Arturo eta Klementina

Hau artikulu on bat da. Egin klik hemen informazio gehiagorako.
Wikipedia, Entziklopedia askea

Arturo eta Klementina
Datuak
IdazleaAdela Turín (1976)
GeneroaHaur literatura eta fikzioa
Jatorrizko izenburuaArturo e Clementina
ArgitaletxeaPamiela-Kalandraka
Herrialdea Italia
IlustratzaileaNella Bosnia
BildumaDalla parte delle bambine
Orrialdeak40
ISBN978-84-8464-785-0
Euskaraz
IzenburuaArturo eta Klementina
ItzultzaileaFernando Rey Escalera
Argitaratze-data2013
BildumaNeskatoen alde
ISBN978-84-7681-786-5

Arturo eta Klementina (jatorrizko izenburua italieraz: Arturo e Clementina) haur literaturako album ilustratu bat da, Adela Turínek idatzia eta Nella Bosniak ilustratua. "Neskatoen alde" bildumako ipuina da eta istorioa, alegia baten bidez kontatua, emakumeak gizartean duen rolaren inguruan hausnartzen du.[1][2]

1976an plazaratu zen lehen aldiz Arturo e Clementina, Milanen. Adela Turín idazleak hirurogeita hamarreko hamarkadan idatzia zuen liburu hau, feminismoaren historiako une esanguratsu batean eta ikuspegi feministako ipuinik enblemeatikoenetako bat bihurtu da.[3][4]

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arturo eta Klementina liburuan, dortoka bikote baten istorioa kontatzen da. Arturo eta Klementina udaberriko egun eder batean elkar ezagutzen duten bi dortoka dira, eta elkar ezagutu bezain laster, ezkontzea erabakitzen dute. Ur-bazter batean bizi dira elkarrekin, arrantza egiten, lanak egiten… Baina egun batean, Arturok berak bakarrik arrantzatu nahi duela erabakitzen du, Klementinak atseden har dezan. Orduan, Klementina aspertzen hasten da, eta berak ere gauzak egin nahi dituela ohartzen da: txirula jo, margolanak egin… Arturori, ordea, horiek denak ergelkeriak iruditzen zaizkio, eta ez du bere emaztea horretarako gai ikusten. Baina egun batean, Klementina egoeraz aspertu, eta bere oskola utzita paseo bat ematera joaten da. Momentu hartan, benetan aske sentitzen da, eta handik gutxira dena utzita bere bizitza berriz egin nahian alde egiten du.[3]


Pertsonaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arturo eta Klementina dira ipuineko bi pertsonaia nagusiak. Hauez gain beste pertsonaia batzuk ere azaltzen dira istorioaren garapenean zehar: igela, oilarra, txoriak, ahateak... Dena dela, ikusle hutsak dira, irakurlearen moduan, eta ez dute bertan parte-hartzen. Pertsonaia pasiboak bukaerako Arturoren lagunak dira, Arturok Klementinak nola alde egin duen kontatzen die, baina ez da haien sexua ezagutzen.[5]

Arturo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arturok genero maskulinoaren ereduaren ezaugarriak bere egiten ditu. Bera da etxera beharrezkoak diren gauzak ekartzen dituena, baina hori bere erabakien ondorio da, ipuinaren hasieran elkarrekin egiten baizituzten lanak. Bere erabakiaren oinarria Klementinak ezer egin behar ez duen ustea da. Haserretu egiten da Klementinak bere ereduak inposatzen dituenean eta pasibo izateari uko egiten dioenean, eta bere ideia eta nahiak mespretsatu egiten ditu “ergelkeriak” direla esanez, “ez zara hori egiteko gai”... Arturok espero du Klementinak bere zain egon behar duela eta esker oneko izan behar duela berak haren alde egiten duenagatik, eta baita berak egiten duen lanarekiko mirespena izan behar duela ere. Hori horrela ez denean, ordea, Klementina gutxietsi egiten du.[3][5]

