Edukira joan

Carmen Mendiguren

Wikipedia, Entziklopedia askea
Carmen Mendiguren

Bizitza
JaiotzaZamudio1913ko maiatzaren 22a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Heriotza2010eko otsailaren 7a (96 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakirakaslea
KidetzaEmakume Abertzale Batza

Carmen Mendiguren Abaunza (Zamudio, Bizkaia, 1913ko maiatzaren 22a - Ibidem, 2010eko otsailaren 7a) maistra izan zen. Emakume Abertzale Batzako idazkaria ere izan zen. Gerra Zibiletik ihesi erbestera bidali zituzten umeei lagundu zien Ingalaterrara; Southampton, Eastleigh, Dymchurch eta Leeds-era, 1937ko maiatzaren 21ean, Santurtzitik Southamptonerantz (Ingalaterra) abiatuko zen Habana itsasontzian.[1]

Carmen Mendiguren Zamudiotorren jaio zen, gaur egun udal liburutegia dagoen eraikin historikoan, eta 7 neba-arrebetatik laugarrena izan zen. Oinarrizko ikasketak amaituta, "Bizkaiko maisu-maistren eskola arruntean" inskribatuko zen, irakasle-ikasketak egiteko eta bertan eskuratu zuen maistra titulua.[2].

1933ko otsailaren 12an Zamudioko Emakume Abertzale Batzako osatu zen. EABko buru Tori Agirregoitia Barbera izan zen eta Carmen Mendiguren izendatu zuten idazkari. EABren helburuetariko bat euskal umeen hezkuntza zenez, Euzko-Ikastola-Batzak ardura hori bere gain harturik, Bilboko Belostikalen eta Gran Vian ikastolak ireki zituen, eta Sondikakoa abian jarri zuen 1932an.[3]

Irakasle ibilbidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urratsak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irakasle gisa Sondikan eman zituen lehen urratsak, Polixene Trabuduarekin batera, eta Lezaman ere izan ziren. Bitxia bada ere, 1936ko gerra piztu zenean, irakasle praktikak egiten ari zen udalerri horretan.[2]

Gerra garaia

Gerrak Carmenen bizitza erabat aldatuko zuen. Hala, 1937ko urtarriletik apirilera, bitartekari lanak egin zituen Euskadiko Gobernuko Defentsa Sailean. Garai hartan, Eusko Jaurlaritzak gure lurraldeko maisu-maistrei haurren Ingalaterrarako bidaian laguntzaile gisa joateko deia egin zien. Carmenek Bilboko Ibañez kaleko 22. zenbakian eman zuen izena, maiatzaren 19an, Leah Manningek antolatutako bidaian. Maiatzaren 21ean, Santurtzitik Southamptonerantz (Ingalaterra) abiatuko zen Habana itsasontzian.

Behin Ingalaterran, irakasle lanak egin zituen, lehenik Southamptongo kanpamentuan eta, ondoren, hainbat kolonietako ikasle taldeen arduradun bezala. 1939ko irailaren 1ean Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, asko etxera itzuli ziren. Eta halaxe egin zuen Carmenek ere,

1939ko abenduaren 23an itzuli zen Ingalaterratik Zamudiora. Espainiako Gerra Zibila amaituta zegoen, baina beste herritar asko bezala, Carmenek ondorio latzak jasan behar izan zituen. Gobernu Zibilean fitxatuta zegoen Zamudioko “Emakume Abertzale Batzako” idazkaria izateagatik eta gerra sasoian umeekin Ingalaterran erbesteratuta egotearren. Eskubide asko moztu zizkioten, esaterako eskolak ematea galerazi zioten Carmenen esanetan:

eurentzat izen nintzan separatista-roja

Eskoletan klaseak ematerik ez zuenez, dirua irabazteko, Bilbon umeak zaintzen eta bordatzen jardun zuen

Dorretxeko eskola

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Debekuak debeku, ama batek bere alabari eskolak emateko eskatu eta horrela hasi zen Carmen Zamudio dorretxean klase partikularrak ematen. Lehenengo etxe barruan elkartzen ziren umeak, eta gero eta gehiago zirenez dorretxeko petrila zarratuz hainbat neskato eta mutiko bertan batzen ziren. Eskola honetara batzuk goiz eta arratsaldez joaten ziren, eta eurentzat eskola bakarra zen. Beste ume batzuk herriko eskola ofizialera joan ostean dorretxera hurbiltzen ziren zeozer gehiago ikasteko asmoz. Apurka apurka dorretxeko eskola, arbelaz,aulkiz, mahaiz eta klarionez hornitu zen.

Herritarrek dorretxeko eskola ontzat hartu arren, ez zen denen gustukoa izan eta arazoak sortu zitzaizkion. Don Constantino Losadak, eskola nazionaleko maisuak, behin baino gehiagotan salaketa jarri zion eta Sanchez ikuskariaren bisita ostean eskola zarratu beharra izan zuen. Halere, epe labur baten ostean, umeen poztasunerako, berriro zabaldu zen eskola.

