Edukira joan

Candido Bolivar Pieltain

Wikipedia, Entziklopedia askea
Candido Bolivar Pieltain

Bizitza
JaiotzaMadril1897ko apirilaren 15a
Herrialdea Espainia
BizilekuaMexiko
HeriotzaMexiko Hiria1976ko azaroaren 22a (79 urte)
Familia
AitaIgnacio Bolívar Urrutia
Haurrideak
Familia
Hezkuntza
HeziketaMadrilgo Unibertsitatea
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakentomologoa
Enplegatzailea(k)National Polytechnic Institute (en) Itzuli
Jasotako sariak

Candido Luis Bolivar Pieltain (Madril, 1897ko apirilaren 15a - Mexiko Hiria, 1976ko azaroaren 22a) espainiar entomologo, espeleologo eta politikaria izan zen.

Espainiako Bigarren Errepublikan, hezkuntzarekin eta osasunarekin lotutako hainbat kargu bete zituen Manuel Azañaren gobernuetan, eta haren idazkari bihurtu zen 1936ko maiatzean Errepublikako lehendakari izendatu zutenean; Espainiako Gerra Zibil osoan bete zuen kargu hori, Mexikon erbesteratu arte.

Entomologia arloa Espainian zein Mexikon modu nabarmenean landu zuen; eta Mexikoko espeleologiaren sustatzaile nagusietako bat izan zen.[1]

Datu biografikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal jatorriko familia batean jaioa, aita Ignacio Bolivar Urrutia zuen, bere garaian mundu mailako entomologo ospetsuenetako bat;[1] ama berriz, Fermina Pieltain Bartolí, Coruñan jaioa eta Candido Pieltain lotinant generalaren alaba.[2]

1924an Amelia Goyanes Echegoyenekin ezkondu zen; sei seme-alaba izan zituzten, zeinetatik lau Espainian jaio ziren (Jose Ignacio, Amelia, Mª Luisa eta Ana) eta beste biak Ameriketan (Simon eta Antonio).[1]

Ikasle, ikerle, irakasle (1911-1931)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen eta bigarren mailako ikasketak Madrilen egin zituen, Institución Libre de Enseñanza erakundean, eta Batxiler gradua 1911n lortu zuen.

Natur zientzetako zaletasuna umetatik zetorkion: 1911an aitaren eskutik Real Sociedad Española de Historia Natural erakundean (SEHN) sartu zen, eta urte berean bere lehen artikulua elkarte honen buletinean argitaratu zuen, Observaciones sobre algunas cuevas del Norte de España y descripción de una nueva especie de Speocharis, aitarekin uda horretan eginiko esplorazio espeleologiko batzuen harira.[2] Artean 14 urte baino ez zituen.[1]

Natur Zientzietako unibertsitate ikasketak hasi zituen, eta horrekin batera aitak zuzendutako Espainiako Natura Zientzien Museo Nazionalean lan egiten zuen intsektuen taxonomia arloan. Ikasle libre gisa ikasgai ezberdinetako azterketetara aurkeztu zen Santiagoko Unibertsitatean, Bartzelonakoan eta Madrilgo Unibertsitate Zentralean, eta 4 urteko ikasketak 3 urtetan amaitu zituen, 17 urterekin. Ordurako, gutxienez 14 artikulu argitaratuak zituen.[1]

1915ean, Espainiako Natura Zientzien Museo Nazionalean agregatu bezala lan egiten ari zen; 1917an behin-behineko kontserbatzaile bezala; eta 1922an museoaren Entomologia Buru izendatua izan zen. Urte berean, Madrilgo Unibertsitate Zentralean zoologia irakasle postuaren oposizioa irabazi zuen. [1]

Bere ikerketetan zehar Iberiar Penintsulako leku asko bisitatu zituen, bereziki fauna bioespeleologikoarekin lotuta; gainera Marokora, Italiara eta Ameriketako Estatu Batuetara bidaiak egin zituen, zio berarekin. Bidai hauetako batzuk René Jeannel bioespeleologoak eta bere fakultateko irakasle eta ikasleek lagunduta egin zituen.[1]

