Danimarkako ekonomia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Danimarkako Banku Nazionala.

Danimarkako ekonomia batez ere kanpora zuzenduta dagoenez, munduko merkatuaren gorabeheren mende dago. 1973ko petrolioaren krisiak eragindako makalaldia atzera utzi ondoren, 90eko hamarraldiaren ezaugarriak ekonomia hazkundea eta langabezia tasaren gutxitzea (1994an % 12 izatetik, % 7 izatera pasa da 1998an) izan dira.

Ekonomia adierazleek ez dute dudarik uzten: aurrekontu defizit eskasa (% 1), ordainketa balantza positiboa, inflazioa kontrolpean, diru indartsu eta egonkorra (daniar koroa), etab. Aurkako datu bakarra kanpo zor handia da (BPGaren % 71,5, 1997an).

Danimarka, tradizioz, nekazari herria izan bada ere, enpleguaren banaketa estatu industrializatu bati dagokiona du: lehen sektorean biztanleria aktiboaren % 5 baizik ez da enplegatzen, bigarrenean % 26, eta hirugarrenean % 69. Europar Batasuneko bizi maila garaiena du Danimarkak, eta oso aurreratua du gizarte laguntzaren sistema.

Nekazaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1980ko hamarraldian, daniar nekazaritza eguneratu zenean, enplegu asko galdu zen sektore horretan. 1989an, baserriak elkarretaratzea bultzatzen zuen lege berri bat atera zen arren, oraindik Danimarkako etxaldeen lautik hiru ez dira 50 hektareatara iristen.

Familiako lantegiak dira gehienak: % 16 baizik ez dira egun osoko enplegatuak dituzten baserriak. Klima ozeaniko epelari esker, eta lurraldearen % 64 landuta baitago, Danimarkako nekazaritza ekoizpena barne eskaria baino askoz handiagoa da. Labore produkzioak hartzen du lur landuen % 60 (garagarra, garia, zekalea), patata soroek % 10, belardiek % 9, eta belardi artifizialek eta ganadu-janetarakoek % 15.

Produkzio horretatik parte handi bat abereak elikatzeko erabiltzen da. Abere hazkuntzak, izan ere, paper garrantzizkoa jokatzen du Danimarkako nekazaritzan: 1994an, esate baterako, nekazaritza produkzioaren osoko balioaren % 70 abere hazkuntzari zegokion. Esnea izan da, urte askoan, baliabide nagusia (gurina, gazta), baina 1977an Europar Batasunean kuota sistema ezarri zenetik, zerri hazkuntzak gorakada handia izan du.

Arrantza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrantzaren sektoreari dagokionez, hamargarren tokian dago Danimarka, mundu mailan, arrantzatutako kopuruen arabera. Jende gutxi enplegatzen duen arren (1993an 5.000 arrantzale baizik ez zen) arrantzak industria jarduera asko eragiten ditu. Bakailaoa, sardinzarra, berdela eta platuxa dira gehien arrantzatzen dituzten arrain motak, eta, batez ere, arrain irina eta arrain olioa ekoizten dira. Arrantza da, orobat, Groenlandiako eta Faroe uharteetako funtsezko jarduera.

Industria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Danimarkako industriarik garatuena nekazaritza-arrantza elikagaiena da. Haragitik, esnetik eta arrantzatik eratorritako produktuak dira industria horretako izarrak. Danimarka da, mundu osoan, haragi, arrain eta txerriki kontserba gehien saltzen dituena. Labore asko izaten dutenez, okindegi eta galleta industria ere oso garatuta dago; garagardoa ere dezente ekoizten dute. Zigarro eta zigarro-puru lantegiak, berriz, tradizio luze baten erakusgarri dira.

Metalurgia eta ingeniaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elikagai industrien ondoren, metalurgia eta ingeniaritza dira Danimarkako industria sektore garrantzizkoenak. Siderurgia gainbehera antzean badago ere, tresneria hidraulikoak eta termikoak, eta makina-erremintak hedatzealdi betean daude. Nolanahi ere, ingeniaritza mekanikoa (motorrak, industriako makinak, termostatoak…) eta kimika industria (petrokimika, farmazia, ongarriak, gai plastikoak) dira, gaur egun, hazkunde tasa handiena dutenak.

Lehengaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luzaroan uste izan da Danimarka txiroa zela lehengai kontuetan (esate baterako, ez du metal meatzerik), baina Ipar Itsasoan petrolioa eta gas naturala aurkitu ondoren, barneko hidrokarburo premiak estali ez ezik, 1991tik, esportatzeko ere iristen zaio. Batez ere, energia inportazioak (ikatza) gutxitu dituzte, eta instalazio nuklearrei uko egin ahal izan diete.

Bestalde, inbertsio handiak egin dituzte energia berriztagarrietan (haizea, eguzkia) eta alor horietako teknologia esportatzen du Danimarkak. Hondakinen berreskuratze industria ere aurreratua dute. Adibidez, papera egiteko behar den lehengaiaren % 80 erabilitako paperetik ateratzen dute.

Lurraldean lehengairik ez dutenez, Danimarkak mineral kopuru handiak inportatzen ditu industriaren beharrak asetzeko, eta produkzioaren parte handi bat inportazio horiek finantzatzeko erabiltzen ditu. Horrela ulertzen da, biztanlez herri txikia izan arren, daniarren kanpo merkatua munduko lehen tokietan egotea.

Kanpo merkataritzak herrialdearentzat duen garrantziaren jakinaren gainean, Danimarkak truke librearen aldeko posizioak aldezten ditu, hala ELGEn nola Europar Batasunean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]