Bellapais abadetxea

Koordenatuak: 35°18′27″N 33°21′19″E / 35.307403°N 33.355372°E / 35.307403; 33.355372
Wikipedia, Entziklopedia askea
Bellapais abadetxea
Kokapena
Estatu burujabe Zipre
Kokapen fisikoaZipre
Koordenatuak35°18′27″N 33°21′19″E / 35.307403°N 33.355372°E / 35.307403; 33.355372
Map
Altitudea352 m, itsas mailaren gainetik
Historia eta erabilera
IrekieraXIII. mendea
Arkitektura
Estiloaarkitektura gotikoa

Bellapais abadetxea (grezieraz: Αββαείο Μπελαπάις, Avvaeío Belapáis; turkieraz: Bellapais Manastırı) Zipre iparraldeko Kirenia hirian dagoen monasterioa da. Hiritik 5 kilomtrotara dago, 220 metrotako altueran eta Kireniaren eta Mediterraneo itsasoaren ikuspegi itzela du[1].

Museo bat du barnean eta errefektorioan kontzertuak eta hitzaldiak antolatzen dira.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Bellapais abadetxea" izena frantsesezko Abbaie de la Pais ("Bakearen abadetxea") izenetik dator. Veneziarrek Abbaye de la Bella Paese ("herrialde politeko abadetxea") interpretatu zuten eta hortik atera zen Bellapais[2][3].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1887ko marrazkia (Smith)

Abadetxea dagoen eremuari Episcopia edo Piscopia esaten zitzaion monasterioa altxatu aurretik ere, eta Kireniako apezpikuaren egoitza bertan egon zitekeela uste da, baina arabiarren VII. eta VIII. mendeko erasoek suntsituko zuten aurrez zegoen eraikina.

1187an Saladin I.ak Jerusalem hiria konkistatu zuenean Hilobi Santuaren Ordenak (agustindarrak) handik ihes egin eta Kireniara iritsi ziren. Aimery de Lusignanek 1198-1205 arteko uneren batean abadetxea fundatu eta eraikina altxatu zuen[2]. Mendiko Andre Mariaren omenez sagaratu zen. 1206an "Monje zuriak" ezarri ziren bertan eta XV. eta XVI. mendeko agirietan "Abadetxe zuria" izena agertzen da[2].

Gaur egun ikusten den eraikin nagusia Hugo III.aren (1267-1284) agintaldian eraiki zen eta klaustroa eta errefektorioa (jangela) Hugo IV.aren (1324–1359) agintaldian[3]. Hugo IV.a bera abadetxean bizi izan zen eta beretako gela propioak zituen. Eraikina Petri I.aren (1359-1369) agintaldian amaitu zela pentsatzen da[3]. Gurutze Santuaren zati bat jaso zuen frantziar gurutzatuen eskutatik eta erromesek donazio oparoak egin zituzten. Horri esker abadetxeak sona handia hartu zuen eta aberatsen elkartoki bihurtu zen Lusignan agintarien babesean[2].

1373an Genovarrek Kirenia erasotu zuten. Gaztelua suntsitu zuten eta abadetxea harpilatu. 1489an veneziarren esku gelditu zen Zipre. Abadetxeko monjeek zelibatua baztertu eta emazteak hartu zituzten. Beren haurrak bihurtu ziren orduan abadetxeko nobizio bakar[3].

1571ean otomandarrek Kirenia konkistatu zuten. Abadetxean zeuden monjeak kanporatu eta Zipreko Eliza Ortodoxoaren esku utzi zuten. Hauek abadetxearekiko interes handirik ez zuten agertu eta hondatzen hasi zen. Abadetxeko eliza bera herriko parrokia gisa erabili zen. 1738. urtean Richard Pococke bidaiari ingelesak Bellapaisko abadetxeari buruz esan zuen komentu ikusgarria zela eta ia osorik zegoela. Ordutik aurrera harriak inguruko etxeak eraikitzeko berrerabili ziren eta abadetxea hondarretan gelditu zen[4].

