Euskal diaspora

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Euskal Jaialdia EEBBko Nevada estatuko Winnemucca udalerrian.

Euskal diaspora hainbat arrazoi direla eta euren lurraldea utzi duten euskaldunen edo euskal herritarren sakabanaketari deritzo. Horietariko batzuk euskaldunak dira (etxean euskara gorde dutelako edo euskal etxeetan ikasi dutelako), eta askok lotura berezia sentitzen dute euskal herritarrekiko edo Euskal Herriarekiko, diaspora horretako kide ugari duela hainbat belaunalditatik Euskal Herritik at bizi badira ere. Hori dela eta, bizi diren herrikotzat eta euskal herritartzat dute beren burua diasporako kide askok. Kopuruaren aldetik, euskal diasporako gizatalde nagusiak Venezuelan, Argentinan, Kuban, Txilen, Uruguain, Mexikon, Kolonbian eta Ameriketako Estatu Batuetan bizi dira.

Euskal diasporako kideei gertutasuna erakusteko asmoz, askotan zortzigarren herrialdea edo zortzigarren probintzia deritzo euskal diasporari[1].

Euskal diaspora, herrialdez herrialde[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argentina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Argentinako euskaldunak

Argentinako biztanleen %10 euskal jatorrikoak dira. Ipar nahiz Hego Euskal Herritik XIX. eta XX. mendeetan arrazoi ekonomikoengatik edo Karlistadetatik ihesi emigratu zuten helmuga nagusi izan zen Argentinara. Hartara, euskaldunek eragin handia izan dute Argentinako kulturan nahiz politikan. Esaterako, euskal leku izenak zein deiturak (herrialdeko hainbat presidente, adibidez) ugariak dira Argentinan. Euskal jatorriko argentinarrak duela hainbat belaunalditatik Ameriketako herrialde hartan kokaturik dauden arren, oraindik ere euskal nortasunari eusten diote euskotar-argentinar askok. Argentinako hiri nagusietan, hortaz, aise aurkituko duzu euskal etxeak.

Mexiko[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mexikoko euskal jatorriko biztanle gehienak bi lurraldetan bildu ziren herrialde hartara heltzean: Nuevo Leonen eta Nueva Vizcayan (gaur egun Durango izena duen estatua).

Txile[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txileko euskal immigrazioa oso zabala eta kualitatiboki esanguratsua da. Horrela, garai historiko desberdinak bereiz daitezke: aurkikuntza eta kolonia garaia; XVIII. mendeko migrazio fluxu handia; eta migrazio garaikideak (XIX. eta XX. mendeak). Gaur egun Txileko bi euskal etxek Eusko Jaurlaritzaren onarpena dute: 1943an sortutako Valparaisokoak eta 1959ko Santiagokoak. Bi horiekin batera beste euskal etxe batzuk ere badira: Valdivia, Linares, Temuco eta Iquique hirietan. Txilen, euskal toponimoak ugariak dira. Egungo Constitucion hiria, bestetik, Nuevo Bilbao izena zuen, eta bere armarrian Bizkaiko armarria dauka.

Ameriketako Estatu Batuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Ameriketako Estatu Batuetako euskaldunak
Boiseko Basque Center.

2000ko erroldaren arabera, Ameriketako Estatu Batuetan euskal jatorriko 57.000 lagun bizi dira: Kalifornian 20.868, Idahon 6.637, Nevadan 6.096, Washingtonen 2.665 eta Oregonen 2.627. Kopuru honi buruzko eztabaida handia da, hala ere, 1980ko errolda baino lehen "euskaldun" kategoria ez baitzen erroldan jasotzen. Hori dela eta, euskaldunak frantziar nahiz espainiar gisa hartuak izan ohi ziren. Zentzu honetan, euskal jatorriko hainbat lagunek erroldetan euren burua frantziar, espainiar edo latinoamerikar legez jasotzen dutela uste da.

Euskal jatorriko gizatalde handiena Boisen (Idaho) kokatzen da. Hiri horretan 15.000 bat euskaldun-amerikar bizi dira[2].

Saint-Pierre eta Mikelune[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saint-Pierre eta Mikeluneko bandera ez ofiziala.

Kanadako kostaldean kokaturiko kolektibitate frantziar honetara arrantzale euskaldun, bretainiar eta normandar ugari iritsi zen. Euskaldun gehienak Donibane Lohizunekoak ziren.

Asia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asiako euskal diaspora Amerikakoarekin alderatuz ezezaguna da. Asian, hala ere, euskal diaspora esanguratsua bada, Filipinetan batez ere.

Asiako lehen misiolari kristauetako batzuk euskaldunak ziren, Frantzisko Xabierkoa jesuita bezala, zeina Txinako kostaldeko Sanzian uharteetan zendu baitzen.

Euskal etxeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Euskal etxeak

Euskal etxeak euskal diasporako euskaldunak biltzeko guneak dira, nagusiki kultur helburuak dituztenak: hizkuntza eta dantza ikastaroetatik mus txapelketetaraino. Munduan zehar 150 euskal etxetik gora dago. Gehienak Argentinan daude (62 etxe), eta Buenos Aires aldean hedatzen dira batez ere. Izan ere, Argentinako biztanleen %10 inguruan euskal jatorrikoa da. Juan de Garay Fundazioak komunitate honekin lan nabarmena egiten du. Bilaketa genealogikoaren zerbitzua eskaintzen du, besteak beste. Ameriketako Estatu Batuak dira bigarren herrialdea zerrendan, 30 zentrotik gora dituztela, eta NABO (The North American Basque Organizations) erakundeak hauek guztiak koordinatzen ditu. Espainiako estatuan 10 euskal etxe daude, eta Frantziakoan bi.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Amalur. 8garren probintzia
  2. Jaialdi 2005, The Idaho Statesman, 2005eko uztailaren 25a

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Euskal diaspora Aldatu lotura Wikidatan