Klementina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klementina, ipuineko pertsonaia femeninoa, ez da pertsonaia maskulinoaren espektatibak betetzen dituen pertsonaia. Hasierako deskribapenean “dordoka alai eta ameslaria” dela esaten du, eta etengabe alaiki ideia berriak proposatzen ditu. Inflexio puntu bat dago, ordea, Arturok erabakitzen duenean lanean bera arituko dela, Klementina bere zain egonez. Erabaki horrek Klementina aktibo izatetik pasibo izatera pasatzera behartzen du, eta gainera, bere rola horrekin pozik egotea eskatzen zaio.

Klementina, aldiz, ez da bere rolean geratuko. Ez dio bere izateari uko egingo, eta aktibo izaten jarraitu nahiko du, nahiz eta Arturo saiatzen den aktibotasun nahi horri pasibitatea eskatzen duten opariak egiten, Klementinak ez du onartuko. Egun batean bere bizitza horri uko egingo dio eta bere izaera berreskuratuko du ameslari, bidaiari eta alai izanez.[3][5]

Ilustrazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nella Bosniak egindako ilustrazioek liburuan garrantzi handia daukate, testuak eta ilustrazioak elkarren osagarri direlarik.

Hasteko, Arturo eta Klementinari dagokionez, fisikoki berdin irudikaturik agertzen dira eta haien karakterizazioa burutzeko objektuak erabiltzen ditu Nella Bosniak. Hala, Arturok hankan erlojua eramaten du irudikatzen den aldi gehienetan. Klementina irudikatzeko, berriz, buruan lazoak jarriko dizkio (marradunak edo arrosak). Horrez gain, masailak arrosak izango ditu.

Sinbologia askoko elementuak dira hauek, koloreei erreparatuz gero, Klementinak beti kolore arrosa presente izango baitu, Arturorekin dagoenean. Dena dela, urmalera lehen paseoa ematen duenean etxea eta Arturoren objektuak utzita, Klementinaren gorputzean ikusten ditugun koloreak oso desberdinak dira, anitzak, eta ingurunean ere ez dugu arrosa zantzurik ikusiko. Nolabait, ematen du arrosa koloreak, bakarrik agertzen denean, Arturorekiko lotura irudikatzen duela.

Elementu garrantzitsua lepoko arrosa da, hori izango baita Klementinak gehienetan eramango duen elementua. Azken finean, Klementinak gero eta espazio handiagoa okupatzen du,  etxe gainean dituen solairu gehigarriak direla eta.

Bukaeran, paisaia zabal bat ageri da, kontrastea eginez ordura arte ikusi dugun ingurune hurbilarekin, Klementinaren munduaren zabalpenaren ispilu.[5][6]

Testua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipuinaren hasieran , elkar ezagutzen dutenean, ezkontzea erabakitzen dute. Hasierako harremana parekidea dela ilustrazioan agertzeaz gain, testuak adieratzen du, bien artean erabaki zutela ezkontzea. Ipuin tradizional askotan ezkontzea erabakitzen duena printzea (edo beste pertsonaia maskulinoak, esaterako, aita) izaten da, eta honetan desberdina da.

Jarraian, Klementina “dortoka alai eta ameslari” moduan deskribatzen du, eta bere hasierako ilusioak adierazten dizkio Arturori, plan proposamenak egiten (Venezia ikusteko gogoa, bidaiatzeko gogoak...). Istorioak aurrera egiten duen heinean, ordea, Klementinaren alaitasun hori nola gutxitzen den ikus daiteke elkarrizketen eboluzioan. Arturori proposamenak egiten dizkio hasieran, bere asperdurari aurre egiteko, baina Arturo gero eta gehiago da elkarrizketen jabea, eta Klementinak ahotsa izateari uzten dio. Horren ordez, bere pentsamenduak azaleratzen dizkigu narratzaileak.