1878an britainiarrek Zipreren gaineko kontrola eskuratu zutenean jangelaren lurra zementatu eta ospitale gisa erabili zuten. Hainbat soldaduk armaz tiro egin izan zuten tarteka eta balen zuloak ikusten dira. 1912an George Jeffery Zipreko antzinako monumentuen zaintzaileak hainbat konponketa egin zituen abadetxean[4].

1974. urtean turkiarrek Kirenia inbaditu zutenerarte erabili zen abadetxeko eliza[3].

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abadetxearen oinplanoa.

Abadetxearen atal nagusiak eliza eta klaustroa dira, eta monasterioaren gainerako eraikinek klaustroa inguratzen dute. Eraikin hauek iparraldean kokaturik daude, tenperatura freskoagoaren bila. Abadetxearen sarrera hegoaldean dago eta ate gotortu bat da. Gerora gehituriko dorre bat eta patio txiki bat ditu.

Eliza XIII. mendekoa da eta konplexu guztiko eraikinen artean ongien mantentzen dena da. teilatu laua du eta kanpandorrea sarreraren gainean, gelditzen den kanpai bakarrarekin, lau izan behar zituen arren[5]. Habearte bat eta bi korridore ditu alboetan. Hauetaz gain sakristia eta koroa[4].

Klaustroak 18 arku ditu eta iparraldeko ertzean erromatar garaiko bi sarkofago daude, bata bestearen gainean, monjeek konketa bezala erabiltzen zituztenak[1]. Goiko sarkofagoak apaingarriak ditu, azpikoak ez ordea. Ura goiko sarkofagotik azpikora erortzen zen eta ubide bat jarraituz klaustrora iristen zen.

Sarkofagoen atzean errefektorioa edo jangela dago. Ateburuan hiru armarri ikusten dira, Ziprekoa, Jerusalemgoa eta Lusignan Exearena. Jangela abadetxe guztiko gela dotoreena da eta estilo gotikoan eraikita dago. 30 metroko luzera eta 10 metrotako zabalera ditu eta zazpi zutabek eusten diote teilatuari. Pulpitua du iparraldeko hormara begira eta horma horretan dauden sei lehioek argiztatzen dute jangela. Monjeek otordua egiten zuten bitartean haietako batek testu sakratuen irakurketak egiten zituen[4]. Errosetoi bat ere badu ekialdeko horman. Mendebaldeko horman dagoen ateak sukaldera ematen du[4]. Sukaldea eta jangelaren artean komunak izandako gelak daude.

Klaustroaren ekialdean kapituloen gela eta biltegiak daude. Kapituloen gelak abadetxearen bulego administratibo funtzioa izan zuen eta erliebe gotiko interesgarriak ditu; gizon bat eskilera bikoitza bizkarrean daramala, gizon bat bi sirenarekin, emakumezkoa errosarioarekin, udareondo baten hostajean tximua eta katua eta azpian gizon bat ezkutuarekin eta monje bat. Erdian dagoen marmolezko zutabea eliza bizantziarrarena zela uste da eta 1912an jarri zuten berriz tente[4]. Kapitulo gelaren eta biltegien gaineko solairuan monjeen gelak zeuden.

Klaustrotik hainbat eskailera ateratzen dira. Hiruk teilatura eramaten dute eta hegoaldean dauden bik abadetxearen altxorraren gelara. Altxorraren gela hau abadetxearen ipar-mendebaldeko izkinan kokaturik zegoen.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b «Bellapais Abbey cloister | Historical sites | Kyrenia | Cyprus | OzOutback» ozoutback.com.au (Noiz kontsultatua: 2020-10-21).
  2. a b c d (Ingelesez) Bellapais Abbey – North Cyprus. (Noiz kontsultatua: 2020-10-21).
  3. a b c d e «North Cyprus Kyrenia, Northern Cyprus Bellapais Monastery» www.northcyprusonline.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-21).
  4. a b c d e f «Bellapais Abbey - Cyprus» www.sacred-destinations.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-21).
  5. «Cyprus - Bellapais Abbey» www.michaelwatts.ca (Noiz kontsultatua: 2020-10-21).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]