Aldi berean, Real Sociedad Española de Historia Natural (SEHN) elkartearekin lanean jarraitu zuen, lan zientifikoez gain administrazio ardurak ere izan zituelarik, 1916tik hasita Espainiako Gerra Zibilaren ostean erbesteratu arte. Bere ardurapean izan ziren, esate baterako, elkarte honek argitaratzen zituen aldizkariak (Boletín, Memorias, Conferencias, Reseñas Científicas eta Revista Española de Biología).[1]

1925ean, aitarekin batera Eos zientzia-aldizkaria sortu zuen, museoaren entomologia sailak ateratzen zuena. [1]

Politikan eta dibulgazioan (1931-1939)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aitaren aldetik tradizio liberalekoa,[2] Acción Republicana alderdikoa zen eta Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu ostean politikan sartu zen. 1931 eta 1933 artean hezkuntzarekin eta osasunarekin lotutako hainbat kargu izan zituen, Manuel Azañaren gobernupean.[1]

Kongreso ugaritan parte hartu zuen, bai entomologikoak (Zurich, Ithaca, Paris, Madrid) baita zoologikoak ere (Budapest, Padua), eta Frantziako eta Ingalaterrako natura instituzio nagusien urteurren-ospakizunetan. 1935eko Madrilgo VI Nazioarteko Entomologia Kongresuan, hain zuzen ere, Candido Bolivar izango zen idazkaria[1] (eta Ignacio Bolivar aita, presidentea).[2]

Fronte Popularrak 1936ko hauteskundeetan lortutako garaipenaren ondoren, Osasun eta Ongintzako idazkariordea izan zen, eta Manuel Azaña Errepublikako presidente izendatu zutenean, honek Presidentearen Etxeko idazkari nagusi izendatu zuen. 1936ko estatu kolpearen ondorioz piztu zen gerra zibil osoan kargu hori bete zuen, Azañak 1939ko otsailean lehendakaritza utzi arte.[1]

Errepublikako agintariak erbesteratzearekin batera, Candido Bolivar Vernet-les-Bains herrira joan zen, bere familiarekin biltzera. Bere etorkizunera begira, jarduera profesional eta zientifikoa atzerrian jarraitzeko gestioak abiatu zituen; horrela, Mexikoko Secretaría de Salubridad erakundeak kontratatua, 1939ko uztailean Mexikora abiatu zen;[1] familiarekin eta, bere ikasle izandako Dionisio Pelaezekin -Errepublikar armadan borrokatzen aritu zena-.[2]

Mexikoko urteak (1939-1976)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bolivartarrak Mexikon babestu ziren eta 1939tik aurrera Colegio de Mexico instituzioan sartu ziren, Daniel Cosío Villegas-ek gerra garaian sortua, Mexikora emigratutako espainiar talentuak babesteko.

Lehen sei hilabeteetan, oncocercosis gaixotasunarekin lotutako ikerketetan lan egin zuen, Chiapas estatuan; denbora hau halere laginketa entomologikorako ere baliatu zuen, aurkikuntza interesgarriak eginez; ostean, Mexiko Hiriko egoitzara pasatu zen. 1941ean Escuela Nacional de Ciencias Biológicas (Instituto Politécnico Nacional) ikastetxean sartu zen entomologia irakasle/ikerlari bezala, eta Entomologia Laborategiaren zuzendari izatera iritsi zen. 1943 eta 1956 artean Anales de la Escuela Nacional de Ciencias Biológicas aldizkaria zuzendu zuen. Halere, lanpostu egonkor horiek lortu baino lehenago lan ezberdin asko txandakatuz biziraun behar izan zuen, batez ere ikastaroak emanez errefuxiatuek sortutako eskola eta institutuetan.[2]

Ignacio eta Candido aita-semeek Ciencia aldizkaria sortu zuten 1940ean, erbesteratutako zientzialari espainiarren aldizkari nagusi bihurtuko zena. Aldizkariaren "arima" Candido izan bazen ere, lehen zuzendari formalak Ignacio aita eta Blas Cabrera izan ziren, biak ala biak zientzialari ospetsuak. 1946an hartu zuen Candidok zuzendaritza, ia 30 urtez mantenduko zuena.[2] 1980ean Mexikoko Zientzia Akademiaren organo ofiziala bihurtuko zen.

