Edukira joan

Santa Maria katedrala (Gasteiz)

Santa Maria katedrala
Katedral Zaharra
 UNESCOren gizateriaren ondarea
Kultura ondasuna
Euskal Herriaren barnealdeko Donejakue bidea Euskal Herriaren barnealdeko Donejakue bidea
Alde Zaharra
Katedralaren ikuspegia
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaGasteiz eta Araba
Koordenatuak42°51′03″N 2°40′21″W / 42.85076°N 2.67246°W / 42.85076; -2.67246
Mapa
Historia eta erabilera
Decretum "De titulo Basilicae Minoris"a 1844ko maiatzaren 8a
Erlijioakatolizismoa
ElizbarrutiaGasteizko elizbarrutia
IzenaMaria
Arkitektura
Estiloaarkitektura gotikoa
Azalera0,25 ha
Gizateriaren ondarea
Erreferentzia669bis-018
Eskualdea[I]Europa eta Ipar Amerika
Izen-emateabilkura)
BICRI-51-0000359
93
Webgune ofiziala
  1. ↑ UNESCOk egindako sailkapenaren arabera

Santa Maria katedrala edo Katedral Zaharra Gasteizko Alde Zaharrean dago, Buruileria plazaren gainean. Gasteizko hirigune historikoaren iparraldeko muga da. Alboan, izen bereko Santa Maria eliza du.

Gasteizko jendartean Katedral Zaharra izenaz ezaguna da, Gasteizen XX. mendea eraiki zen Katedral Berriarekin ez nahasteko.

Santa Mariaren eliza gotikoa Erdi Aroko erdigunearen iparraldean dago, hiriko gunerik garaienean, Suso hiribilduan, eta XIV. mendean eraiki zen, 1181. urteko gaztelu-elizaren gainean. Eraikuntza askea da, latindar gurutzeko oinplanoa duena eta hiru nabe; erdikoa eta altuera gehien duena gurutzadura handia du eta burualdean hiru kapera, ostikoen arteko espazio zabala aprobetxatuz. Hareharri zuriz egin zen, baina zenbait tokitan adreilua eta hargin-lana ere erabili izan zen. Eraikinaren elementu arkitektoniko garrantzitsuenak ataria eta portiko nagusia dira. XIV. mende amaierakoa da eta eskultura gotikoko adibide paregabea da. Sarrera arkiboltak dituzten hiru punta arkuen bitartez dago egina, janba eta dekoratutako tinpanoekin. Amabirjinaren imajina kokatzen den mainela du. Kaperetan estilo berriagoetako elementu erantsiak ikus daitezke, baita koruan, sakristian, dorrean eta atarian ere. Katedralaren ondoan, ekialdeko hormei itsatsita, XV. mendeko eraikin aipagarri bat dago. Eraikuntza hau, egun parrokia dena, Santiagoko Kapera izena du. Iparraldeko fatxadan eta Erdi Aroko obrari kontrajarriz, barrokoko eraikin eder bat dago, Kristo Santuaren Kapera alegia. Ederki landutako harlanduz eginda dago; toskanar pilastrek banatzen dute; goiko partea, aldiz, moldura duten baoez, obalo eta bolutez apaindua dago. Aipatu beharra dago barruko kapera desberdinen garrantzia; bertan margo-oihal, zizelkatze eta balio handiko hilobiak daude. Hasieran funtzio erlijiosoa eta gotorleku militar funtzioa nahastu egin ziren. Iparraldeko fatxadak harresi oihal handi birekin, ostiko azpiko erronda bideak, dorre poligonalak eta galeriek hala adierazten dute bederen.

Eraikuntzan erabilitako kareharria Trebiñuko Axarteko harrobitik eraman zuten.

Arkitektura eta eskultura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gasteizko Santa Maria katedraleko barrualdea

Gasteizko Santa Maria Katedrala (Katedral Zaharra), inolako zalantzarik gabe Araba osoan sortutako eraikinik ederrenetarikoa da. Gaur egungo eraikin hau beste erromaniko baten ordezkoa da, 1181an Nafarroako errege Antso Azkarrak hiri‑gutuna eman orduko eraiki zena. Burgu zaharrean, goi‑lautada estu baten ipar-muturreko kokapen estrategikoak pentsarazten du eliza-gotorleku baten osagaietako bat izan zela, eta hala izan ere; azken urteetan egiten ari diren indusketetan azaldu da, jatorrizko eliza erromanikoaren azpiko kripta argitara ateratzean, antzina Gasteizena zen harresia aprobetxatuz eraiki zela eraikina. Eliza‑gotorleku bat zen, bere inguruko zati handi batean –iparraldekoan–, Erdi Aroko eliza‑gotorlekuetan ohikoa zen igarobidea salbatu duena.

