Beheko oliba nukleo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Beheko oliba nukleo
Xehetasunak
Identifikadoreak
Latinezoliva
MeSHeta A08.186.211.132.810.591.750.250 A08.186.211.132.810.591.500.430 eta A08.186.211.132.810.591.750.250
TAA14.1.04.008 eta A14.1.04.219
FMA72243
Terminologia anatomikoa

Beheko oliba nukleoa edo erraboileko oliba nukleoa bizkarrezur-erraboilean kokatzen den ebolutiboki kontserbaturiko egitura da. Goiko oliba nukleoaren azpian dago. Orno-muinetik garunera doazen zuntzak koordinatzen ditu, ikasketa eta koordinazio motorearen erregulazioa burutuko duelarik. Egitura honen eta bere funtzioen arteko asoziazio handia ikusi da; izan ere, egituraren endekapenak, gaitasun hauen galera dakarrela ikusi baita.

Erraboil olibako nukleoko neuronak GABAergikoak dira. Espazialki antolaturik dauden bi GABA hartzaile mota ditu neurona bakoitzak. Honen zergatia ez da ezagutzen, baina erregulaziorako zehaztasuna ematen diola proposatu da.

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beheko oliba nukleoak egitura laminar bereizgarria dauka. Lamina horietan garuntxo-oliba zuntzen zelulen gorputzak biltzen dira. Neurona hauek garuntxorako sarrera nagusiak dira. Hauen axoiak goranzko zuntzak dira, eta beheko oliba nukleoko hiliotik ateratzen dira, erdiko lerroa zeharkatu, eta garuntxoaren eremu kontralateralera heltzen dira beheko pedunkuluaren bitartez.

Beheko oliba nukleoak hiru osagai nagusi ditu:

  1. Oliba nukleo primarioa: Hau da egitura laminar nagusia. Zeharkako ebaketan zaku forma dauka, erdialderantz irekita dagoena, eta honen hormak hortzak edo tolesdurak izango ditu.
    • Nukleo honek seinaleak jasotzen ditu enbor entzefalikoko beste osagai batzuetatik, hala nola, nukleo gorritik eta Darkschewitsch nukleotik. Oliba nukleo primarioak garun kortexetik ere seinaleak jasotzen ditu.
    • Oliba nukleo primariotik irteten diren zuntzak garuntxoaren eremu paravermalera eta garuntxoko hemisferioetara zuzenduko dira.
  2. Olibaren erdialdeko nukleo gehigarria: Nukleo hau oliba nukleo primarioa eta piramideen artean kokatzen da. Lamina kurbatu bat bezala ikusten da.
  3. Olibaren atzeko nukleo gehigarria: Nukleo hau ere lamina kurbatua da. Beheko olibako nukleo txikiena da, eta oliba nukleo primarioaren atzean kokatzen da.

Funtzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Koordinazioa eta ikaskuntza motorea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pazienteetan oinarritutako ikerketek beheko oliba nukleoa eta zerebeloaren artean lotura estua badela erakutsi dute. Izan ere, beheko oliba nukleoko lesioek goi mailako motilitate gaitasuna murrizten dute (adibidez saski-baloieko salto baten egitea). Neuroanatomiako hainbat ikerketek beheko oliba nukleoa eta zerebeloaren arteko lotura zuzena baieztatu dute koordinazio eta ikasketa motorean.

Beheko oliba nukleoak zerebeloari seinalea igortzen dio ornomuin-oliba traktuan bidalitako informazioan oinarrituta. Informazio horren erregulazioa oso eztabaidatua da gaur egun. Hala nola, lehenengo hipotesiak zion beheko oliba nukleoak eragina zuela zerebeloarengan epe luzerako depresioan (ELD). Hipotesia hori segituz, zerebeloko zelula pikortsuek GABA neurotransmisioaren bidezko inhibizioa eragiten diote beheko oliba nukleoari. Hala eta guztiz ere, hipotesi hau zalantzan jarri zen laborategi anitzek ELD inhibitu zutenean eta ikasketa motorea osorik zegoela ohartzean.

Berriki egindako ikerketek iradokitzen dute konexio horien osagai nagusia sarrera sentsorialaren mementuaren kodifikazioa dela. Beheko oliba nukleoak zelula kluster desberdinen bidez seinaleak bidaltzen ditu. Seinale horiek kokapena eta maiztasunaren arabera aldatu egiten dira eta zentzurik gabekoak direla ematen du. Hala ere, seinale horien denborazko eredua koherentea da. Hori dela eta, ikasketa motoreari buruzko ikerketek, seinale tenporal horiek nola garatzen diren, baita haien eginkizuna ikasketa motorean zein den, ikertzen dute.

Esteroidogenesia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beheko oliba nukleoak neurobabesa eta mantentzea ahalbidetzen duen esteroidogenesiarentzat beharrezkoak diren entzimak adierazten ditu. Entzima horien artean, aromatasa dago, hau da, testosterona hormona esteroidea, estradiola bihurtzea ahalbidetzen duen entzima. Aromatasik gabe, beheko oliba nukleoa estradiola sintetisatzeko ez da gai izango eta horren ondorioz lesioetatik berreskuratzea ezinezkoa izango zaio.

Esangura klinikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erraboil oliba nukleoa zerebeloarekin (garuntxoarekin) asoziaturik dagoenez, hauetako baten endekapenak, bestearen endekapena ere eragingo du. Soilik erraboil olibaren endekapenak dituen ondorioei buruz ez dago ia informazioarik eta ezagutzen den gaixotasun bakarra erraboil olibaren endekapen hipertrofikoa da (HOD ingelesez).

Erraboil oliba nukleoaren eta garuntxoaren endekapenak (bienak batera) hainbat patologia eragin ditzake. Hauek nukleo-gaineko paralisia, Leigh-en gaixotasuna edota SCA6 dira, beste batzuen artean. Asaldura hauek guztiek koordinazio motorean izango dute eragina.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]