Edukira joan

Berlingo Euskal Etxea

Koordenatuak: 52°29′07″N 13°23′03″E / 52.485206°N 13.384131°E / 52.485206; 13.384131
Wikipedia, Entziklopedia askea
Berlingo Euskal Etxea
Kokapena
Estatu burujabe Alemania
Seat of government Berlin
Koordenatuak52°29′07″N 13°23′03″E / 52.485206°N 13.384131°E / 52.485206; 13.384131
Map
Kontaktua
HelbideaDuden Str. 10 (Berlín)
E-postamailto:info@euskaletxea.de
Webgune ofiziala

Berlingo Euskal Etxea, ofizialki Gernika: Deutsch-Baskischer Kulturverein e.V., Alemaniako Berlin hiriburuan dagoen euskal etxe bat da. Egoitza fiskala Dudenstraße 10-ean du baina ez du egoitza fisikorik.[1][2]

Munduko ia euskal etxe guztiak atzerrira joandakoek herriminak jota sortutakoak dira. Berlingoa ―Tokiokoa da beste salbuespen bat― Euskal Herriarekin zubia eraiki nahi zuten alemanen ekimena izan zen ordea. Gernikako bonbardaketagatik Alemaniako gobernuak barkamena eska zezan egindako saiakerak agerian laga zuen alemanen eta euskal herritarren arteko harremanean sakontzearen beharra.[3][4][5]

1997an Constanze Lindemannek Gernikari buruz Berlinen antolatu sinposioa urrats erabakigarria suertatu zen Euskal Etxearen sorreran. Wolfgang Wippermann, Fritz Teppich, Helios Mendiburu edo Hans-Joachim Wilkeren laguntzaz, urtebete beranduago eratu zen Gernika Deutsch-Baskischer Kulturverein e.V. delakoa. Mendiburu izan zen lehenbiziko lehendakaria. Gerratik ihes egindako soldadu errepublikarren semea, Cottbusen hazi zen, Errepublika Demokratikoan. Behin Harresia erorita, Berlin bateratuan Friedrichshain auzoko lehenbiziko alkatea izan zen, SPD alderdiarekin. Oraindik postu horretan zela bilakatu zen Euskal Etxeko presidente ere.[4]

Euskal Etxearen sorreraz

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Constanze Lindemannek Gernikaren bonbardaketari buruz Berlinen antolatu sinposioarekin ipini zuen Euskal Etxea izango zenaren zimendua. Sorrera gauzatu ondorengo hitzaldi honetan laburbildu zituen prozesuaren nondik norakoak.[4]

Patuak, kasualitate hutsak ere izan du pisurik Berlingo Euskal Etxearen jardunbidean. 1997an, Berlingo Gernikaren bonbadaketari buruzko sinposioa prestatzen ari zela, gonbidatuentzat bidaia antolatze aldera Tegel aireportuko Iberiaren mostradorera hurbildu zen Constanze Lindemann. Bertako beharginarekin hizketan hasi, eta Euskal Herria ea ezagutzen ote zuen galdetu zuen. Iribarre bat jaso zuen bueltan: Iberiako behargin hura Ainhoa Añorga Osa zen, urte batzuk lehenagotik Berlinen bizi zen donostiarra. Constanze bere planen berri ematen hasi zitzaionean, ez zuen askorik entzun behar izan, eta elkarte berria izango zenaren lantaldean integratu zen.[4]

2004ean, Ingo Niebel kazetari eta historialariak hartu zuen Mendibururen lekukoa presidentetzan. Bere burua euskaldun moduan ikusten duen alemana da Niebel: Klaus aitaren lana zela eta, gaztetan Gernikan bizi izan zen. Euskal Herriari buruzko artxibo oso aberatsa bildu zuen Klaus Niebelek (Jose Antonio Arana euskaltzainarekin trukean bildutakoa, besteak beste). Aitaren heriotzarekin, artxiboa Frankfurteko euskal liburutegiaren eskuetan laga zuen Ingo semeak. Alemania eta Euskal Herria herrialdeen arteko elkar ezagutza sustatzeko lan eskerga eta eskuzabala egindakoa da Ingo Niebel.[4]

Alemania mendebaldean bizi da Niebel, eta Gernika Deutsch-Baskischer Kulturvereinek egoitza Berlinen duenez, luzera aproposagoa zen elkartearen presidente hiriburuan bizi den norbait izatea. Niebelen lekukoa Ainhoa Añorga Osak hartu zuen, eta handik oso gutxira, garrantzi handiko urratsa ematea lortu. 2009ko abenduaren 9an, Euskal Jaurlaritzak izaera ofiziala aitortu zion Berlingo Euskal Etxeari. Bai Alemanian eta bai Euskal Herrian elkartearen izaera berretsita, aro berri baten hasiera adierazi zuen aurrerapausoa izan zen.[4]

Berlingo Euskal Etxeak Eusko Ikaskuntzaren Euskararen Nazioarteko Egunaren saria jaso zuen 2014an.[4]

« Zuzendaritza batzordea
  • Lehendakaria: Ainhoa Añorga Osa
  • 1. ordezko lehendakaria: Constanze Lindemann
  • 2. ordezko lehendakaria: Lourdes Izagirre Ondarra
  • Idazkaria: Unai Lauzirika Amias
  • Diruzaina: Markel Anasagasti
»


Euskal Etxe bitxia da Berlingoa, hainbat jarduera antolatzen ditu baina ez dauka egoitza fisikorik. [4]

Euskara ikasteko eskolak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berlinen bada euskara ikasteko modurik: taldekako ikastaro pribatuen bitartez, edo unibertsitateko kurtso irekietan parte hartuta. Giro trankilean euskaraz solastu nahi dutenak elkartzeko, mintzalagun programa sendotu nahian ere ari da Berlingo Euskal Etxea.

