Moises (egiptoeraz: Moyses; grezieraz: Mωϋσῆς; hebreeraz: מֹשֶׁה; arabieraz: موسىٰ; Ge'ezez: ሙሴ) testu biblikoetan buruzagi erlijioso, lege-emaile eta profeta modura azaltzen den pertsonaia da. Toraren egiletza aitortzen zaio (Moisesen bost liburuak ere deitzen zaie Tora osatzen duten idazkiei). Hebreeraz Moshe Rabbeinu (מֹשֶׁה רַבֵּנוּ, "Moises gure irakaslea") ere deitzen zaio, eta judaismoaren profetarik garrantzitsuena da. Aldi berean, islamismoaren, kristautasunaren, bahaismoaren eta beste hainbat erlijioren profeta da.
Irteera liburuaren arabera, Moises jaio zenean gerra hotsak zebiltzan Egipton eta hebrearren kopuru gero eta handiagoak faraoia kezkatzen zuen, Egiptoko etsaiei laguntza eman ziezaieketela uste baitzuen. Faraoiak ume hebrear guztiak hiltzeko agindu zuenean, haren amak, Jokebedek, ezkutatu egin zuen eta, azkenean, errege familia egiptoarrak semetzat hartu zuen. Esklaboen arduradun bat hil ondoren, Moisesek ihes egin behar izan zuen Itsaso Gorrian barrena, eta Midian eskualdera iritsi zen. Midianeko apaiz (יִתְרוֹ, itró) Jethroren artaldeak zaindu zituen Horeb mendiaren magaletan. Egiptoko hamar izurriak gertatu ondoren, Moisesek esklabo hebrearrak gidatu zituen Egiptotik at, eta Itsaso Gorria zeharkatu zuten. Sasoi horretan Moisesek Hamar Manamenduak jaso zituen. 120 urte arte bizi izan zen arren, ez zuen inoiz Israelgo Lurraldea zapaldu.