Euzko Gaztedik antolatu zituen bi lehenak, 1935ean eta 1936an. Gero, Espainiako Gerra Zibilaren eta haren osteko errepresioaldi gogorraren etena gertatu zen. Euskaltzaindiak hartu zuen antolatzeko ardura handik urte batzuetara, 1960an, 1962an, 1965ean eta 1967an. Hurrengoak, hamahiru urteko etena eginda, 1980an eta 1982an egingo ziren, eta Xabier Amurizak irabazi zituen biak. Bizkaitarra izan arren, euskara batuan abestu zuen, orduko moldea hautsiz, eta geroztik nagusi den bertsokera modernoaren oinarriak ezarri zituen. 1986tik aurrera, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak antolatzen du txapelketa, lau urtean behin.[1]
Lehenengo ekitaldiak Donostiako antzokietan antolatu ziren. 1960. hamarkadan Anoeta pilotalekuan jokatu ziren finalak eta 1986tik aurrera Anoeta Belodromoa finkatu zen. 2005ean apustu handia egin zen bertsolaritzaren eremu tradizionaletik atera eta Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren finala jokatzeko. Arrakastatsua izan zen erabat eta hurrengo ekitaldiak ere bertan jokatu ziren. 2021ean ezin izan zen txapelketarik jokatu COVID-19 pandemiaren erruz eta 2022ko udazkenean jokatu zen. Finala jokatzeko egoitza ere aldatu zen, Iruñeko Nafarroa Arena eraikinean jokatu baitzen lehenengoz[2].