"Beragaz ordu pare baten gehiago ikasten zan eskolan egun osan egonda baino"

Carmenek eskolak emateaz gain, ikasten jarraitu zuen, esaterako, takigrafia eta ingelesa ikastera Bilboko Boweb institutura joaten zen.

1959an Hezkuntzako Ministeriotik oposaketak atera ziren “Oposiciones restringidas a ingreso en el magisterio para cursillistas de 1936 y ex combatientes...”. Carmenek gainditu egin zituen oposaketa horiek, dorretxeko eskola zarratu eta irakasle lanbide ofizialari heldu zion.

Eskola ofiziala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Carmenek 1960-61 ikasturtean Etxebarriko San Antonion egin zituen praktikak (Escuela Sección 2a de la Graduada de niñas de San Antonio de Echevarri). 48 ume matrikulatuta zeuden bere gelan. 1961ko martxoaren 7an ikuskariak bisitaldia egin eta gero hauxe idatzi zuen bere txostenean:

“es bueno el comportamiento profesional de esta maestra, refleja vocación y celo...

1961ko ekainaren 1ean Bizkaiko herrietako auzoko 7 eskoletan irakasle lanpostuak esleitu zirenean Errigoitiko Olabarrin mutikoen eskolara joatea suertatu zitzaion: “Maestra propietaria definitiva de la Escuela nacional de barriada de niños de Rigoitiolea”. Bertako eskolan zazpi urtez aritu zan. Bertara heltzeko Zamudiotik Errigoitira ibilbide luzea egin behar izaten zuen. Zamudiotik trenez edo oinez Vista Alegrera, handik autobusez Mungira eta Morgarako autobusa hartu eta Olabarrira heltzen zen. Bide astun hori ekiditeko, astean zehar Olabarrin bizimodua egitea erabaki zuen arte.

1968ko ikasturtearen hasieran Zamudioko eskolako postua lortu zuen eta 1980 arte, hamabi urtez, Zamudioko umeei irakasten jardun zuen.

Carmenek jubilazioa hartu zuenean bizimodu lasaia eraman zuen, “lantzean behin umeak etorten jakozen klase batzutan laguntzeko..., baina arrasti gehienetan trena hartu eta Bilbora joaten zan beste maistra lagunekaz egoten”. Lasaitasun horretan jarraitzen zuen bere gogoko musika, eta irakurketekin.

  • 2002an Mendebalde Kultura Alkartearen eskutik omenaldia jaso zuen. Xabier Amurizak gorazarre egin zien Carmeni eta Maistra talde ezagunei, “Euskerearentzat eta gure eskolearentzat, frankismoa ez da historiaren orri inprimatu bat, narruan daroagun marka bat baino, eta nondik zehar gatozen edo goazen gogoratzeko. Mendebalde Kultura Alkarteak aurten lau irakasle andrazko omendu gura izan ditu, gazte-gazteak zirala, gerratik eta hondamenetik bizirik urten ebenak”[3]
  • 2008an Zamudioko Udalak Emakume egunean omenaldia egin zion.
  • 2020an Carmen Mendiguren Abaunza izena jarri zioten Zamudioko kale bati, [4]Zamudioko Arteaga bizitegisektoreko F-1 lurzatiaren inguruan eraiki den kaleari han zuen. Izen hori aukeratzeko genero-ikuspegia izen zen kontuan. Aukera hori egiteko, oinarri izan zen Udalerako Amagoia Guezuraga zamudioztarrak idatzitako dokumentazioa.
  • 2023ko Lagatzu Egunean, ekainaren 24an Carmen Mendiguren pastorala taularatuko da bere jaioterrian.[5]

2010eko otsailaren 27an hil zan 96 urte zituela eta Izar Mendiguren, bere lobak, ondorengo bertsoa eskaini zion:

Sondikan gerran,

Ingalaterran, Euskarari itsatsirik,

zure izarra beti egongo da

irakasten ta pizturik,

nahiz eta aho eta begiak

betiko izan itxirik,

gure Bihotza eta oroimenean

egongo zara bizirik!

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Andoni Hormaeche Dañobeitia: Gudari del Batallón Gernika» Euskal kultura (Noiz kontsultatua: 2023-05-22).
  2. a b Carmen Mendiguren in memoria. .[Betiko hautsitako esteka]
  3. a b «Emakume Abertzale Batza Txorierrin - Txorierri» Aikor.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-22).
  4. «Txorierrin bakarrik 11 kalek eta eraikinek dute emakume-izena - Txorierri» Aikor.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-22).
  5. «Lagatzu Eguna - Zamudio - 2023-06-24» Aikor.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-22).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]