Inozentzio X.a

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Inozentzio X.a
Innocentius PP. X
Inozentzio X.a

1644ko irailaren 15a – 1655ko urtarrilaren 7a
Aurrekoa Urbano VIII.a
Ondorengoa Alexandro VII.a
Jaiotzezko izena Giovanni Battista Pamphili

Jaiotza 1574ko maiatzaren 6a
Erroma, Aita Santuen Lurraldea
Heriotza 1655eko urtarrilaren 7a
Erroma, Aita Santuen Lurraldea
Erlijioa Erromatar Eliza Katolikoa

Inozentzio X.a[1] (latinez: Innocentius PP. X), jaiotzez Giovanni Battista Pamphili (Erroma, 1574ko maiatzaren 6a - Erroma, 1655eko urtarrilaren 7a) Eliza Katolikoko 236. aita santua izan zen, 1644 eta 1655 bitartean.

Bere gorteari xumetasun apur bat eman nahi izan zion, aurrekoen aldean. 1648an Westfaliako itunak erlijioari buruz zioenaren kontra agertu zen. Vatikanoko administrazio-antolakuntzaren oinarriak, gerora Estatu Idazkaritza izango zena, jarri zituen[2].

Jatorria eta prestakuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giovanni Battista Pamphili izenarekin jaio zen, Umbria eskualdeko Gubbio herrian jatorria zuen familia ospetsu batean. Jurisprudentzia ikasi zuen Erromatar Kolegioan.

Eliz karrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Graduatu ondoren, 1604an La Rota Auzitegiko abokatu konsistorial eta auditore izendatua izan zen. 1621ean, Gregorio XV.a aita santuak Napoliko nuntzio izendatu zuen. 1625ean, une horretan aita santua zen Urbano VIII.ak Espainiara eta Frantziara bidali zuen, Francesco Barberinirekin batera, nor, aita santuaren iloba izateagatik nuntzio izendatua baitzen.

Aitasantutza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aukeraketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urbano VIII.a hil ondoren, haren ondorengoa aukeratu behar zuen konklabea 1644ko abuztuaren 9an bildu zen; baina, eztabaidan hilabete baino gehiago eman ondoren, hautagai bakar batek ere ez zituen lortzen aita santu izendatua izateko behar ziren beharrezko boto guztiak, Gil de Albornoz buru zuen espainiar alderdia eta Jules Mazarin buru zuen alderdi frantsesaren arteko gatazkaren ondorioz.

Irailaren 15ean, Mazarino ez zegoela baliatuz, Giovanni Battista Pamphili aita santu izendatzeko akordioa lortu zen, Espainiari zion leialtasuna gora-behera, eta Urbano VIII.aren oinordeko izateko behar ziren botoak lortu zituen.

Harremana Espainia eta Portugalekin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inozentzio X.a aita santu aukeratua izan baino lau urte lehenago, 1640an, Portugal Espainiatik independizatua zen, eta Joanes IV.a bertako errege bilakatua zen. Artean, Espainiak, Italiar penintsulan eta, beraz, Aita Santuen Lurraldean, eragin handia izaten jarraitzen zuen.

Espainiari zion leialtasuna zela eta, Inozentzio X.ak, haren aurrekoa izan zen Urbano VIII.ak bezala, Portugalen independentzia eta Joanes IV.a legezko erregetzat onartzeari uko egin zion. Horrezaz gain, Joanes IV.ak izendatutako gotzainak ez zituen baietsi; ondorioz, Inozentzio X.aren aitasantualdiaren amaieran Portugal osoan gotzain bat bakarrik zegoen[3].

Westfaliako bakea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1648ko urrian, Hogeita Hamar Urteko Gerrari amaiera eman zion eta Europa berri baten abiapuntua izan zen Westfaliako bakea sinatu zen, Inozentzioren partehartzerik gabe. Azaroaren 26an, Zelo domus Dei bulda promulgatu zuen[3]; bertan, haren ustez Elizaren esanen aurkakoak ziren eta fedeari azpijana egin zioten hitzarmen horretako artikulu guztiak baliogabetu zituen.

Alabaina, bake hitzarmenari erakutsi zion oposizioak ez zuen inongo ondoriorik izan, Aita Santuaren iritziak, nazioarteko ordenamenduaren eta nazioen lurralde eremuaren arloei zegokienez, aurreko garaietan izan zuen eragina izateari utzia baitzion.

