Edukira joan

Daphne cneorum

Wikipedia, Entziklopedia askea
Daphne cneorum
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaMalvales
FamiliaThymelaeaceae
GeneroaDaphne
Espeziea Daphne cneorum
Linnaeus, 1753

Daphne cneorum Thymelaeaceae familiako zuhaixka bat da. Lorategietan apainketarako erabili izan da dituen arroxa koloreko loreengatik, baina gizakiarentzako pozointsua den landarea da eta kontuz ibili behar da manipulatzerakoan.[1]

Europako mendietan aurkitzen da, betiere populazio txikietan. Orokorrean 1.500 metrotatik gora aurkitzen da, baina Euskal Herrian ere badugu altuera txikiagotan. Iberiar penintsulari dagokionez, Euskal Herriaz gain Pirinio eta Kantabria artean eta Sorian agertzen da.[1]

Lineok deskribatu zuen Zientziarako 1753an, Species Plantarum liburuan.[2]

K.o. I. mendeko Dioskorides medikuak aipatzen du lehenengoz Daphne izena. Hitz horrek antzinako grezieraz "ereinotza" edo "erramua" esan nahi du, izan ere genero horretako landareek ereinotzaren antzeko hostoak baitituzte.[3]

Espeziearen cneorum izena greziarrek torbiskoa (Daphne gnidium) izendatzeko erabiltzen zuten, genero bereko beste espezie bat[4]. Hark lore zuriak ditu.

Honako sinonimo hauek ditu:[5]

  • Daphne cneorum var. cantabrica Sennen & Pau
  • Daphne odorata Lam.
  • Daphne verloti Gren. & Godr. Fl. France 3: 59 (1856)
Daphne cneorum landarearen lore arroxen multzoa.

Landare bizikorra da eta urte asko iraun dezaketen zurtoin etzan finak izaten ditu. Urtean sortu berriak berde-horixkak izaten dira eta iletsuak, zaharrak aldiz arre-gorriak eta biluziak. Zuhaixkak 30-50 cm arteko altuera hartzen du.[5] Landarearen azpiko zatietan ez da hostorik izaten.[6]

Hosto bakunak ditu, 7-18 mm luze eta 3-6 mm zabal neurtzen dituzte. Hostoak ere iraunkorrak dira. Nerbio zentrala izan ohi dute eta puntadunak dira. Batzuek forma obalatuagoa dute eta beste batzuek eliptikoak edo lantzeolatuak dira.[1] Hostoen azpialdeak kolore argiagoa izaten du.[5]

Kolore arroxeko loreak ditu, 10-17 mm luzerako hodia eta lau petalo dituztenak. Usaintsuak dira[7]. Multzokatuta azaltzen dira, 6-12 loretako kapitulutan. Sepaloak txikiagoak dira, 3-7 mm, eta arroxak edo batzuetan moreak izaten dira.[1]

Fruitu mamitsuak eratzen ditu, 4x3 mmko oboide itxurakoak. Periantioaren barnean eratzen dira eta kolore laranja edo horia izaten dute. Heldu ahala beltz bihurtzen dira.[1]

Banaketa eta habitata

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendialdeko espeziea bada ere Euskal Herrian itsas mailaraino ere jaisten dela ikusi da. Bizkaian lau populazio daude, Berangon, Karrantzan, Artzentalesen eta Muskizen. Gipuzkoan Aiako harrian eta Bidasoa aldean[8], Lapurdin Biarritz inguruan eta Nafarroan Piriniotako haranetan.[1]

Mendialdean harri txintxarrezko lurzorutan dauden larre eta sastrakadietan agertzen da[6]. Kostaldean hondarretako lurzorutan ikusten da, txilardi eta otadietan.[9] Orokorrean toki argitsuetan hazten da eta lurzoru lehor eta alkalinoak atsegin ditu.[5]

Raunkjaerren sailkapenaren arabera landare kamefitoa da.[5]

Ugalketa eta bizi-zikloa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Martxoa eta abuztua artean loratzen da.[5] Endozookoriaz barreiatzen dira haziak, hau da, animaliek fruituak jaten dituzte eta gorozkietan sakabanatzen dira haziak.[5]

Landarearen hazkuntza oso geldoa da.[7]

Landarearen atal guztiak dira gizakiarentzako toxikoak, adarrak, loreak zein haziak.[1]

Daphne cneorum espeziearen populazioak txikiak eta isolatuak dira, "bakan" gisa sailkaturik daude, eta horregatik daude Galtzeko Arriskua duten espezieen zerrendan.[8]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g «Daphne cneorum» euskalnatura.eus (Noiz kontsultatua: 2025-01-02).
  2. «Tropicos» www.tropicos.org (Noiz kontsultatua: 2025-01-02).
  3. Giacomo Nicolini. (1960). Enciclopedia Botanica Motta. Milano, Federico Motta Editore.
  4. «Dictionary of Botanical Epithets» botanicalepithets.net (Noiz kontsultatua: 2025-01-02).
  5. a b c d e f g (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Daphne cneorum L.» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2025-01-02).
  6. a b «Torvisco de los pirineos - Daphne cneorum» fichas.infojardin.com (Noiz kontsultatua: 2025-01-02).
  7. a b «Daphne cneorum - Torvisco de los pirineos» www.promessedefleurs.es (Noiz kontsultatua: 2025-01-02).
  8. a b «Daphne cneorum landare espezie mehatxatuaren kontserbazio lanak eta bere nitxo ekologikoaren modelizazioa» www.euskadi.eus 2010-10-18 (Noiz kontsultatua: 2025-01-02).
  9. (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Daphne cneorum L.» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2025-01-02).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]