Edukira joan

Bigarren Mundu Gerraren ondorioak

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Bigarren Mundu Gerrako sarraskiek mundua eta kontzientzia kolektiboa astindu zituzten.

Bigarren Mundu Gerra historiako konflikto armatu ikaragarriena izan zen, eta bere gerra total edo absolutu izaerak ondorio latzak ekarri zituen mundu mailan. Honen suntsipenaren eskala beste edozein gerrak izandakoa baino handiagoa izan zen, bai galera pertsonalei eta materialei dagokienez, bai kultural eta sozialei dagokienez.

Gerran gertatutako izuak mundua astindu zuen, eta guztien buruan geratu ziren sarraskien irudiak. Holokaustoaren oihartzuna ikaragarria izan zen, eta gerrako bestelako gertakariekin batera, nazioarteko erlazioak hobetzeko bideak irekiarazi zituzten. Horretaz gain, Hiroshima eta Nagasakin botatako bonba atomikoek gizakiaren suntsipen ahalmena erakutsi zuten, eta beste guda baten beldurra zabaldu zen.

Bigarren Mundu Gerra lehen konflikto militar modernoa kontsidera daiteke; bertan erabilitako teknika eta tresna berrien kantitate eta garrantzia dela eta, hilkortasun maila izugarria izan zen. Horretaz gain, gerra total izaera dela eta herrialde osoa zen parte, ez soilik militarrak. Izan ere, hildako gehienak zibilak izan ziren. Bi arrazoi hauek direla eta, konflikto honen hildakoak beste edozein gerran baino gehiago izan ziren.

Hildakoen zenbaki zehatza jakitea ezinezkoa bada ere[1], ikertzaileek estimazioak egin dituzte, eta gehienak 55 eta 60 milioi pertsona artean kokatzen dituzte[2]. Zenbakia gehiago zehaztu ezinaren arrazoiak anitzak dira; herrialde batzuen momentu hartako datuak biltzeko ezintasuna, hildakoen kopuru eta izaera anitza, ikertzaileen barne hartu ezinezko bilaketa, datu fidagarritasuna, estatu batzuen "zifra makillajea"...

Gudaren krudeltasuna ikusita, herrialdeen arteko komunikazioa hobetzea ezinbestekoa zela ikusi zuten potentzia nagusiek. Jada gerran zehar, herrialdeen arteko hitzarmenak sortzen saiatu ziren (besteak beste Jaltako Batzarrean), baina argi zegoen nazioz gaindiko erakunde baten sorrera beharrezkoa zela horrelako konfliktoak errepikatzea saihesteko. Horrela, 1945eko Urriaren 24ean Nazio Batuen Elkartea sortu zen. Elkarrizketa-fase honetan hainbat hitzarmen eta batzar egiten jarraitu ziren potentzia nagusien eta baita bestelako herrialdeen artean, erlazio internazionalak hobetzeko helburuarekin.

Hitzarmen hauetan orden mundial berria ikusi ahal izan zen; Lehenik eta behin Britania Handiak jada Lehen Mundu Gerraren ostean dudan jarritako munduko buruzagitza galdu zuen Amerikako Estatu Batuen faborean. Baita, potentzia ekonomiko izateaz gain gerran izandako pisua zela eta, SESBk hitzarmenetan nagusitasuna erakutsi zuen. Bi herrialde nagusi hauen artean horrela, norgehiagoka bat sortzen joan zen, bi sistema ekonomikoen arteko norgehiagoka bihurtu zena: Gerra Hotza.

Tentsioak gora egiten zuen gerra osteko egoeran, eta ikusgarri egin zen muga-arazoen auzian. Gehienbat Berlingo kasuan egin zen nabari, non Altzairuzko Oihala altxatu behar izan zen. Bi potentzia berriek, AEB eta SESB beren aldeko indar gehiago lortzeko, desegiten ari ziren Inperio Kolonialetatik jaiotako herrialdeak laguntzen zituzten, haien aldera pasa zitezen. Mundu berri hartan bi alde bakarrik existitzen ziren. Tentsio hartan status quo mantentzea zen helburua, hau aldatzeak gerra bat sortaraziko zuen beldurra zela eta.

Emakumeek gerran izandako paperak hauen posizioa gizartean aldatu zuen.

Guda hain krudel baten ondorio sozialak ere ankerrak izan ziren oso. Familia ikaragarri suntsitu ziren, muga aldaketak zirela eta populazio mugimendu ikaragarriak gertatu ziren, herri ugari desagertarazi ziren bonbardaketen bidez... Honek guztiak mendebaldeko moralitatean desoreka handiak eragin zituen, lan filosofikoetan eta artearen munduan ikus daitezkelarik.

Gerra total honetan, gizon gehienak frontean zeuden bitartean, herrialde askok (adibide onena Alemania izanik) gerra ekonomia jarri zuten martxan, herrialdearen ekonomia-indar guztia gerrara bideratuz. Ekonomia horretan lanesku kualifikatuaren falta betetzeko (gizon falta zela eta), emakume asko lan-mundura sartu ziren. Bigarren Mundu Gerra amaitzean, emakume asko lan munduan murgilduta jarraitu zuten, hauen irudia gizartean aldatuz, emantzipazio ekonomikoak ahaltsuago egiten baitzituen.

Ekonomia aldetik ere hondamendia handia izan zen. Bonbardaketek ehun-ekonomikoa suntsitu zuten; enpresa, errepide, trenbide, herri, baratze eta bestelako egitura ekonomiko mordoa desagerrarazi ziren. Horrela krisi ekonomikoa zabaldu zen gehienbat Europa erdialdean (bertan zentratu baitzen guda).

Indarberritzean modelo kapitalistaren alde egin zezaten, AEBek diru fluxu handi bat sartu zuen Europan: Marshall plana. Horrela, herrialde aliatuen suspertze ekonomikoa ahalbidetzeaz gain, galtzaileek hauen gerra-ordainak pagatzeko aukera ematen zien, diru mugimenduak ekonomian duen onura ikusiz; AEBek Alemaniari emandako dirua, hauek Erresuma Batuari gerra-ordainak pagatzeko erabiliko ziren, eta era berean britaniarrek AEBei gerra-maileguak bueltatzeko erabiliko zuten.

  1. (Gaztelaniaz) Hobsbawm, Eric. (2012). Historia del siglo XX. Crítica, 51 or. ISBN 9788498925012..
  2. (Gaztelaniaz) Anexo:Víctimas de la Segunda Guerra Mundial. 2019-02-09 (Noiz kontsultatua: 2019-02-10).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]