Kolegio‑eliza izatetik Katedral izatera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gasteizko Andre Maria katedraleko barrualdea

Baina gaur kontenplatzen dugun eliza honen eraikuntza-lanak 1340-1345 bitartean, Alfontso XI.aren erregealdian hasiko ziren, nahiz eta harrigarria ere baden 1350era arte dokumenturik ez izatea. Eraikina estali aurretik beharrezkoa izan zen liturgia ospakizunak ziurtatzea, kapera gehigarri bat (1390‑1400) eraiki baitzen, gaur egun parrokia bati dagozkion eginkizunak burutzen dituena. Eliza nagusia, Santa Mariari eskainia, 1498an kolegio‑eliza izatera hartu zuen –Armentiakoa lekuz aldatu zelako– eta 1861ean katedral izatera igaro.

Eliza hiru nabekoa da, oinplanoan gurutzadura oso nabarmena du eta hiru tarte alde banatan; besoetara zister estiloko bi kapera ireki ziren alde banatan, hirugarren tarte trapezoidala girolaren abiapunturako utzirik. Gurutzaduratik abiatuta habearteek sarrera aldera bost tarte dituzte; eta burualdetik bost tartetako girola bat hasten da –aipatutako abiapuntuko biak barne–, honi absidean hiru kapera pentagonal ireki zaizkio. Habearteen saihetsetan, horma‑bularren artean, sakontasun gutxiko kaperak daude. Oinarrian, zirkulu-formako oinplanoak dira, gangetako nerbioekin egokitzen diren atxikitako zutabetxoekin. Egia dirudi, lehenengo eraikin gotikoak zurezko estalkia zuela eta, haren ordez harrizkoa egin zitzaionean, horma‑bularren kokapena eskasa izan zela, eta eusgarrien erortzeak –gaur egun begien bistan dagoena– eraikinaren sendotasuna ziurtatze aldera, oinarrien liraintasuna eta gangen batasuneko edertasuna sumatzea eragozten duten eusgarriak –arku apaldu batzuk– gainjarri zirela.

Ataurreko ganga

Zaharberritze lanak, 1962 eta 1964 bitartean egindakoak, lau “ukondo arkuak” kentzeko egin ziren, hain zuzen ere. Hogeita hamar urte beranduago, badirudi katedralaren egitura berriro ere mugitzen hasi dela eta gaur egun sendotze-lanak egiten ari zaizkiola. Kapitelak, landare estilizatuak dira ia denak. Gangen gurutzeria xumea da. Katedral honen ezaugarririk bereziena triforioa da, pasabide gisa estua bada ere (50 m), eliza osoa inguratzen du, arkuak trilobulatuak dira, lau orriko barandak eta moldurak multzo osoa inguratzen duelarik. Oinetan eta gurutzaduraren sartaldeko angeluetan dauden eskailera kiribiletatik igotzen da hara.[1]

Argia habeartera idi‑begitik sartzen da eta burualdera, berriz, habeartearen lehenengo tartetik, eta alboetara XIV. mendeko trazeria ziztatua duten leihateetatik. Elizan sartzen denari ahaztu ezinezko zirrara eragiten dio argitasunak, kanpotik begiratuta bloke itxi baten itxurari kontrajartzen zaiona, eta halaber, triforioa eta arrosa-leihoekin habearteko arkuteria zorrotzen konbinazio jakintsua.[2] Eliza hau aberasten eta bisitaria hunkituta uzten duen beste osagai bat da eskultura-lanen ugaritasuna, batez ere, arkupeko hiru ateetakoak, XV. mendeko bigarren zatikoak.

Mendebaldeko arkupeko bi eskultura erdiko arkuan. , Alexandriako Santa Katalinaren irudia nabarmentzen de

Gasteizko hiriaren kasko zaharrean gotikoak agintzen du estiloetan. Hango Santa Maria eliza, Katedral Zaharra izenez ezagutzen dena, Erdi Aroko Arabako hiriburuko eraikinik artistikoena eta interesgarriena da. Agiri gabeziaren aurrean, frantziar katedral handien eta Leon eta Burgoskoen antzeko estiloaren azterketa da hiru atetako arkupe oso zabal bat eskultura-lan aberats eta miresgarriak dituen eraikinaren oinetan kokatzera bultzatu zuen eragin gotiko mardularen kronologia eta argibideak eman diezazkiguken bakarra. Horren guztiaren arabera, XIV. mendeko lana da.

