Emakume Abertzale Batza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Emakume Abertzale Batza
Buruzagia Karmele Errazti
Sorrera 1922
Egoitza nagusia Bilbo
Ideologia politikoa Eusko abertzaletasuna
Emakume Abertzale Batzako lau kide, Beasainen (Gipuzkoa), 1930eko hamarkadan.

Emakume Abertzale Batza (EAB) 1922an Bilbon sortutako EAJko emakumeen elkarte nazionalista da. Karmele Errazti izendatu zuten presidente, baina, Miguel Primo de Riveraren diktadura-aldian legez kanpo utzi eta desagertu egin zen. Elkarte hau sortzeko jadanik Irlandan zegoen Cumann na mBan elkartean oinarritu ziren.

1931n berragertu zen, berezko autonomia lortu eta Hego Euskal Herri osora zabaldu zen. "Jaun-goikoa eta Lagi-Zarra" (JEL) eta euskara zituzten helburu; gizonezkoek gidaturiko lanaren menpeko ikusten zuten beren egitekoa. Irakaskuntza eta heziketa alorrean egindako lanaz gain (ikastola eta haurtzaindegietan bereziki), propaganda eta gizarte-arazoak arintzen saiatu ziren. Jarduera honen emaitza, eta Juventud Vasca-rekin (EGI) batera, Euzko Irakasle Batza eta Euzko Ikastola Batza sortu ziren (1932).

Elkartearen indarra eta eragina handia zenean, Espainiako Gerra Zibila piztu zen eta frankistek gogor zapaldu zituzten. Gerra ondoren, asko erbesteratu egin ziren eta euskal errefuxiatuei eman beharreko laguntza prestatu zuten.

EABko kide nabarmenenak izan ziren Karmele Errazti, Polixene Trabudua, Haydée Agirre, Julene Urzelai, Sorne Unzueta, Robustiana Mujika Egaña eta Elbira Zipitria.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]