Davros

Wikipedia, Entziklopedia askea
Davros
Whoniverse (en) Itzuli
Argitalpena
SortzaileaTerry Nation
Ageri den obrak
Interpretatzailea
Datu biografikoak
JaiotzaSkaro (planeta)
Sexuagizonezkoa
Jardueraasmatzailea
ingeniaria
militarra
Bestelakoak
EtsaiakDoktorea

Davros Doctor Who zientzia fikziozko telesail britainiarreko fikziozko pertsonaia da. Dalek arrazaren sortzailea da, Doktorearen etsai nagusietako bat beraz[1].

Pertsonaiaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1975ean agertu zen lehenengo aldiz, "Genesis of the Daleks" atalean. Terry Nation gidoigileak sortu zituen dalekak eta Davros bera. Peter Day diseinatzaileak eta John Friendlander eskultoreak diseinatu zuten Davrosen itxura. Michael Wisher aktoreak antzeztu zuen[2]. Terry Nationek dalekei nazien itxura eta izaera eman zien. Ziborg bortitz, zital eta errukigabeak dira, gorrotoa ezik beste sentimendurik ez dutenak, eta unibertsoa konkistatu eta gainerako arrazak suntsitu nahi dituztenak. Davros haiek sortu zituen zientzilaria da, ideia faxistak dituena.

Oso kalteturik dago ordea. Aulki mugikor bati loturik ageri da, daleken azpialdearen itxura duena, bertan baitu bizirik mantentzen duen makina. Esku bakarra mugitzeko gai da. Betazalak soldatuta dituenez ez du ikusten, baina begi zibernetiko bat du bekokian. Ahotsa distortsionaturik ateratzen zaio. Orokorrean lasai hitzegiten du, baina daleketaz hitz egiten duenean oihu histerikoak botatzen ditu.

Megalomanoa da eta erotuta dago. Haren espezieak denboralerro bakarra prozesa dezake eta Denboraren Gerrek erotuta utzi dute. Dalekak Doktorearen pare jartzen ahalegindu da horrela unibertsoa konkistatu eta tirano bakar bihurtzeko. Hori lortzeko zientzialari honek bere sare neurokognitibo guztia emozio bakar batean kontzentratu du; gorrotoan. Zientzialari bikaina da eta hainbat arloren jakintza paregabeaa du: errobotika, mekatronika, metalurgia, kimika, inteligentzia artifiziala, klonazioa, ingeniaritza genetikoa, biologia, fisika, astronomia, geologia, taktika militarrak, zibernetika eta ingeniaritza mekanikoan.

Istorioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Aro klasikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laugarren Doktorearekin egin zuen topo lehenengo aldiz. Skaro planetan mila urte dirauen gerra bat dago Kaled eta Thal arrazen artean. Davros Kaled arrazakoa da eta Eliteko Zientzialarien Ataleko kidea da, estrategia militar berriak garatzeko eratu den erakundea. Davros konturatu da mila urtetako arma nuklear eta biologikoek kaledengan mutazioak eragin dituztela, orduan prozesu hori azeleratzea erabakitzen du arraza garaitezin bat sortuz, dalek arraza hain zuzen ere[3]. Dalek izenak Kaled izenaren berrantolaketa adierazten du. Azelerazio horretan efizientzia lortzeko emozio ahul guztiak ezabatu ditu, gupida, errukia, adeitasuna... eta bakarra utzi du, gorrotoa. Amaitzeko tanke itxurako ibilgailuetan sartu ditu.

Dalek armada egitea lortzen du eta thalak eta Davrosen aurka zeuden kaled guztiak hiltzen ditu. Azken unean dalekek Davrosi berari ere erasotzen diote eta itxuraz hil egiten dute.

Davrosek onarpen handia izan zuen ikuslearengan eta "Destiny of the Daleks" (1979) atalean berreskuratu egin zuten. Dalek batzuek haien sortzailea lurpetik ateratzen dute movellan androideen aurka duten gerran laguntzeko. Doktoreak dalek armada suntsitzen du eta Davros harrapatu eta giltzaperatzen du. Animazio suspendituan jartzen du Lurrera eramateko, han epaitua izan dadin. "Resurrection of the Daleks" (1984) atalean dalekek Davros askatzea lortzen dute eta Davrosek arraza hobetu bat sortzea erabakitzen du baina moldatzen ari den virusak berari ere eragiten dio eta ez du helburua lortzen. "Revelation of the Daleks" (1985) atalean dalek berriak sortzen ditu gorpu izoztuak erabiliz. Kolore zuria eta urre kolorea dute dalek berriek. Harrapatu egingo dute eta Skaro planetara eramango dute epaitua izan dadin.

