Genozidio

Wikipedia, Entziklopedia askea

Genozidioa etnia, nazio, arraza edo erlijio bera duten pertsonen talde bat sistematikoki suntsitzea da. Hitza Raphael Lemkin poloniar juduak asmatu zuen 1944an, grekoko genos («familia», «tribua» edo «arraza») eta latineko cīdere («erail») sustraietatik. 1951n nazioarteko legeek genozidioa definitu eta debekatu zuten.

Genozidiorako bide asko erabili izan dira; gosez hiltzen utzi, haurdun geratzen diren emakumeak haurrak galtzera behartu, eta abar. Nazio Batuek genozidioa krimentzat hartu zuten (1948), Nurenbergeko epaien ondoren.

Historia osoan ez da ezagutu XX. mendean adinako genozidiorik. Milioika heriotza horiek guztiak ez dira gerraren ondoriozkoak izan, arraza, etnia, erlijio edo politika talde desberdinen aurkako hilketa berariazkoak eta sistematikoak eraginak baizik. XX. mendeko lehen genozidio jendetsua 1915 eta 1923 bitartean gertatu zen: turkiar gobernuak 600.000-1.500.000 armeniar beren etxeetatik egotzi edo sarraskitu zituen. Hala ere, azkenaldiko genozidio kasurik zoritxarrekoena Alemaniak 1930 eta 1940 artean Europako juduak desagerrarazteko egin zuena izan zen. 1945ean Bigarren Mundu Gerra amaitzerako, 12 milioi pertsona hil zituzten naziek; horietatik sei milioi juduak ziren, eta gainerakoak ijitoak, homosexualak edota eslaviarrak. Urte hartan bertan, Nurenbergeko epaitegiak holokaustoaren arduradunak epaitu zituen, eta gizabanakoaren erantzukizun printzipioa arautu zuen.

1946an Nazio Batuen Batzar Nagusiak genozidioa baztertzeko hitzarmena idatzi zuen, eta 1948an onartu zen. Bertako ataletan, besteren artean hauek hitzartu zituzten: genozidioa desagertzeko nazioarteko lankidetza behar dela; gerratik kanpo gertatzen den genozidioa ere krimena dela, baina ez krimen politikoak direnak; erruduntzat jotzen direnek ez dutela estradiziorako immunitaterik; eta errudunak genozidioa gertatutako estatuan bertan epaituko direla, edo eskumena duen nazioarteko epaitegi batek epaituko dituela.

Genozidio nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira XX. mendean gertatutako genozidio kasurik larrienetako batzuk:

Bestalde, XX. mendea baino lehen izandako genozidiorik handienak europarrek Amerika, Afrika (1904ko Herero eta nama herrien genozidioa barne besteak beste), Australia (Gerra Beltza besteak beste) eta Zeelanda Berria kolonizatu zituztenekoak dira.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikiztegian orri bat dago honi buruz: genozidio .