Campos de Castilla

Wikipedia, Entziklopedia askea
Campos de Castilla
1912ko jatorrizko edizioaren azala, 1999ko edizioaren arabera.
Jatorria
Egilea(k)Antonio Machado
Argitaratze-data1912
IzenburuaCampos de Castilla
Jatorrizko herrialdeaEspainia
Ezaugarriak
Genero artistikoaolerkigintza
Hizkuntzagaztelania
Egile-eskubideakjabetza publiko eta jabetza publiko
Antonio Machado

Campos de Castilla Antonio Machado poeta espainiarraren poesia-liburu bat da. 1912an argitaratu zen lehen aldiz. Lan honetan argi ikus daitezke 98ko Belaunaldiaren ezaugarriak. [1]

Obraren argitalpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1908tik aurrera, Sorian bizi zela, Machado poemak idazten hasi zen. 1910 amaieran bidaliko zizkion hauek Gregorio Martínez Sierrari, Editorial Renacimientok argitara zitzan. Editoreak lana kalitate eskasekoa zela erabaki zuen. Hori zela eta, poema-liburua ez zen argitaratu 1912ko apirila arte. Hasieran Tierras de España izenburupean argitaratua izan bazen ere, Machadok Campos de Castilla izenburua ematea erabaki zuen.[2]

1912ko lehen edizio honek udazkeneko zuhaitzak eta lainoak irudikatzen zituen xilografia bat zuen azalean. Lana 54 poemek osatzen zuten, era honetan aurkeztuta:

  • Campos de Soria: lehen bederatzi poemek osatzen zuten.
  • La tierra de Alvargonzález: hamar kapitulutan banatutako erromantze luzea.
  • Proverbios y cantares: 29 poema laburrek osatzen zuten. Horiei beste 24 gehituko litzaizkieke 1917an argitaratutako Poesias completas edizioan.
  • Lau poema solte: Homorada, Consejos, Profesión de fe eta Mi bufón.
  • Bi gorazarre: bata Unamunori eta bestea Juan Ramón Jiménezi. [3]

Machadok Campos de Castilla lanagatik 300 pezeta besterik ez zituen jaso, nahiz eta kontratuan 800 pezeta adostuta izan[4]. Campos de Castillak, baina, kritikaren eta publikoaren aldetik arrakasta izan zuen: Unamunok Machadori zin egin zion Buenos Aireseko La Nación egunkarian kritika bat egingo ziola, 1912ko ekainaren 25ean argitaratu zena; Azorínek ABC egunkari madrildarrean artikulu bat eskaini zion; eta Ortegak Los Lunes de El Imparcial aldizkarian aipatu zuen.[3]

Hurrengo edizioetan, Machadok poema gehiago gehitu zituen. Hala, Campos de Castillan ageri ziren 54 poemak 123 bilakatu ziren Poesias completas (1936) lanean.[5]

Gaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen ediziotik, Campos de Castillak ez du batasun formalik aurreko liburuarekin, hau da, Soledades. Galerías. Otros poemas (1907) lanarekin. Ángel Gonzálezek 1986an adierazi zuenez, Machadorengan ageriko eboluzio bat ikus daiteke. Rubén Daríoren arabera "misteriotsua eta isila" zen poeta atzean utzi zuen Machadok, eta bere iritziak plazaratzeko beldur ez zen poeta bat bilakatu zen. Hala, Machado etiko, aberkoi eta erregenerazionista ikus daiteke, Irakaskuntza Erakunde Askean hezia.

Machadok berak ematen du honen berri 1917ko Páginas escogidas edizioaren prologoan.

