Clara Oswald

Wikipedia, Entziklopedia askea
Clara Oswald
Whoniverse (en) Itzuli
Argitalpena
SortzaileaSteven Moffat (en) Itzuli
Ageri den obrak
Interpretatzailea
Datu biografikoak
JaiotzaErresuma Batua
HeriotzaLondres
HerrialdeaErresuma Batua
Sexuaemakumezkoa
Jardueramaisu/maistra
time traveller (en) Itzuli
Familia
Bikotekidea(k)Danny Pink (en) Itzuli

Clara Oswald Doctor Who zientzia fikziozko telesail britainiarreko pertsonaia bat da, Jenna Colemanek antzeztu zuena[1]. Hamaikagarren eta hamabigarren Doktoreen bidaia-laguna da, eta ondorioz telesailaren aro berrian atal gehien egin dituen laguna da.

Pertsonaiaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Steven Moffat ekoizleak sortu zuen pertsonaia eta casting sekretu bat egin ondoren 2012ko martxoaren 21ean iragarri zen Karen Gillanek eta Arthur Darvillek gorpuzturiko Doktorearen bidaia-lagunak ordezkatuko zituela[2]. Jenna Colemanek ez zuen aurretik telesaila ikusia eta Gillan eta Darvill agertzen ziren azken bost atalak soilik ikusi zituen, ez gehiago, bere pertsonaiari espontaneotasuna emate aldera[3]. Moffatek Coleman aukeratu zuen Matt Smithekin ondo osatzen zelako eta hark bezain azkar hitzegiteko gaitasuna zuelako. Clara Oswald pertsonaia aurreko Amy Pond pertsonaiarekiko desberdina sortu nahi izan zuten, telesailari hasiera berri baten itxura emateko eta Doktorearen izaerako beste alderdi batzuk jorratu ahal izateko[4].

Oswalden lehen agerpena "Asylum of the Daleks" (2012) atalean izan zen, Oswin Oswald izenarekin, eta ondoren denboraldi hartako eguberrietako atal berezian agertu zen Clara Oswin Oswald izenarekin[1]. 2013an Doktorearen laguntzaile bihurtu zen.

Clara Oswald pertsonaiak pisu handia hartu zuen hasieratik telesailean, Doktorearena bestekoa ia. Bitxia da TARDISarekin daukan erlazioa ere, TARDISak ez baitu Clara atsegin[5]. Telesailaren zaleek Rose Tyler pertsonaiarekin antzekotasunak aurkitu izan dizkiote.

Istorioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Pertsonaiaren sorrera: "Ezinezko neska"[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Clara Oswalden agerpea berezia izan zen. "Asylum of the Daleks" (2012) atalean Oswin Oswald izeneko pertsonai bat agertu zen, "Soufflearen neska" ezizena ere bazuena[6]. Etorkizuneko garai batean kokaturik dago gertaera. Alaska espaziontzia dalek eroen planetan erori zen eta Oswald izan zen eskifaian biziraun zuen kide bakarra. Urtebete pasa zuen souffleak egiten Doktorearekin eta Amy Pond eta Roryrekin elkartu zen arte, ez dute ordea Clararen benetako itxura ikusiko. Doktoreak eta bi laguntzaileek planetatik ihes egitea lortuko dute baina Oswaldek ez.

2012ko Gabonetako atal berezia "The Snowmen" izan zen. Victoriar Aroan kokaturik dago istorioa eta Doktoreak Clara izeneko zerbitzari eta umezaina ezagutzen du. Haren laguntzaile izan dadin konbentzitzen du baina Inteligentzia Handiaren minionek hil egingo dute[6]. Hilobiko lauza ikustean Clararen izen osoa irakurriko du, Clara Oswin Oswald, eta izenaren koinzidentziak harritu egingo du.

2013ko "The Bells of Saint John" atalean Clarak emakumezko baten deia jasoko du TARDISera joateko eskatuz. Clara honek Clara Oswald du izena, Oswin gabe, eta atalaren amaieran Doktoreak misterioa argitu nahian laguntzaile hartzen du. XXI. mendeko Londresen kokaturik dago istorioa. Clararen gurasoek eroritako hosto bati esker ezagutu zuten elkar eta Doktorearekin egingo duen lehenengo bidaian hosto hori garrantzitsua izango da. Hainbat atal beranduago "The Name of the Doctor" (2013) atalean argituko da misterioa[7]. Inteligentzia Handiak Doktorea erasotuko du eta Clarak bizia emango du Doktorea salbatzearren, haren bizitza luzean zeharreko pasarte desberdinetan azalduz, baita Doktorearen bertsio desberdinetan ere. Une batean Hamargarren Doktorea eta Gerrako Doktorea aurkituko ditu eta ikusiko da, uste zenaren aurka, Gerrako Doktoreak ez zuela azkenean Gallifrey planeta suntsitu. Atalaren amaieran Hamaikagarren Doktorearen TARDISa aurkituko du eta hark existentziara itzuliko du Clara.

