Arrillaga Haundi baserria

Koordenatuak: 43°17′06″N 2°04′58″W / 43.2849°N 2.0828°W / 43.2849; -2.0828
Wikipedia, Entziklopedia askea
Arrillaga Haundi baserria
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Arrillaga Haundi baserria, Indalecio Ojangurenen argazkian.
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaUsurbil
Koordenatuak43°17′06″N 2°04′58″W / 43.2849°N 2.0828°W / 43.2849; -2.0828
Map
Historia eta erabilera
EraikuntzaXVIII. mendea -
Arkitektura
Estiloaarkitektura barrokoa
Ondarea
EJren ondarea40

Arrillaga Haundi baserria, batzuetan Arrillaga Aundi Aginagan (Usurbil) dagoen baserria da.

2002ko ekainaren 4an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikina trinkoa da, oinplanoa laukizuzena du, eta bi solairu eta ganbara ditu. Alboetatik ez dauka garaiera bera, lursaila ere halakoxea baita: hegoaldeko fatxadatik iparraldekora alde handia dago. Gaur egun, beheko eta lehenengo solairuek zuzeneko sarbidea dute. Baserriak harri-hormak ditu, eta zurezko egitura fatxadetako bitan. Hiru izkina harlanduz eginda daude eta ate-leihoetako batzuk ere koadroa halakoxea dute. Teilatua hiru isuritakoa eta teila zeramikoa.

Kanpoaldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fatxada nagusia hegoaldera du baserriak. Hareharrizko zutabe batzuen gainean dago eta, zutabe horien azpian, aparailu gotikoko harrizko horma. Honenbestez, galeria bat daukagu, ibai aldera begira. Hasiera batean irekia zen, baina gaur egun zati batean itxita dago. Fatxadako zurezko egiturari eusten dioten habeak harrizko lau zutabeen eta mendebaldeko horma gainean daude (horma horrek ixten du galeriako ezker aldea). Galeria horrek eskuin aldetik dauka sarbidea, ekialdeko fatxadan. Sarbide horretan, harmailadi txiki bat, ate bat, eta hor ditugu beste eskailerak, ataria eta sukaldea. Hormarteko bigarren lerro hori sortzen duen hormak (galeriaren barruko aldea osatzen du) izkinak harlanduzkoak ditu, eta garai batean leiho bat ere bazen, gaur egun ate modura darabiltena. Eskuin aldeko zati batean izan ezik, galeriako arkupeak erdi itxita daude gaur egun, baina ez denak berdin, eta berdin itxita ez egote horrek fatxada itsustu eta arkupea itxuraldatu egiten du. Goiko solairuetan zurezko egitura dago, zarpeatua gaur egun, baina egitura hori hortxe dago, simetrikoa da, eta, ataletan, goitik beherakoa gehien bat, nahiz eta batzuk diagonalak diren. Fatxada hori ibaira begira dago, teilatuko isurietako bat dauka gainetik eta teilatuko hegalak zurezko euskarriak. Ate-leihoak zurez landuta daude, eta, lehenengo solairuan, eskuineko zuloak erlaitz txiki bat dauka, moldurak eta guzti.

Gaur egun, fatxada desitxuratuta dago, alde batetik, galeria itxita dagoelako zati batean, eta, horrek, zurezko egitura estali egiten du, eta, beste alde batetik, galeriako harrizko zutabeen azpiko hormari txabola bat erantsi diotelako.

Iparraldeko fatxada baserri atzeko aldekoa da. Lurrari loturik dago, eta lehenengo solairura zuzenean sartzeko bidea ematen du. Fatxada osoa harri-horma da, baina ate-leihoetako koadroak harlanduz eginda daude. Lehenengo solairuan halako hiru daude, eta ganbara parean beste hiru. Lehenengo solairuan badira beste bi bao eta ate gidaridun bat, belartegira eramaten duena (geroago egindakoak dira). Hormako erpina itxi gabe dago. Horko pieza bat buruz beherako urkila itxurakoa da eta aurpegi bat dauka landuta. Itxuraz, ontzi baten brankako maskaroia dirudi. 1740 urtea dauka inskribaturik eta gainean daraman gailur-makilaren buruak erroilu eta lokarri modura apaindurik dago, barroko erara. Estalkiari eusten dioten beste euskarriak ere horrelaxe daude apainduta.

Kanpotik begiratuta, mendebaldeko fatxada estalita dago zati batean, hormigoi-blokez egindako eranskinak direla-eta. Fatxadako aparailua nahiko erregularra da, harlanduz egina zati batean. Ate-leihoak harlanduz eginda daude solairu guztietan. Gezileiho bat eta bi ate ateburudun dira azpimarragarrienak (biak ere beheko solairuan). Eranskinen barrutik begiratu behar, beheko solairua ikusi nahi izatera.

Ekialdeko fatxadan, ukuilurako bi sarbide eta hainbat bao han eta hemen eginak. Beheko solairua harri-hormaz eginda dago. Haren gainean, paramentu bat, zarpeatu azpian gaur egun. Zutoin bertikalak ditu, goiko aldean lira itxurako besoak dituztenak.

Barnealdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baserri barruko banaketa dela-eta, beheko solairuan sukaldea eta ukuilua ditu. Ukuilua eta biltegia hasieran baino handiagoak ditu, arkupeari lekua janda eta mendebaldeko fatxadako eranskinen bidez zabalduta. Lehen solairuan bizitokia dago. Ekialdeko fatxadaren parez pare korridore bat dago eta haren alde bietara daude: kanpo aldera begira, gela nagusiak (jantokia, logela nagusiak); eta, barrualdera begira, logelak. Lehen solairuko zatirik handiena lastategia da. Egitura begi aurrean du: paregabea da, barrokoa, lodiera ederreko zutoinak, lira itxurako besoak eta, gainean, solibak eusten dioten habe nagusiak. Zurezko ataletan garbi-garbi ageri dira zenbaki-arrastoak. Zurgintzako pieza guztiek zeramaten zenbaki bat, egitura errazago lotzeko eta zurak pasadore bidez errazago lotzeko. Aipagarria eskailera, ederra oso, zurezko balaustre eta zutabexka torneatuak dituena, boletan amaituak. Ganbarako eskailera oso sinplea da: taula batzuk maila modura jarriak. Ganbararen laurden bat aparte itxita dago, baratzeko produktuak gordetzeko. Hor, teilatupe horretan ikusiko dugu, inon baino argiago, egitura barroko paregabea. Begi aurrean baitugu egitura konplexua: hainbat zutoin, lira itxurako jabaloi eta habe, gapirio eta uhalek eutsita.

Barrutik, lau hormartetan banaturik dago. Beheko solairua egituratzeko eta egokitzeko osagai guztiak hormak eta harrizko zutabeak dira. Goiko oinetan, berriz, zutikoak dira, egituran, nagusi, eta zutiko horiek eutsita, jazenak eta zurezko solibak. Aipagarria (halako gutxi baitago) hiru isuriko teilatuko egitura. Forjatuak ekialdetik mendebaldera egituraturik daude, atarikoa izan ezik, hor kontrako aldera jarrita baitago.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]