Mexikon bildu ziren espainiar erbesteratuen artean Natur Zientzien Museo Nazionaleko beste bioespeleologo bat ere bazegoen, Federico Bonet Marco. Aurretik zenbait espezialistak arlo hori ukitua zuten arren, adituen arabera, Candido Bolivar eta Bonetek abiatu zuten Mexikon bioespeleologia ikerketa sistematikoa.[3] Bai esploratzaile bezala (Nuevo Leon estatuan Villa García, Palmito eta Cueva del Carrizal haitzuloak, eta Guerrero estatuan Boca del Diablo leizea) baita irakasle bezala ikerlari belaunaldi berrien formakuntzan. Gainera, Grupo Espeleológico Mexicano taldea sortu zuten, eta gero Asociación Mexicana de Espeleología.[4] 1947an, Bolivar Sociedad Mexicana de Historia Natural elkartearen lehendakari izendatu zuten.[2]

Mexikon eginiko lanez gain, atzerrirako espedizioetan parte hartzen jarraitu zuen: 1943an Kuban izan zen, Habanako Unibertsitateak espainiar unibertsitate irakasle erbesteratuen bilera bultzatu baitzuen. 1948an berriz, UNESCO sortu berriak Amazonian bultzatutako ikerketen baitan, Huallaga ibarrera eginiko espedizioan parte hartu zuen; 3 hilabetez, 400 ornodun eta 8000 intsektu/artropodo bildu zituzten, haien artean espezie berri ugari.[2]

Bolivarrek Mexikoko karabido espezie berriak deskribatu zituen (1940, 1952), eta haien artean lehen Trechinae itsua (1942); lan hauetako batzuk Hendricks-ekin batera argitaratu zituen (1964, 1965, 1966). Ricinulei ordeneko araknidoak ere ikertu zituen (1941, 1946). Cirolanidae familiako isopodo espezie berria ere aurkitu zuen (1950) eta Ameiuridae familiako arrain itsu eta despigmentatua (1954), gero Carranzak deskribatu zuena (1954). Espezie hauetako asko troglobioak ziren. Guztira, Bolivarrek 10 idazlan bioespeleologiko argitaratu zituen Mexikon.[3]

La Vida de los Crustáceos liburua idatzi zuen, eta aldizkari espezializatuetan argitaratutako artikulu ugari. Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoak ohorezko irakasle izendatu zuten, eta, aita bezala, honoris causa doktore.

Erreferentzialtasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urte askoan Candido Bolivarrek ez zuen inolako aitortzarik jaso Espainian. Kontrara: 1935ko VI Nazioarteko Entomologia Kongresuaren aktetan -frankismoan argitaratu zirenak- Bolivar aita-semeen izenak eta idazlanak ezabatu ziren. Eta 1944an Jose Maria Dusmetek eginiko espainiar entomologiaren errepaso historikoan (Recuerdos para contribuir a la historia de la Entomología de España, Madrid, Real Academia de Ciencias Exactas, Físicas y Naturales) Candido Bolivarren izena iraganean aipatzen zuen, "bide zuzena utzi eta bide okerretik barneratu" izanarengatik atsekabea erakutsiz.[2]

Adituen arabera, SEHN eta Junta de Ampliación de Estudios erakundeek bioespeleologiari eman zioten bultzadaren erakusgarririk onena da Candido Bolivar Pieltain.[5]

