Beremundo Iratxekoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Beremundo Iratxekoa

Iratxeko monasterioako abade

Bizitza
JaiotzaArellano eta Villatuerta, 1020 (egutegi gregorianoa)
Herrialdea Nafarroako Erresuma
BizilekuaIratxeko monasterioa
HeriotzaNafarroa Garaia1092ko martxoaren 8a ( urte)
Hobiratze lekuaIratxeko monasterioa
Jarduerak
Santutegia
Martxoaren 8
Sinesmenak eta ideologia
Erlijio-ordenaBeneditar

Beremundo edo Bermudo Iratxekoa (Arellano edo Villatuerta, c.1020 - Iratxeko monasterioa, 1092ko martxoaren 8a) nafar monje beneditarra izan zen, XI. mendean Iratxeko abadea izandakoa.[1]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzuen ustez Arellanon eta, besteen ustez, Villatuertan jaio zen. Hamabi urte zituela, 1032 inguru, Iratxen onartu zuten, non Munio bere osaba bertoko abadea zen. Mariarenganako jaieraduna, fraideek Birjinaren irudiarekin hitz egiten zuela zioten. Munio hil zenean, 1052 inguru, abade hautatu zuten.

Donejakue bideari esker, bere agintaldian, monasterioa urrezko aro bat bizi zen: Antso IV.a Gartzeitzek hiru eliz, hamabi monasterio eta sei hiribildu eman zizkion eta Antso Ramirezek gehiago. Honek 1087an pribilegio berri bat eman zien: moje guztien hitza epaiketa batean frogatzat hartu behar izan zen. Beremundo antzinako mozarabiar errituaren aldekoa izan zen eta liburu bi bidali zituen Erromara: otoitzena (Liber orationum) eta antifonarioa (Liber antiphonarum). Alexandro II.ak, abadearen ospea ezagutzen zuena, biak onartu zituen.

Monasteriotik gertu, Lizarra izeneko herrixkan, Beremundok Puyeko irudia topatu zuen 1080an. Antso Ramirezek hiri berria sortu zuen Jakako forua emanez. Izendapena monasterioaren kalterako izan zen, erregearen dohaintzak hiri berriarentzat izan baitziren.

Jada 1099an abade berri bat zuten Iratxen. Hori dela eta, adituek 1092ko martxoaren 8an hil zela diote.

Gurtza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iratxen lurperatu zuten. Alexandro III.ak 1163an aldarera goratu zuen. Bere bizitzari buruzko iturriak (Becerro de Irache eta Leccionario de Irache hain zuzen ere) 1547koak, beraz, berantiarrak dira baina bere mirarietako asko (profeziak, sendaketak, exorzismoak eta abar) azaltzen dituzte.

1583an Antonio Comonteskoak egindako promes baten ondorioz, sakristian kokatu zuen kutxa batera eraman zituzten bere aztarnak. Paulo V.ak 1614an gurtza onartu zuen, 1646an Inozentzio X.ak berretsia. 1657an, aztarnak zilarrezko kutxa batean jarri zituzten.

1835eko desamortizazioan, erlikiak Aiegiko San Martin elizara eraman zituzten eta, handik, Arellano eta Villatuertara. Jaioterria ezezaguna izan arren, biek erlikia-ontzia partekatzea erabaki zuten: bost urtero irailaren 3an lekualdatzea egiten dute, Iratxen eta Deikaztelun geldialdiak eginez.

Nafarroako Donejakue bidearen zaindaria, atsotitz batek honela dio: "Mientras el mundo sea mundo, el ocho de marzo San Veremundo".

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Atienza, Juan G.. Los santos imposibles. Bartzelona: Plaza y Janés ISBN 8401311098..