La tierra de Alvargonzález[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Campos de Castilla obraren lehen edizioan La tierra de Alvargonzález poema topa dezakegu, espainiar erromantze tradizioan oinarritua. Machadok bere aitonak, Agustín Duránek, jasotako Romancero generali esker ikasi zuen irakurtzen.[6]

Erromantzea gertaera errealetan oinarritu daiteke. Ian Gibson hispanistak dioenez, Machadorengan eragin handia izan zuen 1908ko abuztuaren 20an Carrascosa de Abajon izandako hilketak eta honek ekarri zuen epaiketak. Jakin badakigu gertaera honetan oinarritzen dela Machadoren Un criminal (CVIII, Campos de Castilla) poema. Baliteke Durueloko krimenak ere eragin izana. Hau 1910eko uztailaren 18an gertatu zen eta, aurrekoa bezala, soriatarren oroitzapenean iltzatuta geratu zen.[7]


Machadoren erromantzea Soriako Tierras Altas lurraldean ere kokatzen da eta nekazari familia baten istorioa kontatzen du. Familia bikote batek eta haien hiru semeek osatzen dute. Tradizioari jarraiki, bi anaia zaharrenek hartzen dute oinordetzan etxaldea eta seme gazteena Elizari ematen zaio. Dena den, seme gazteenak laster abituak uztea erabakitzen du eta Indietara alde egitea aberastu asmoz. Hau kanpoan dela, bi seme zaharrenak ezkondu egiten dira. Emazteek bultzatuta, bi semeek aita erailtzen dute eta gopua Laguna Negrara jaurtitzen dute. Ordutik aurrera, uztek okerrera egiten dute.

Anaia gaztea Indietatik itzutzean, anaia zaharrenek aita misteriotsuki desagertu dela azaltzen diote eta gutxinaka uzta galtzen joan direla. Gazteak lurrak erosten dizkie eta aurrerantzean berriz izango dira lur emankorrak. Artean, aitaren mamua agertzen zaie beste biei eta hauek beldurtu eta lotsatu egiten dira. Erromantzea bi anaia zaharrenen heriotzarekin amaitzen da, zeinak aita jaurti zuten laku berera salto egiten duten.[8]

Edizioak eta egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Romance de ciego izenez azpititulatutako eskuizkribuan oinarrituta, 1912ko apirilean Machadok La tierra de Alvargonzálezen lehen bertsio laburtua argitaratu zuen La Lectura aldizkarian. Bost urte beranduago, Machadok berak azaldu zuen erromantze-bildumaren itxura eta espiritua berreskuratzeko arrazoia: "Nire erromantzeek ez dute sorburua balentria historikoetan, hauek idatzi zituzten herrian eta kantatuak izan ziren lurretan baizik; nire erromantzeek gizakiaren funtsezkoenari begiratzen diote, Gaztelako landari eta Moisesen Lehen Liburuari".[9]

Juan Ramón Jiménezi eskainitako poema luzea —712 bertsolerro— hamar zatitan banatzen da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Gonzalez, Ángel. (1986). Antonio Machado. Ediciones Júcar, 28 or. ISBN 8433430181..
  2. (Gaztelaniaz) Machado, Antonio. (1912). «Introducción» in Arturo Ramoneda (arg.) Campos de Castilla. (2008. argitaraldia) Alianza Editorial ISBN 9788420660554..
  3. a b (Gaztelaniaz) Machado, Antonio. (1912). «Introducción» in Jose Luis Cano (arg.) Campos de Castilla. (1984. argitaraldia) Cátedra ISBN 9788420660554..
  4. (Gaztelaniaz) Gibson, Ian. (2006). Ligero de equipaje. Santillana, 249 or. ISBN 8403096860..
  5. Machado, Antonio. (1936). Poesias completas. Espasa Calpe.
  6. (Gaztelaniaz) Machado, Antonio. (1936). Pablo del Barco (arg.) ed. Juan de Mairena. (2009. argitaraldia) Alianza Editorial, 13 or. ISBN 9788420649849..
  7. (Gaztelaniaz) Gibson, Ian. (2006). Ligero de equipaje. Santillana, 220-221 or. ISBN 8403096860..
  8. Poesías. Editorial Losada, 110-123 or..
  9. (Gaztelaniaz) Gibson, Ian. (2006). Ligero de equipaje. Santillana, 246 or. ISBN 8403096860..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]