1998ko apirilaren 27an, Madrilgo Residencia de Estudiantes egoitzan, mahai inguru bat egin zen "Cándido Bolívar (1897-1976) y la ciencia del exilio" izenburuarekin. Hizlarien artean izan ziren, besteak beste, Jerzy Rzedowski (Bolivarren ikasle izandakoa Mexikon) eta Antonio Bolivar Goyanes (Candidoren seme gaztena). Publikoan, berriz, Mexikotik etorritako bolivartar asko.[1]

  • Bolívar, C. 1940. Exploración de la caverna de Cacahuamilpa (Guerrero, México). Ciencia, 1 (3):125-126.
  • Bolívar, C. 1941. Estudio de un ricinulideo de la Caverna de Cacahuamilpa, Guerrero, Mex. (Arachnida). Rev. So c. M ex. Hist. Nat., 2 (2-3):197-209, lám. XI.
  • Bolívar, C. 1942. Estudio del primer Trechinae ciego hallado en caverna de México (Col. Carab.). Ciencia, 3: 349-354.
  • Bolívar, C. 1944. Descubrimiento de una Rhadine afenopsiano en el estado de Nuevo León, México (Col. Carab.). Ciencia, 5 (1-3): 25-28.
  • Bolívar, C. 1946. Hallazgo de un nuevo ricinulideo en el México Central. (Arach.). Ciencia, 7 (1-3): 24-28.
  • Bolívar, C. 1950. Estudio de una Cirolana cavernícola nueva de la Región de Valles, San Luis Potosí, México (Isop. Cirolanidae). Ciencia, JO (7-8): 211-218.
  • Bolívar, C. 1952. Un Ozaeninae troglófilo de la Cueva de los Sabinos, V Valles, S.L.P. (México) (Col. Carab.). Ciencia, 11 (10-12): 295-296.
  • Bolívar, C. & J. Carranza. 1954. Hallazgo en México de un pez ciego y depigmentado de la familia Ameiuridae, que vive en aguas freáticas del estado de Coahuila. Ciencia, 14 (4-6): 115.
  • Bolívar, C. & J. Hendrichs. 1964. Agoninos cavernícolas nuevos del género Rhadine de Nuevo León, Coahuila y San Luis Potosí (México) (Col. Carab.). Ciencia, 23 (1):15-16, Lám.l.
  • Bolívar, C. & J. Hendrichs. 1965. Los Carabidae de la Gruta de Cacahuamilpa (México) con descripción de Agonum (Platynus) bilimeki n. sp. y de su larva (Ins., Col.). Ciencia, 23 (6): 225-232, Lám. V.
  • Bolívar, C. & J. Hendrichs. 1968. Nota sinonímica sobre Agonum (Platynus) bilimeki. Bolívar y Hendrichs.Ciencia,26 (3):107-108.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g h i j k l m n Gomis Blanco, Alberto. (1998). «Homenaje a Cándido Bolívar (1897-1976) con motivo del centenario de su nacimiento» Llull: Revista de la Sociedad Española de Historia de las Ciencias y de las Técnicas 21 (41): 549–552. ISSN 0210-8615. (Noiz kontsultatua: 2024-09-26).
  2. a b c d e f g h i j «Cándido Bolívar y Pieltain | Real Academia de la Historia» dbe.rah.es (Noiz kontsultatua: 2024-09-28).
  3. a b Hoffmann et al.. (1986). Manual de Bioespeleologia. .
  4. (Gaztelaniaz) «200 mexicanos que nos heredó el mundo | WorldCat.org» search.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2024-09-25).
  5. SENDRA MOCHOLÍ, Alberto. PÉREZ FERNÁNDEZ, Toni. CABALLERO LÓPEZ, Berta. MASÓ ROS, Glòria. AUROUX, Lluís. PRIETO MANZANARES, Miguel. MONSALVE DOLZ, Miguel Ángel. GINÉS GRACIA, Ángel. 2023. Historia, un relato sobre hallazgos y descubrimientos. Pp:579-632. In: Sendra A (Coord.) 2023. Habitantes de la oscuridad: Fauna ibero-balear de las cuevas. Ed. Sociedad Entomológica Aragonesa.