Nukleo gorri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Nukleo gorria
Cn3nucleus.png
Mesentzefaloaren zeharkako ebaketa nukleo gorriaren kokapena erakusten.
Xehetasunak
Identifikadoreak
Latinez nucleus ruber
MeSH A08.186.211.132.659.822.642
TA A14.1.06.323
FMA 62407
Terminologia anatomikoa

Nukleo gorria mesentzefaloaren alde rostralean kokatzen den egitura da, eta koordinazio motorearekin erlazionatzen da. Nukleo gorriak kolore arros argia dauka freskoan, eta hau bertako burdinaren presentziaren ondorio dela uste da. Izan ere, bertan burdina bi formatan ageri da gutxienik, hemoglobina eta ferritina forman, hain zuzen ere.[1]

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nukleo gorria mesentzefaloaren tegmentuan kokatzen da, gai beltzaren dortsal aldean. 5cm inguruko diametroa du eta borobil itxurakoa da. Gainera, gai beltzarekin batera, bide extrapiramidal motorraren kortex azpiko zentroa dela esan dezakegu.

Atalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nukleo gorriak bi atal ditu:

  • Atal magnozelularra (kaudala): Neurona handiak ditu. Nukleo gorri-bizkarmuin traktua osatzen du (giharreria uzkurtzailearen kitzikatzailea da nagusiki). Beste animalia batzuekin alderatuta, gizakietan atal hau txikituta dago.
  • Atal parbozelularra (rostrala): Neurona txikiak ditu. Beheko olibarekin erlazionatzen da, baita formazio erretikularrarekin ere. Gainera, beheko oliba garuntxoarekin erlazionatzen denez, hirurek zirkuitu bat osatzen dute mugimenduen perfekzionamendurako.

Funtzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bide kortikoespinal edo piramidal garaturik ez duten ornodunetan, ibileraren kontrolaz arduratzen den nukleo nagusia da. Hala ere, primateetan,traktu kortikoespinala gailentzen denez, funtzionalki nukleo gorri - bizkarmuin traktua traktu bestigialtzat har dezakegu. Horregatik, primateetan, nukleo gorriak beste ugaztunetan baino garrantzia txikiagoa dauka. Hala ere, umeen lau hankako mugimendua nukleo gorriak kontrolatzen du, baita ibiltzerako garaian burutzen dugun eskuen mugimendua ere.[2] Bestalde, sorbaldako eta goiko gorputz adarreko mugimenduen kontrolaz arduratzen dela pentsatzen da (atal magnozelularretik ateratzen diren zuntzen bidez). Gainera, gizakietan, nukleo gorriak eskuen gaineko kontrol moderatua dauka; izan ere, nukleo-gorri bizkarmuin traktua edo traktu rubroespinala muskulu talde handien mugimenduarekin erlazionatzen da nagusiki, goiko gorputz adarraren mugimenduarekin esaterako (baina ez beheko gorputz adarrarenarekin traktua bizkramuinaren atal torazikoaren goiko aldean amaitzen baita). Gainera, ez da hatzen kontrol zehatzaz arduratzen, horretarako traktu kortikoespinala baitaukagu. Bestalde, bere atal parbozelularraren bidez informazioa kortex motorretik garuntxoraino helduko da beheko oliba konplexuaren bidez.

Aferentzia eta eferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nukleo gorriak zuntz edo aferentzia asko jasotzen ditu hainbat lekutatik: Kortex somatoeragile (ipsilateralki) eta somatosentikor primarioetatik, zerebelotik (nukleo tartekatuetatik kontralateralki), nukleo zurbiletik, gai beltzetik, nukleo azpitalamikotik eta baita nukleo hipotalamikoetatik ere.

Eferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nukleo gorriak bi eferentzia mota bidaltzen ditu:

  • Gizakietan, zuntz gehienak alde ipsilateraleko beheko olibara helduko dira ondoren garuntxora helduko den bidea osatuko dutelarik. Garuntxora heldutako informazio horrek bi aukera izango ditu: nukleo gorrira itzultzea (horretarako goiko pedunkulutik aterata), edo beheko olibara joatea. Horregatik, zirkuitu itxi bat osatzen duela esan daiteke.
  • Nukleo gorri-bizkarmuin traktua (Traktu rubroespinala): Traktu hau atal magnozelularretik aterako da. Nukleo gorritik atera bezain laster axoien gurutzamendua emango da forelen gurutzamendua deitua eta horren ondoren zuntzak bizkar muinera helduko dira alboko funikuluaren bitartez (traktu piramidalaren alboaldetik). Horrela, dagokion mailara heltzean zuntzak V., VI, eta VII.en Rexed-en laminetan sartuko dira bertako interneuronekin sinapsia egin, eta muskuluetan eragiteko. Hain zuzen ere, muskulu tolesleen uzkurketa eta hedatzaileen erlaxazioa eragingo dute, bide piramidalak bezala. Lehen esan bezala, primateetan, traktu honek ez dauka garrantzia handiegirik garapen maila altuko garun kortexa dutelako.

Argazki gehigarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]