Bazka-aza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Bazka-aza
Verça.JPG
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaBrassicales
FamiliaBrassicaceae
GeneroaBrassica
EspezieaBrassica oleracea
Barietatea Brassica oleracea var. viridis

Bazka-aza[1] edo galego aza[2] (Brassica oleracea var. viridis) aza landare mota burugabea da, hau da, hostoek buru trinkoa eratzen ez dutena. Beste izen ugari erabiltzen dira, hala nola zaldi-aza, txakur-aza, bitoriako aza[2] eta zuhain-aza[1]. Euskal Herrian batez ere azienda elikatzeko erabili izan da, baina sukaldaritzan ere estimatua da, batez ere Europako eta Ameriketako eskualde batzuetan (Galizian, Portugalen, Brasilen eta AEB hegoaldean). Jatorrizko aza landarea (Brassica oleracea) bezala, landare belarkara hau biurtekoa da, baina urteroko gisa landatzen da. Aza berdearen antza du, baina ez dira berdinak, nahiz eta biak aza hostokakoak[2] izan.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barazki honen hosto berde eta leunak handiak eta nahiko mamitsuak dira, eta jangarriak dira. Kanporago daudenak berde argi kolorekoak dira, barrualdekoak, berriz, erdi-zuriak dira. Zurtoina luzea da, eta landarea zahartzean zur egiten da. Loreak handiak dira, sortatan zabalduak, eta horiak edo zuriak izan daitezke. Horietatik ateratzen diren fruituak luzeak dira, leka moduko bat, punta batean amaitzen direnak[3].

Baratzeetan udaberri hasieran landatzen da. Neguko hilabeteetan arazorik gabe bildu ohi da. Landare hauek oso erresistenteak dira izurriteen erasoari, hala nola aza euliari (Delia radicum) eta larba espezie ezberdinen erasoari.

Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Caldo verde, galego-azarekin egina.

Eskualdeen arabera, barazki hau sukaldaritza]]n erabili ohi da: aza-hostoak zapore indartsua du zenbait plateretan. Portugal eta Galizian zopa oso ezaguna egiten da patatekin batera, caldo verde ("salda berdea") izenekoa, plater nazionalaren kategoria duena. Espainia iparraldeko sukaldaritzan plater ugari daude, batzuk jatorri xumekoak, hala nola eltzekoak, eta beste batzuk enblematikoagoak, hala nola borona (aza hostoz estalitako ogia), cocido montañés ("mendiko eltzekoa"), potaxe de berces ("asturiar potea") eta caldo galego ("galiziar salda"). AEBetan ere erabiltzen da, collard green izenarekin, eta ziurrenik hegoaldeko estatuetako sukaldaritzaren barazki adierazgarriena da. Brasilen, non portugaldarren eragina handia izan den, feijoada ("babarrunkada") plateraren sarreretako bat da aza.

Gaur egun gutxi erabiltzen bada ere, antzina, hostoen zukua edoskitzea estimulatzeko erabiltzen zela erditu eta bost egunera[3]. Katonek mozkorraldiaren aurka ona zela aipatzen zuen, eta, horregatik, otorduak baino lehen ozpinkitan hartzea aholkatzen zuen[4].

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Euskalterm
  2. a b c Euskaltzaindia. Orotariko Euskal Hiztegia. . Noiz kontsultatua: 2020-03-27.
  3. a b (Gaztelaniaz) Font Quer, Pío: Plantas Medicinales, el dioscórides renovado, 1985.
  4. "De Agri Cultura" (Nekazaritzari buruzkoa), Katon Maior. Ingelesezko itzulpena: "On Agriculture". Harvard: Loeb Classical Library, 1934.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]