Berlingo Euskal Etxeak antolatutako euskara eskolak online eskaintzen ziren 2024/25 ikasturtean. Irakaslea Maddalen Subijana zen.[6]

Euskal Etxeak juntadizoak antolatzen ditu euskaraz aritu nahi dutenentzat. Hilabetean behin izan ohi dira, normalean Dudenstrasse 10ean, Kreuzberg auzoan.[6]

Euskal idazleak bisitari

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat idazle ezagunek bisitatu dute Berlin: Anjel Lertxundi, Aingeru Epaltza, Karmele Jaio, Edorta Jimenez, Harkaitz Cano, Danele Sarriugarte, Iñigo Astiz, Angel Erro, Mikel Peruarena Ansa, Kirmen Uribe. Euskal Etxearentzat gozatua izan da guztiak Alemaniako hiriburura gonbidatu izana. Edo Gabriel Arestiren 'Harri eta herri'-ko Brechten beste batzuekin nahastu eta berlindarrei aurkeztea.[7][8]

Heinrich Heine, Bertolt Brecht eta Herta Müller-ren etxean ekitaldiak antolatzen dituzte euskarazko idazleak. Euskal Etxeak ahal duen oro gonbidatu ohi ditu; batzuk lotura berezia dute hiriarekin. Berlinen ikasi zuen Danele Sarriugartek, bertan jarraitzen du Irati Elorrieta Euskal Etxeko kideak. K77 kulturgunean irakurraldia egin zuten biak 2015ean. Danele Sarriugarteren 'Erraiak'-en Berlinek badu tokirik. Irati Elorrietaren obran elementu garrantzitsua da. 'Neguko argiak'-ekin saria jasota, Euskadi literatur saridun bat du Berlingo Euskal Etxearen taldean.[7]

Berlinen asko irakurtzen da, eta idazle asko sortzen dira bertan. Berlinen hirurehun liburu-denda independente baino gehiago daude, kate handiekin inongo loturarik gabeak. Azkenaldian, zabaldutako saltoki txiki berriak gehiago dira, itxitakoak baino. Logika osoa du euskal letrei hiri honetako leihoak zabaltzea. Ekitaldi txikiak izaten dira baina euskaraz ikasten ari diren berlindarrak, hizkuntza jakin ez baina ezagutu eta entzuteko hurbiltzen dira. Esker oneko publikoa izaten da.[7]

Literaturaren harra barru-barruan dute Euskal Etxearen sortzaileek ere. Urte askotan idazkari izandako Hans-Joachim Wilkek Lertxundiren 'Hamaseigarrenean aidanez' eta Jimenezen 'Baleen berbaroa' alemanera ekarri ditu. Errepublika Demokratikoan beste hizkuntza batzuen itzultzailea zen, eta euskara gerora ikasi zuen Berlinen, bertan bizi ziren hiru euskal herritarrek lagunduta.[7]

Euskarazko abestiak su zelaietan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1915ean, Gerra Handiaren erdian, Prusiako Komisio fonografikoak Alemaniako preso-esparruetan zeuden presoen ahotsak grabatzeari ekin zion. Besteak beste, Frantziarekin aritu euskal soldaduenak. 1990eko hamarkadatik, grabaketa horiek Berlingo bi erakundek gorde dituzte, Etnologia Museoak eta Humboldt Unibertsitateak. Lanketa prozesu luze baten ondoren, Gerra Handiko euskal presoen grabazioak eskuragarri daude egun publikoarentzat (besteak beste, mintzoak.eus atarian). Piezok Euskal Herrira iristeko ezinbestekoa izan zen Lourdes Izagirre Ondarra antropologo eta Euskal Etxeko kidearen lana. 2016an, grabazioak Dahlem auzoko Etnologia Museoan bertan aurkeztu zituen Izagirrek. Alboan Mikel Peruarena Ansa izan zuen, Gerra Handiko euskal soldaduei buruzko 'Su zelaiak' bere nobela zoragarriko pasarteak irakurriz.

Munduko Euskal Etxeen mapa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ikus Munduko euskal etxeen mapa interaktiboa (Wikidatako datuekin, 2025)

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «EuskalEtxeak - Euskal etxeak» www.euskaletxeak.eus (kontsulta data: 2025-04-13).
  2. «Euskal Etxea Berlin» euskaletxea.de (kontsulta data: 2025-05-09).
  3. «Memoria» www.euskaletxea.de (kontsulta data: 2025-05-29).
  4. a b c d e f g h «Nor» www.euskaletxea.de (kontsulta data: 2025-05-29).
  5. «Gernikako Bonbardaketaren 88 urteurrena gogoan ekitaldi publikoa Guernica Platz-en» Euskal kultura (kontsulta data: 2025-05-29).
  6. a b «Euskara» www.euskaletxea.de (kontsulta data: 2025-05-29).
  7. a b c d «Literatura» www.euskaletxea.de (kontsulta data: 2025-05-29).
  8. «Astelehenean bukatuko Etxepare Euskal Institutuaren sei irakurletzetara aurkezteko epea» Euskal kultura (kontsulta data: 2025-05-29).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]