Santa Anaren atea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1962ko zaharberritzeak agerian utzi zuen gurutzaduraren hegoaldeko besoan dagoen Santa Anaren atea. Zoritxarrez oso hondatuak dauden eskultura-lan ugari ditu. Bost arkiboltaz jantzirik, oso nekez ezagut daitezkeen aingeruen eta santuen irudiak agertzen dituzte horietako lauk, barrualdekoenak, aldiz, Haurtzaroa garatzen du.

Ateburuan, Jesusen Ahaidetasun Santua adierazi nahiko lukeen sail batean zazpi pertsona heldu eta bi haur ikusten dira. Tinpanoak bi grabatu aurkezten ditu: azpikoan, ezagutu ezinezko zortzi irudi daude eta, goikoan, Kristoren bataioaren eszena, oso hondatua dagoena hau ere. Ebanjelioko gaiak dituena, inola ere, parrokiako bataiatokiaren gertutasunak behartutakoa da. Janbak bi mailetako horma-hobiz ederturik daude, baina gorengo mailan baino ez dira gorde irudiak; nitxoen garaierak eskatzen duena baino askoz neurri txikiagoko santuak, gizonezkoak eta andrazkoak, agertzen dira, eta hori dela, oinarri batzuk XVI. mendean jarriak izango dituela asma daiteke.

Mendebaldeko arkupea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Andre Mariaren katedraleko mendebaldeko sarrera

Hala ere, Gasteizko katedraleko eskultura-lan garrantzizkoenak, elizaren mendebaldeko arkupe handian irekitzen diren hiru atarietan aurkitzen dira. Atari aurretan badira aurreko arkupe batenak izan behar duten harbilak; hor bertan XIV. eta XV. mendeetako irudiak babesten dira, drozel sendoen azpian, profeta-txartel luze bat, ezaugarri gisa Isaias, eta Aingerua eta Deikundeko Birjina, biak ere irudi zapal samarrak, baina jada mugimendu errenazentista alaiak izan daitekeenak adieraziz.

Programa ikonografikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru atariei buruz, laburtuz, esan daiteke erdikoa Maria Birjinari eskainia dela, eskuinaldekoa Azken Epaiari eta ezkerraldekoa Elizako andere eta gizon santuei. Frantzia eta Espainia aldeko XIII. eta XIV. mendeko beste eliza handietan ikus daitezkeen programen aldean ez da askoz desberdinagoa.

Ganga-giltzarria

Erdiko ataria. Erdiko ataria begiratzen badugu, janbetan santu ugari ikusiko ditugu, Alexandriako Santa Katalinaren irudia nabarmentzen delarik, bere martiritzako gurpila dela eta ezagut daiteke eta XIII. mendeko tradiziorik hoberenaren barruan eredu bikain bati erantzuten dio. Arkiboltetan ohitura jarraitu egiten da, alegia, aingeru, profeta eta andere eta gizaseme santuez betetzen dira, hauetako asko oso hondatuak azaltzen badira ere. Mainelean Maria Birjinaren irudi oso alai bat altxatzen da. Bere gorputzeko okerdura arinagatik, tolesdura ugari eta zimurrengatik, txoritxoa duen Haurraren irudiagatik, eta beste gai batzuetako sinboloak diren biribila, lorea eta dragoiagatik, germaniar maisuen eragina susmarazten du.[3]

Tinpanoko lau grabatuetan garatu diren eszenak, Erdi Aroko tinpano eta erretauletan hainbat alditan adierazi izan diren Maria Birjinaren eszenei buruzkoak dira. Guardiako Erregeen Santa Mariarena da Gasteiztik gertuen dagoena. Gasteizko katedral honetan, tinpanoko eskulturak, kanon lirain bat nahiago duen maisu batek eginak dira, agian aipaturiko Santa Katalinaren irudia landu zuen ertilariarena.

Ama Birjina erdiko atariko mainelean.

Eskuinaldeko ataria. Santuen irudiz okupaturiko janbak ditu, eta, besteak beste, ukenduaren pitxarra daraman Santa Madalena bederen ezagut daiteke. Tinpanoko irudi batzuk ezin ezagutu dira; beste batzuetan aldiz, oso nabarmena da Azken Epaiaren adierazpena, arimak pisatzen ari den Aingerua, zauriak erakusten dituen Kristo, aintzara sartzera doan Birjina eta abar.