Gabonetako atalean Doktorearekin Trenzalore planetara joango da. Han agertu den denboraren arrakala baten beste aldean Denboraren Jaunak daude. Doktoreak haren benetako izena esan dezan nahi dute, unibertso honetara jauzi egin eta Denboraren Gerrari ekiteko. Isiltasunaren elizak planeta blindatu du eta Inguruan Doktorearen etsi guztiak daude sartu nahian. Doktoreak amarru baten bidez Clara planetatik ateratzen du eta hainbat mende pasako ditu. Doktorearen azken eraberritzea denez haren amaiera izango da. Doktorea hiltzear dela Clarak TARDISean planetara itzultzea lortuko du. Etsaiek ere lortuko dute planetara iristea (dalekak, cybermanak, aingeru negartiak...) eta Doktoreak isiltasunen laguntzarekin haien aurka borrokatuko du. Dena galduta dagoela uste duenean Clarak Denboraren Jaunei erregutu egingo die Doktorearen alde egin dezaten eta haiek berriz eraberritzeko ahalmena emango diote. Eraberrizte horretan kanporaturiko energiak etsai guztiak suntsituko ditu.

Hamabigarren doktorearen laguntzailea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Doktorea eraberritu eta hamabigarrena agertuko da. Ordurako Clara Coal Hill School eskolan irakaslea da eta gerora mutil laguna izango duen Danny Pink irakaslea ezagutuko du. Doktorearekin bidaiatzeko Dannyri aitzakiak jartzen hasiko da eta ez du astirik izango harekin egoteko. Halako batean auto batek harrapatuko du Danny eta hil egingo da. Doktorearen etsaia den Missyk (The Master) Clararekin harremanetan jarriko du beste mundutik. Missyk Danny cyberman bihurtuko du baina honek lortuko du Missyren konkista planak deuseztea. Gertaera honen ondoren Clarak Doktorearekin bidaiatzeari utziko dio eta Londresen familia giro arruntean murgilduko da.

Gabonetako atal berezian "ametsen karramarroak" harrapatuko du Clara eta Doktoreak hura askatzea lortuko du. Gertaera horren ondoren berriz hasiko dira elkarrekin bidaiatzen. Pertsonaiak garapen handia izango du eta Doktorea baino ausartagoa bihurtuko da, batzuetan arrisku gehiegi hartuz; daleken karkasa batean sartuko da adibidez edota TARDISa hegan doala zintzilikatu egingo da. "Face the Raven" (2015) atalean Ashildr izeneko Doktorearen etsaiak kontrolatzen duen atal batean heriotza kontagailu bat beregatzen du eta kontagailua 0-ra iristean erroiak Clara harrapatu eta hil egingo du[7].

Doktoreak tranpa eginez denbora geldituko du Clarari taupada bat gelditzen zaion unean, berarekin hartu eta Gallifreyn dauden Denboren Jaunengana eramango du. Clarari bizia itzultzeko eskatuko die baina ez du helburua lortuko eta Clarak azken taupada izozturik duela jarraituko du, pultsurik gabe. Denboraren Jaunak haserret egingo dira eta haiengandik ihesi unibertsoaren amaierarairo iritsiko dira biak. Unibertsoaren azken instante haietan Ashildr hilezkorra soilik aurkituko dute. Clarak Doktorea eta Ashildr hizketan entzungo ditu eta Doktorearen planaz jabetuko da; Clara dagokion garaira itzuli nahi du baina Doktorearekin izan dituen oroitzapen guztiak ezabatuta. Doktoreak bera kontutan hartu gabe erabakia hartu izanaz haserre amarru bat egingo dio eta Doktorea izango da oroitzapenak galduko dituena. Orduan Ashildrarekin elkartu, biak orain hilezkorrak dira, eta TARDIS berri bat lapurtuta alde egingo dute Doktorea bakarrik utziz, Clararen eta Ashildraren inguruko oroitzapenik gabe. Haiek diote TARDISa itzultzera doazela Gallifreyra, baina bide luzea dutela aurretik[8].

Gabonetako atal batean, "Twice Upon a Time" (2017), hamabigarren Doktoreak galdutako oroitzapenak berreskuratuko ditu eta Claraz gogoratuko da berriro.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Daily. (2012-12-25). «New assistant Jenna-Louise Coleman wins over Doctor Who fans as she appears in another different guise in Christmas Special» Mail Online (Noiz kontsultatua: 2023-10-07).
  2. (Ingelesez) «Doctor Who's latest companion is unveiled» BBC News 2012-03-21 (Noiz kontsultatua: 2023-10-07).
  3. «'Doctor Who': 3rd Clara's a charm for new star Coleman» Chicago Tribune 2013-03-27 (Noiz kontsultatua: 2023-10-07).
  4. (Ingelesez) «Steven Moffat and the Cast on The Snowmen» BBC 2012-12-08 (Noiz kontsultatua: 2023-10-07).
  5. (Ingelesez) ‘Doctor Who’s’ Jenna-Louise Coleman reveals Clara and the TARDIS talk to each other : Hypable. (Noiz kontsultatua: 2023-10-07).
  6. a b (Ingelesez) Girdwood, Andrew. (2012-12-25). «Who is Clara Oswald the Souffle Girl? [spoilers, speculation»] Geek Native (Noiz kontsultatua: 2023-10-10).
  7. a b (Ingelesez) Banks, Kayleigh. (2022-12-29). «Every Version Of Clara Oswald In Doctor Who, Explained» ScreenRant (Noiz kontsultatua: 2023-10-10).
  8. (Gaztelaniaz) «Clara Oswald» Doctor Who Wiki (Noiz kontsultatua: 2023-10-10).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]