Atari:Gasteiz/Nabarmendutako artikulua eta pertsona

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nabarmendutako gasteiztar artikulua Nabarmendutako gasteiztarra

Maria Sortzez Garbiaren katedrala edo Katedral Berria Gasteizko katedraletako bat da, erdigunean kokatuta, Lovaina inguruan. XX. mendeko lehen erdian eraiki zuten, estilo neogotikoa jarraituz.

Katedrala antzina Brigiden komentua zegoen solairuan dago, Florida parkearen alboan, eta Luiz Heinz, Cadena y Eleta eta Magdalena kaleen artean. 1907ko abuztuaren 4ean Julian Apraiz Arias eta Javier Luque arkitektoen planoen arabera eta garai hartan Gasteizko apezpikua zen Jose Cadena y Eletaren bultzadaz eraikitzen hasi zen, azken honek diozesiari -ordukoak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa barne hartzen zituen- bere eliz-barrutiko beharrei egoki eratzungo zien tenplu-egoitza nahi zuen, Alde Zaharrean dagoen Santa Maria katedral gotiko zaharra ordurako neurriz motz gelditzeaz gain, kontserbazio egoera kaskarra baitzuen.

Lehen harriaren ezartze ekitaldia bikaintasun osoz gauzatu zen, horretarako Alfontso XIII.a Espainiakoa eta Viktoria Eugenia Battenbergoa errege-erreginak, Maria Kristina Austriakoa ama-erregina eta Rinaldi monsionerea eta Vatikanoko nuntzioa, eliz probintziako ordezkariak, Espainiako Gorteetako, nahiz Espainiako Gobernuko eta Araba eta Gasteizko aginte erakundeetako ordezkariak bertaratu ziren.

Eraikuntza lanen lehen fasea abiadura biziz burutu zen, bertan Euskal Herria nahiz atzerriko beharginek lan egin zuten. 1914ean Melo y Alcalde apezpiku berriaren ailegatzearekin batera etenaldia egon zen, hasieran ezarritako 5 milioi pezetako aurrekontua gainditu baitzen, eta oraindik proiektatutako eraikinaren lau bosten altxatzeke baitzeuden. Lehen fase honetan kripta (1911an inauguratua), girola, bere bost nabeetako zutoinen behekaldea (8 metroko garaiera arte) eta kanpoaldeko paramentuen zatirik handienak amaitu ziren, eraikuntza eta apaindura materialak nagusiki Hego Euskal Herriko harrobietatik ateratako harri naturala eta marmola izan ziren.

...gehiago irakurri

Almudena Cid (Gasteiz, Araba, 1980ko ekainaren 15a - ) gimnasta eta modelo arabarra da. 2008ko Olinpiar Jokoetan parte hartu ondoren, bere ibilbide profesionalari agur esan zion.

1996an Atlantako Joko Olinpikoetan parte hartu zuen lehenengo aldiz eta finalera ailegatu zen. Hurrengo bi edizioetan, finalista izaten ere lortu zuen, Sydneyn 2000n eta Atenasen 2004an. Munduko lehen emakume bihurtu zen hiru finaletan jarraian sailkatuz.

Greziako Patrasen egindako 2007ko munduko txapelketan 11. sailkatu zen. Beijingo 2008ko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen, finaletarako sailkatu zen eta zortzigarren postuan bukatu zuen diploma olinpikoa lortuz.

...gehiago irakurri