Aro klasikoaren amaieran Doktoreak Skaro planeta suntsituko du. Denboraren Jaunen eta daleken arteko gerra luzeari amaiera ematen dio arraza biak betirako desagertuz. Doktorea izango da ordutik aurrera gelditzen den Denboraren Jaun bakarra. Azken unean ordea planetatik ihes egiten duen argi bat ikusiko da eta aditzera ematen du agian Davrosek ere ihes egitea lortu duela.

Aro berria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belaunaldi berriko dalekak.

Telesailaren aro berria hasterako suposatzen da Davros hila dagoela, hala ere bederatzugarren eta hamargarren Doktoreek aipatzen dute (izenik esan gabe) daleken sortzaile bat.

"The Stolen Earth" (2008) atalean Caan izeneko dalek batek Davros erreskatatu zuen Denboraren garaitik, eta haren gorputzeko zelulak erabiliz dalek belaunaldi berria sortu zuen. Davrosek daleken enperadoretzat du bere burua baina Doktoreak trufa egiten dio esanez daleken panpina baino ez dela. Davrosen aginduak jarraituz 27 planeta lapurtzen dituzte eta Medusaren urjauzian pilatu. Ikustezinak dira planetok, izan ere unibertsoarekiko segundu bat desinkronizaturik baitaude. Davrosek eta dalekek "errealitate bonba" bat lehertarazi nahi dute daleka ez den guztia suntsituko duena. Dalek Caanek hausnarketa egingo du eta konturatuko da dalek arraza eta Davros sortzailea bera ere zein zitalak diren, eta hamargarren Doktorea eta Donna Noble ekarriko ditu egoera konpon dezaten. Daleken Crucible ontzia suntsituko da eta azken unean Doktorea saiatuko da Davros salbatzen baina honek laguntzari uko egingo dio eta Doktoreari leporatuko dio berriz ere egnozido bat burutu izana; "Ez ahaztu Doktorea! Betirako izendatzen zaitut, zu zara Munduen suntsitzailea".

"The Witch's Familiar" (2015) atalean berriz aterako da Davros, Crucible ontzitik azken unean ateratzea lortu zuena. Hamabigarren Doktorea, Clara Oswald eta Missy (The Master mozorrotua) Skaro planetara erakarriko ditu eta hiltzear dagoela esango dio. Hark bere heriotza ikus dezan egin du hori. Baina amarru bat da eta Doktorearen eraberritze energia lapurtzen du. Bitartean Missyk dalek baten barruan sartuko du Clara. Atal honetan Doktoreak Davros gaztea ezagutuko du Skaro planetako gerra eremuan eta errukiaz hitz egingo dio. Errukia hitza daleken hiztegian sartuko du hori izango da giltza dalek guztien artean Clara preso dagoena identifikatzeko[1]. Doktoreak eta Clarak ihes egingo dute Skarotik.

Aktoreak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Davros.

Honako hauek dira Davros antzeztu duten aktoreak:

Aktorea Urtea(k)
Michael Wisher[2] 1975
David Gooderson[4] 1979
Terry Molloy[5] 1984–1985, 1988
Julian Bleach[6] 2008, 2015, 2023
Joey Price (Davros gaztea)[7] 2015

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Ingelesez) «Davros» Tardis (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  2. a b (Ingelesez) «Michael Wisher | Actor» IMDb (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  3. (Gaztelaniaz) «Davros» Doctor Who Wiki (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  4. Interview with David Gooderson (Remastered Edit) #DoctorWho #Davros #Daleks #ATouchofFrost. (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  5. (Ingelesez) «Terry Molloy» Tardis (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  6. (Ingelesez) «Julian Bleach» Tardis (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  7. (Gaztelaniaz) «Joey Price» Doctor Who Wiki (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]