Basabürüan Montori

Wikipedia, Entziklopedia askea
Basabürüan Montori
Roger Idiarten kanta
Egilea(k)Roger Idiart
Ezaugarriak

«Basabürüan Montori» Roger Idiartek eginiko kanta da.[1] ETAk Eugen Beihl Alemaniako Errepublika Federaleko ohorezko kontsularen bahiketaren pasarte bat kontatzen du.[2]

Bertsoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horrela dio abestiak:


Basabürüan Montori, han bazen jaun bat beilari.
Arrano beltza üdüri, gaüaz leihotik ezkapi.
Txerkatürik zen aspaldi, eta nihon ez ageri
Nun ote zen gizon hori, orai jenteak badaki.
Kanberan debeatürik, oskiak etxen ützirik
Hegaltatü zen ixilik, leihotik jauzi eginik.
Hotza senditü beitzüan, agertü zen ostatüan
Bellopealat joan nahian, erori zen ifernüan.
Erraiten düe gisala, ordüan izertü zela
Hütsik beitzüan sakola, ezin edan Coca-Cola.
Hantik elki behar üken, segür uste beno lehen
Ontsa lagüntürik beitzen, bidajez abiatü zen.
Montüra txar bat ez aski, airean behar ibili
Egüberritan zen eraitxi, Papa Noëlek ekarri.
Ixtoria hortan zen baratü, geroztik fama hedatü
Montorik ez ote dütü, Eüskaldün zonbait salbatü.[3]

Gertakariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beihl bahitua egon zen eraikina.

Burgosko Prozesua hasi baino bi egun lehenago ETAk (Juan Jose Etxabe eta Txikiaren taldeak) Eugen Beihl kontsul alemaniarra bahitu zuen; Donostiako bere etxean harrapatu zuten, eta Bidasoa igaro ostean, komandoko kideek Donibane Lohitzunen ezarritako gendarmeen kontrol bati ihes egin zioten.[4]

Komandoak bahitua Montoriko (Zuberoa) apaiz etxean gorde zuen (gaur Udaletxea den eraikinean), Pierre Legarto apaizaren laguntzarekin. Etxabek proposamena egin zion Beihli: ihes egiten saiatzen ez bazen, nahi zuen guztia ekarriko zietela (janaria, telebista, egunkariak...) eta eguberri egunerako etxean izango zela. Horrela egin zuten, eta zerbeza kaxa oso bat edaten omen zuen egunero. Halere, gabonetako gau batean, Beihlek zaintzaileak erdi lo ikusi zituen telebistaren aurrean, eta etxetik ihes egin zuen.[4]

Gau hartan, urde hiltzea zela eta, festa giroa zegoen Montorin: kaleak eta bi ostatuak jendez beteak. Haietako batean sartu zen Beihl, dutxatu gabe eta beroki azpian pijama zeramala. Jendea begira geratu zitzaion, eta oihuka hasi zen: "Lagundu mesedez! Alemaniako kontsula naiz!". Hasieran, herritarrek bere itxura ikusita (pijaman eta mintzaira ulergaitzean), ez zioten sinetsi, burutik ongi ez zegoelakoan. Harekin hizketan, "Jardinean bi palmondo" zituen etxe batetik atera zela ulertu zioten; Montorin horrelako etxe bat baino gehiago zegoenez, Beihl auto batera igo eta buelta bat eman zuten, ea etxea ezagutzen zuten.[4] Ezagutu zutenean, herritarrak apezaren etxea zela konturatu ziren; gertatzen ari zena sumatuz (bahiketaren albistea komunikabideetan bolo-bolo ari baitzen), aita Legartori atea jo zioten, kotxean nor zuten azalduz; presoa itzuli zioten, "ezer ez zitzaiola gertatuko" adostu eta gero.[5]

Beihl askatzeko, Piarres Larzabal apaizak bitartekari lanak egin zituen,[6] eta Alemania Federaleko gobernuarekin Burgosko Prozesuan presioa egiteko konpromisoa lortu zuten.[7] ETAkideek konfiantzazko kazetari alemaniar batzuen esku utzi zuten, Wiesbadenen (Hessen, Alemania) askatzeko, bitartean, kazetarietako bat giltzapetu zuten Arintasuna Hotelean, berme bezala. Eguberri egunean agertu zen bertan.[4] Askatua izan ostean, Beihlek Alemaniako Telebistan elkarrizketa bat eman zuen,[8] ongi tratatua izan zela esanez, eta Donostiara itzuli zen[9] kontsul lanarekin jarraitzeko.[10]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Xiberoko Botza - kantore kronikak orro heben» www.xiberokobotza.org (Noiz kontsultatua: 2019-05-29).
  2. Davant, Jean-Louis. «Roger Idiart (1931-2009)» http://www.euskaltzaindia.net/.
  3. Han hemenka kantari. .
  4. a b c d Martínez, Josu, 1986-. (2014). Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak. (2. arg. argitaraldia) Elkar ISBN 9788490272428. PMC 902999558. (Noiz kontsultatua: 2019-05-29).
  5. «Izena aldatuz izana ahaztu» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-05-29).
  6. «Larzabal, Piarres - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-29).
  7. (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (1981-02-21). «El cautiverio del cónsul Beihl» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-05-29).
  8. «ABC (Madrid) - 26/12/1970, p. 29 - ABC.es Hemeroteca» hemeroteca.abc.es (Noiz kontsultatua: 2019-05-29).
  9. «Artículo: Beihl, liberado - Madrid - 26/12/1970 - Archivo Linz de la Transición española • Fundación Juan March» linz.march.es (Noiz kontsultatua: 2019-05-29).
  10. (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (1981-12-06). «Los tres 'incidentes" del cónsul Eugene Beihl» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-05-29).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]