Ingelesez) Resolution by the International Association of Genocide Scholars
  8. (Ingelesez) Gaunt, David. Massacres, Resistance, Protectors: Muslim-Christian Relations in Eastern Anatolia during World War I. Piscataway, N.J.: Gorgias Press, 2006.
  9. Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuraren erabakia: «Armeniako genozidioaren 90. urteurrenean». Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 99. zenbakia, 2007-04-27.
  10. «Parisek delitutzat jo du Armeniako genozidioa ukatzea», Berria, 2006-10-13.
  11. a b Elixabet Epelde: «Armeniarren aurkako genozidioa ukatzea delitua izango da Frantzian», Berria, 2011-12-23.
  12. Juanma Sarasola: «Armeniarren genozidioa, tabu», Berria, 2007-01-26.
  13. «Turkiak AEBei ohartarazi die euren harremanak kaltetuko dituela armeniarren auziak», Berria, 2010-03-07.
  14. Pello Zubiria: «Armeniar hila mugitu da Turkian 90 urte eta gero», 2005-10-16.
  15. (Ingelesez) Lionel Beehner: «Nagorno-Karabakh: The Crisis in the Caucasus», Council on Foreign Relations. Eskuratze data: 2011-01-11.
  16. Allande Sokarros: «Armeniarren genozidioaren auzia AEBetara heldu da», Berria, 2010-03-06.
  17. (Ingelesez) Angelique Chrisafis: «Turkey warns France over Armenian genocide bill», The Guardian, 2006-10-11.


Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Armeniar genozidioa Aldatu lotura Wikidatan