Ezkerraldeko atariak ez du eskulturarik janbetan; arkiboltetan aingeru musikari ala kantariak, santuak, erregeak eta profetak ikusten dira. Ziurtasunez ezagutu ez diren eszenak eskaintzen dituzte tinpanoko lau grabatuek. Apraiaz maisuak, Santo Toman apostoluarekin lotzen zituen eszena batzuk. Errukizko ekintzen aipamena ikustea iruditu zitzaion Canterari.

Duela gutxi pentsatu izan da San Gilenen historia dela atari osoari batasun ikonografikoa ematen diona, bere bizitzako agerraldiak adieraziz, Urrezko Kondairan kontatzen denaren arabera.[4]

Izen eztiaren erretaula

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Izen Eztiaren erretaula, Katedraleko girolan.

Erretaula flandriarra da, mistoa: pintura eta eskultura; 1550 inguruan egina. Pedro Antonio de Gamiz enbaxadorearen dohaintza, Anberesko eskolakoa dela dirudi.

Arkitektura aldetik, fatxada eta etxetxoak darabiltzan erretaula-motakoa da, eta bankua, bi atal, hiru kale, eta goi-goian atiko bat dauka. Bankuan daude, hain zuzen ere, taula pintatuak. Kale arteko banaketa pilastra zabal batzuek egiten dute: kapitel joniarra daukate eta irudi antropomorfoz, oihal zintzilikatuz eta hainbat landarez daude apaindurik. Lehenengo atalean, etxetxoak karpanel erara daude laukiturik. Goiko aldean abar-itxurara daude apaindurik, eta osagarri modura, alboetan, giltzarrien lekuan, maskara batzuk ageri dira.

Erdiko horma-konka altuagoa da eta konplexuago apaindurik dago, antropomorfo eta landare-irudiz. Kale arteko pilastra korintoarrak oso-oso apaindurik daude: hainbat animalien irudiak, irudi antropomorfoak eta landareak. Bigarren atalean, zutabeak ageri dira: kapitela korintoarra dute, fusteak ildaskatuak dira goiko aldean, eta beheko aldea erliebez apaindurik daukate.

Alboko etxetxoak ere karpanel erara daude amaiturik, behekoak bezala, eta apainketa ere antzekoa dute. Erdiko horma-konka, ordea, gorantz luzaturik dago eta puntu erdiko arku bat dauka marko moduan; apainketa takotan egina, moldurak lobulatuak ditu, eta oso apainduta dago: antropomorfoak eta abarrak. Goi-goiko taulamenduak friso apaindua du eta erlaitza takez apaindurik dauka.

Ikonografia dela eta, bankuan pintura manierista batzuk daude: San Joakim eta Santa Ana tenplutik erauziak, aingerua San Joakimi berri ona ematen, eta San Joakim eta Santa Ana tenpluan limosna emanez. Lehen atalean, honako erliebe hauek: Jaiotza, Erdainkuntza eta haurraren aurkezpena; bigarren atalean, alboko eszenetako irudiak galduta daude (Jesukristoren haurtzaroko bi kontakizun ziurrenik), erdiko eszenan Ama Birjinaren lokartzea ageri da.

Erretaularen polikromia jatorrizkoa da, flamenko motakoa, eta hain zuzen ere, urre distirarazia eta urdin ilunaren arteko bikromia darabilen eta ezaugarri nagusi ere horixe duen motakoa. Toki jakin-jakineko batzuetan estofatu pixka bat ere badu, eta azal-kolorea matea da, olioz egina.

Erretaulak dituen zeinu adierazgarri batzuek flamenkoa dela erakusten dute: albo banatara, bigarren atalaren parean, bi esku ageri dira, erreta, eta gaztelu bat ere bai, edo hori dirudi behintzat; eta erdainkuntzaren eta aurkezpenaren erliebeen oinarrian beste esku txikiago bat, eskematikoa.

Estiloz, erretaula hau Lehen Pizkundekotzat hartzen da, baina –harrigarria da gero- apainketa manierista da, nahiz eta artean azkar izan horretarako. Apainketak, ziurrenik, Fontainebleauko jauregiko iztukuak ditu eredu-argi, eta gaietako batzuk garai hartako grabatu italiarretatik hartuta daudela dirudi.

