Bidea da borroka

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bidea da borroka
Datuak
IdazleaUnai Gaztelumendi eta Beñat Gaztelumendi
Argitaratze-data2021
Generoaeleberri grafikoa
ArgitaletxeaEuskal Herriko Bertsozale Elkartea

Bidea da borroka Unai Gaztelumendik eta Beñat Gaztelumendik 2021ean plazaratu zuten komiki-liburua da. Liburuaren nondik-nora bien artean argitu ondoren Beñatena izan zen gidoia eta Unairena marrazkia. Bertsolari aldizkariko 124. zenbakian argitaratu zuten, monografiko gisa 2021eko neguan.[1][2][3]

Unai Gaztelumendi marrazkilaria
Beñat Gaztelumendi gidoilaria

Liburuaren sorkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenik gidoia idatzi nuen Beñatek, eta Unaik horren gainean marraztu. Baina Beñat gidoia idazten hasi zenerako pare bat hilabete pasatu zuten protagonisten izenak erabakitzen, ze jende aterako zen, ze kontatu nahi zuten… Lanean hasi zirenerako dena erabakita zegoen.[1]

Komikia sortzeko erreferentzia handia hartu zuten Zerocalcareren komikietatik. Hor argitu zuten zer kontatu nahi zuten eta gauzak kontatzeko estilo bat zehaztu zuten. Zerocalcareren komikietan ez da ezer handirik gertatzen, baina gauzak gertatzen dira; eguneroko harremana kontatzen du, eguneroko liskar txikiak. Gainera Zerocalcareren marrazki-estiloa deigarria egiten zitzaion Unairi, oso boteprontokoa, oso bat-batekoa. Urteetan eguneroko beharrean irudi oso landua erabiltzen zuen Unaik, aldatzeko edo, komiki honetan oso boteprontoko marrazkiak egin nahi izan zituen, oso barrutik ateratakoak, eta gordin xamarrak. Liburuan ea dena egin zuen lehenengo trazuan. "Inperfekzioz" jositako komikia da, baina horrek, era berean, nortasuna ematen dio.[1]

Bestalde gaztelumenditarrek beren artean askotan komentatuta zuten txapelketek zenbaterainoko fokoa hartzen duten, ze arreta bereganatzen duten, eta nola beste plaza, saio edo bertsolari izateko moduak itzalean geratzen diren.[1]

Erraz adostu zuten planteamendua bien artean.[1]

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Unaik eta Beñatek istorio bat kontatu dute beren belaunaldiaz. Belaunaldiak bertsolari-txapelketaren espektatiba sakon bizitzen duenez, liburuak BECera doan Martin Artola protagonistaren bidea kontatzen du. Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalera doa Martin, oholtzan kantatzera, egun handia da Martinentzat.[1]

Autoa hartuko du, harantz abiatuko da, eta errepidean doala errepasatuko ditu ordura arteko zenbait giro, jende, pasadizo. Bada, bi bidaia horiek, fisikoa eta bitala, uztartu ditu komikiak.[4][2]

Liburuko orrietan zehar tartekatuta, BECera iritsi ahal izateko bizitzan egin duen ibilbidea ere kontatzen du liburuak: ze jende utzi duen bazterrean, ze zalantza izan dituen, zergatik pasa den bera eta ez beste batzuk, Harremanak, prekarietatea, gatazka armatuaren osteko urteetan euren belaunaldiak duen epika berri baten falta, gizonezkoen pribilegioak...[1][3]

Beste lau pertsonaia azaltzen dira: Urko, Martinen lagun minena baina batere bertsozalea ez dena, 1980ko hamarkadako nostalgiarekin ari dena militantzia politikoan; Ekhiñe, Martinen txikitako laguna, bertso eskolan zein taldetasuna gauzatzen den beste hainbat momentutan kanpo geratu izan dena; Sara, Martinen kantukidea eta haren arazoak entzun ohi dituena, «hankak lurrera» ekarri ohi dizkiona; eta Iparra, hau ere Martinekin bertso eskolan hasi baina «literatura idatzira» jo duena, izaera «kontraesankor eta berezikoa».[2] Hori guztia aprobetxatzen dute egileek aldi berean beren belaunaldiaren inguruan zabalago hitz egiteko: gatazka armatuaren fasearen ondoren egoera nola bizi duten, hizkuntzaren gatazka nola sentitzen duten, nola ikusten duten 80ko hamarkadarekiko miresmen hori…[1]

ZeroCalcare komikigile italiarra

Izenburuaz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurreko belaunaldiaren lelo bat izaten zen “borroka da bidea”. Liburuaren izenburuan hitzak alderantzizko ordenan azaltzen dira: "Bidea da borroka". Martin Artola BECerako bidean borroka latza jasotzen du buruan.[1]

Unairen eta Beñaten belaunaldian badago sentipen bat aurreko belaunaldi guztiak hobeak zirela, belaunaldi bat aurrekoa baino hobeagoa… haiengana dena lortuta iritsi zela zirudien, eta dena alferrik galdu dutela. Aurreko belaunaldia “borroka da bidea” belaunaldia izan zen, Unai eta Beñaten belaunaldia "Bidea da borroka" belaunaldia da liburu honetan.[1]

Gauzak aldatzeko ere dena sortuta omen zeukan mundu batera iritsi ziren belaunaldi berrikoak, eta sentsazioa dute beren aurrekoek planak egin zituztela gazteontzat, aurrekoek esan zutela berriek zer izan behar duten, baina berriek ez dute aukerarik izan bizitzen ari direnari buruz hitz egiteko. Izenburua hortik dator.[1]

Bertsolari aldizkariaren komikiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertsolari aldizkariak 2015ean ekin zion komikiak plazaratzeari, «bertsolaritzatik gai orokorragoak» landuz. Bidea da borroka laugarren liburua da. Patxi Gallego eta Xabier Payak bi komiki-liburu sortu zituzten lehenago: Nork (2015) eta Nori (2019). Eta Arditutakoak liburua 2017an argitaratu zuten, Mikel Begoña gidoilari eta Adur Larrea irudigile.[2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h i j k Embarek Irizar, Beñat Hach; Beireuther, Conny. (2021-09-13). «Bidea da borroka» ZUZEU (Noiz kontsultatua: 2022-02-20).
  2. a b c d Ugarte Irizar, Itziar. (2021-11-22). «'Bidea da borroka' komikia eman dute Gaztelumendi anaiek» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-02-20).
  3. a b «"Bidea da borroka" komikia: Bertsolaritza abiapuntu, denok jartzen gaitu ispilu aurrean» Slump doktorearen zaintiratua 2021-11-23 (Noiz kontsultatua: 2021-11-23).
  4. Bertsolari Aldizkaria. Bidea da borroka - booktrailerra. Youtube - Bertsolari Aldizkaria (Noiz kontsultatua: 2022-02-21).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]