Arturoren hiztegiari dagokionez, lehenengo uneetan Klementinari galderak zuzenean egiten dizkio, eta “maitea” bezalako adjektiboak erabiltzen ditu. Ondoren, ordea, hiztegia positiboa izatetik erabat negatiboa izatera pasatzen da: "ez zara-eta gauza", "ergela ematen duzu", "tontakeria", "ideia txoroak", esaterako. Klementinarekiko daukan jarrera bikoitza salatzen du: batetik, opariak erosten dizkio, baina bestetik, berarekiko botere-harremana ezartzen saiatzen da. Subordinazio horrekin, Klementina gutxiesten eta bere gaitasunak infrabaloratzen ditu.

Bukaeran, aipatzen da Arturoren kritikek Klementinarengan ez zutela inolako eraginik, hau da, ondorengo hau adierazten da: “ez zutela gehiago ondoratzen”.[3][5][6]


"Neskatoen alde" bilduma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adela Turínek, berdintasunezko harremanetan eragiten duten hainbat ipuinen egileak, eta Nella Bosniak sortu zuten “Neskatoen alde” izeneko bilduma. Bertan, 1975etik 1980ra bitartean, hogei liburutik gora argitaratu zituzten eta hezkuntza bateratuari eta sexuen arteko berdintasunari buruzko erreferentzia bihurtu zen liburu bilduma. Ipuinetan gizarte matxistari kritika egiteaz gain, alternatiba gisa haurrentzako istorio aurrerakoiak eta iraultzaileak sortu zituzten kritika feministaren ildotik. Horrela, haurrentzako liburuen bitartez, emakumeek pairatzen duten diskriminazioa salatu eta gizarteko rolen inguruko gogoeta egitera bultzatu nahi ditu irakurleak. Kritikaren ustez, nahiz eta urteak igaro, liburu hauek tresna baliagarri izaten jarraitzen dute hezkidetza eta berdintasuna haurrekin lantzeko.[1] [6][7][8][9]

Adela Turín eta Nella Bosniak elkarlanean “Neskatoen alde” bildumarako sorturiko ipuinen artean, euskaraz argitaratukoen artean gomendagarriak lirateke honako hauek:

Aipamenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2013ko Mondragon Unibertsitatearen Irakur Gida[10]

2018/2019 ikasturteko Eskolako Literatur Kanoneko liburu zerrenda (Nafarroako Gobernua, ELK)[11]

Prentsako aipamenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asun Agirianoren kritika Garan[12]

Xabier Etxanizen kritika Argian[12]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b «Kalandraka: Detalle libro» www.kalandraka.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-18).
  2. «Galtzagorri Elkartea» www.galtzagorri.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).
  3. a b c d e Erle, Xabier Etxaniz. (2013-10-27). «Arturo eta Klementina» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
  4. Zerpa, Isabel. (2015). «Arturo y Clementina de Adela Turín. Un cuento y una autora a favor de las niñas» Revista venezolana de estudios de la mujer 20 (45): 249–253. ISSN 1316-3701. (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
  5. a b c d e Ubani Larrainzar, Leire. (2014). HEZKUNTZA HEZKIDETZAILEA: IPUINAK HEZKIDETZARAKO BIDE ETA BALIABIDE. UPNA.
  6. a b c Santervás, Laura. (2015). "A favor de las niñas", una reflexión sobre coeducación e igualdad. .
  7. Área de Juventud. Educación y Mujer del Cabildo Insular de Tenerife. (2005). Coeducación a través de la lectura. .
  8. (Gaztelaniaz) «Adela Turín» . 2016-03-08 (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).
  9. Galtzagorri Elkartea. HAUR ETA GAZTE LITERATURA EZ SEXISTA. .
  10. «Guía de literatura infantil y juvenil - Mondragon Unibertsitatea» www.mondragon.edu (Noiz kontsultatua: 2020-03-18).
  11. «ELK egitasmoa - Kanoneko liburu-zerrendak» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-18).
  12. a b Galtzagorri Elkartea. «Arturo eta klementina» www.galtzagorri.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]