Harremanak Frantziarekin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tronuratzetik gutxira, Inozentzio X.ak aitasantutzan bere aurrekoaren senideak ziren barberinitarren aurkako ekintza legalak hasi zituen, Elizaren ondasunak eurenganatu izana egotziz. Aita Santuaren erabaki horrek Francesco eta Antonio Marcelo Barberini kardinalek Frantziara ihes egitea eragin zuen, non Jules Mazarin boteretsuaren babesa lortu zuten. Horren ostean, Inozentziok barberinitarren ondasun eta jabetzak konfiskatu zituen eta, 1649ko otsailaren 15ean, bulda bat eman zuen, non Aita Santuaren baimenik gabe Aita Santuen Lurraldeak sei hilabete baino gehiagoz uzten zuten kardinalek euren eliz onurak eta kardinalgoa bera ere galduko zutela agintzen zen[3].

Frantziako legebiltzarrak Aita Santuaren erabakiak baliogabetzat jo zituen, baina Inozentziok ez zuen amore eman, harik eta Mazarin Aita Santuen Lurraldeen inbasioa prestatzen hasi zen arte. Handik aurrera, Inozentziok harreman adiskidetsuagoak izan zituen Frantziarekin eta barberinitarrak birgaituak izan ziren[3].

Beste jarduera batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1649ko maiatzaren 4an, Appropinquat dilectissima filii buldaren bidez, XIV. jubileua deitu zuen. Hori dela eta, 1650ean 700.000 erromes iritsi ziren Erromara eta, hiria edertzeko, Gian Lorenzo Berniniren Santa Teresaren estasia eta Alessandro Asgardik eginiko Aita Santuaren estatua ezarri ziren.

Inozentzioren aitasantualdiko punturik beltzenetako bat, haren koinata (eta maitalea, zurrumurruen arabera) Olimpia Maldachiniren gehiegikeriak izan ziren. Olimpiaren laguntza ekonomikoa erabakigarria izan zen aita santu aukeratua izan zedin eta, horren ordainez, andre horrek berealdiko eragina izan zuen Inozentzioren erabakietan[4].

1650ean, Diego Velázquezek Inozentzio X.aren erretratu bikaina margotu zuen. Amaitua ikustean, Aita Santuak honako hau esan omen zuen: Troppo vero! (Benetakoegia!), zen bezalakoa erakusten baitzuen, inolako edertzerik gabe. Joshua Reynolds margolari ingelesaren arabera, margolan hori Erroman zegoen erretraturik hoberena zen. Oraindik ere, Inozentzioren ondorengoak diren doriatarren eskuetan dago, Doria-Pamphili jauregian.

Haren doktrina-erabakirik garrantzitsuena jansenismoaren salaketa izan zen, 1653ko martxoaren 31n promulgatu zuen Cum ocassione buldaren bidez. Bestalde, 1654ko abenduaren 24an, Kristina Suediakoa katolizismora bihurtzea baimendu zuen.

Inozentzio 1655eko urtarrilaren 7an hil zen. Heriotzaren ostean, Olimpia Maldachinik aita santuaren gelan zeuden baliozko gauza guztiak harrapazka hartu eta Erromatik ihes egin zuen. Inozentzioren gorpua 24 orduz gorpua bertan behera utzirik egon ostean, haren mirabeek ehortzi zuten[4].

San Malakiasen profezietan Jucunditas crucis (Gurutzearen gorespena) erreferentzia egiten zaio Inozentzio X.ari, dirudienez, Gurutze Santuaren Gorespenaren ondorengo egunean aukeratua izan zelako.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Euskaltzaindia, 129. araua: Aita santuen izenak, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0129.pdf .
  2. Lur entziklopedietatik hartua.
  3. a b c d   Ott, Michael, Pope Innocent X, The Catholic Encyclopedia. Vol. 8. New York: Robert Appleton Company, 1910, newadvent.org, http://www.newadvent.org/cathen/08020b.htm. Noiz kontsultatua: 2015-10-25 .
  4. a b   Royo Mejía, Alberto, Olimpia Maidalchini, Enciclopedia Católica Online, ec.aciprensa.com, http://ec.aciprensa.com/wiki/Olimpia_Maidalchini#.UokpuMTtSYI. Noiz kontsultatua: 2015-10-25 .
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Inozentzio X.a Aldatu lotura Wikidatan


Aurrekoa
Urbano VIII.a
Aita Santua
1644-1655
Ondorengoa
Alexandro VII.a