Egitura arazoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikinak egitura-arazoak ditu jaiotzetik. Jendaurreko itxieraren ondorioz, Zaharberritze Integraleko Plan Gidatzailea egiteari ekin zitzaion. Plan horren emaitzak 1998an argitaratu ziren, eta ezaugarri azpimarragarritzat du zaharberritze-lanen bisitagarritasuna, 'Obretan eta irekita' lelopean. Planak Europa Nostra 2002 saria jaso zuen, zaharberritze-ikasketa berezien kategorian. 1999an Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Gasteizko gotzaindegiak osatutako Santa Maria Katedrala Fundazioak egiten du kudeaketa.

Lanen finantzaketa Patronatuan dauden hiru erakundeen aldizkako ekarpenetan oinarritzen da, bai eta Eusko Jaurlaritzak horretarako sinatutako hitzarmenen bidez egindakoetan ere. Horri esker, berreskuratze konplexuari ekin dakioke, beharrezko malgutasunarekin eta metodologia-zorroztasunari eragin gabe. Era berean, Espainiako Gobernuak modu jarraituan eta nabarmenean babestu ditu egindako esku-hartzeen zati batzuk, nahiz eta irregularra izan, batez ere dorrean eta nabeetan.

Modu integralean zaharberritzeari ekiteak (ez soilik egiturazkoa, baita potentzialtasun funtzional eta kultural berriak kontuan hartuta ere) azal dezake erabakitako laguntza hori. Ondareari heltzeko modu berri honek, Europako Arkeologia Ondarearen Saria jaso zuen 2019an, Europako Arkeologoen Elkarteak (EAA) emana.

Beste laguntza instituzional batzuk, mezenasgo pribatutik datozenak ere bai, hirian finkatutako kultura-programa aberats bat aldi berean garatzeko aukera ematen ari dira (musika-kapera berreskuratzea, berreskuratutako eremuetan kontzertuak, eskola-unitate didaktikoak, gaikako hitzaldiak, etab.).

Jarduera horien artean, aipatzekoa da lehen aipatutako "Obretan eta  Irekita" programa (C), Santa Maria Katedrala Fundazioak lehen aldiz erregistratutako leloa (eta metodoa), kanpoko proiekzio estimagarria lortu duena. Zenbait erakundek (Sevillako artzapezpikutza El Salvadorko kolegiatan, Madrilgo Erkidegoan, etab.) hainbat lekutan aplikatzea hitzartu dute, Fundazioaren beraren web orrialdean eta Santa María la Real Fundazioaren Ondare Kanalaren izen bereko leihoan adierazitakoaren arabera.

Azken urtekoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 1856 eta 1870ean, eraikinaren patologia larriak ikusita, Martin Sarazibar arkitektoak ostiko edo horma-bular bana itsatsi zituen tenpluaren kanpoaldean. Horretarako, bi kapera deuseztatu behar izan zituzten.
  • 1960-1967 urte bitartean eraberritze lan batzuk egin ziren. Obra horietan, besteak beste, nabe nagusian zeuden ukondo-arkuak kendu zituzten, haien ordez tirante batzuk jarriz. Uste da aldaketa horrek patologia serioak eragin zituela katedralaren egiturarengan.
  • 2000. urteaz geroztik, azken zaharberritzea egiten ari da, "Obretan eta Irekia" leloarekin. Zaharberritze arkitektonikoa ezezik, zientzia, kultura, turismoa eta hirigintza arloak ere jorratzen ditu.
  • 2008ko urtarrilaren 9an Ken Follett galestar idazleak Gasteizko Katedralean "World Without End" bere liburu berria aurkeztu zuen, lana idaztean monumentu arabarrak inspiratu baitzuen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ (Gaztelaniaz) Lahoz, Lucía. (1999). El arte gótico en Álava. Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 28 eta hur. or..
  2. ↑ Eliza honen ezaugarriek zerikusia dute Gasteizko San Pedro, Lekeitio, Gernika eta Bilboko Santiago eta San Anton elizekin, bai eta Ozkabarte, Toledo, Palentzia, Leon eta abarretako burualdeekin ere. (Gaztelaniaz) Portilla Vitoria, Micaela Josefa. Catálogo monumental. Diócesis de Vitoria. Gasteiz: Caja de Ahorros Municipal de Vitoria, 85 or..
  3. ↑ (Gaztelaniaz) Portilla Vitoria, Micaela Josefa. Catálogo monumental. Diócesis de Vitoria. Gasteiz: Caja de Ahorros Municipal de Vitoria, 91 or..
  4. ↑ Plazaola, Juan. Euskal artearen historia (II): Gotikotik Errenazimendura. Wikiteka.