Dacia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Dacia terminoaren beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Dazia (argipen)»
Dacia Sandero

Automobile Dacia S.A. (errumanieraz ˈdat͡ʃi.a ahoskatua) Errumaniako automobil-fabrikatzailea da.

Errumaniarren arbasoak bizi ziren lurraldeari erromatarrek emandako latinezko izenetik, Dacia hitzetik, datorkio izena auto-markari.

Dacia automobil-etxea 1968an sortu zuen garai hartako erregimen komunistak, herrialdeak berak fabrikatu nahi baitzituen herritarrentzako automobilak. Horretarako, auto-fabrikatzaile baten lizentzia erostea erabaki zuten. Eskaintza Fiat, Alfa Romeo, Peugeot, Morris, Ford eta Renault markek egin zioten Errumaniako gobernuari. Lehen saialdiak Peugeot eta Morris markekin izan baziren ere, azkenik Renaultekin egin zuten tratua errumaniarrek, eta R-12 modeloaren prototipo bat ekoizten hasi ziren: Dacia 1310, auto moderno eta familiarra zen, eta mekanika sinplekoa. Dacia 1310 modeloa izan da Errumaniako enpresa honen modelo enblematikoena. Orduz geroztik, Renault automobil-gamatik eratorritako modeloak ekoitzi izan ditu.

Fabrika nagusia Piteștin zegoen eta dago, Bukarestetik ehun bat kilometrora, ipar-mendebaldera.

1999an, Renaultek erosi egin zuen Dacia, garatze-bidean zeuden herrialdeetan auto merke bat saldu ahal izateko. Orduz geroztik, Renault taldearen barruan dago Dacia. Gaur egun, talde osoaren salmenten % 30 dira marka honenak.

Merkaturatzea indartzeko, bi helburu nagusi hauek izan ditu enpresak: batetik, produkzio-katea modernizatzea, beste herrialdetara esportatu ahal izateko; bestetik, «Dacia zaharra»rentzat ordezko atalak produzitzen segitzea. Izan ere, errumaniar gehienek ez dute sekula autoa saltzen; nahiago dute auto zaharra konpondu.

2004an, Logan modeloa merkaturatu zuten, eta arrakasta handia izan zuen Errumanian eta baita Europa mendebaldeko eta ekialdeko herrialdeetan ere.

Prezio merkea eta auto sinplea izatea ditu bereizgarri Dacia markak. Gaur egun, auto-modelo hauek saltzen ditu Daciak: Logan, Sandero, Duster eta Lodgy.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Dacia Aldatu lotura Wikidatan