De Miguel auzia

Wikipedia, Entziklopedia askea
De Miguel kasua» orritik birbideratua)
De Miguel auzia
Motaustelkeria eskandalu
auzitegi prozedura
Denbora-tarte2009 - 2023ko urtarrilaren 9a
KokalekuEuskal Herria
HerrialdeaEspainia
Partehartzaile kopuru26
Egozteaeroskeria, prebarikazio, influentzia-trafiko, dokumentuen faltsutze, asmo bidegabeetarako elkartze eta kapitalen zuritze
AuzitegiaArabako Probintzia-Auzitegia
Espainiako Auzitegi Gorena

De Miguel auzia izenaz ezagutzen da Euzko Alderdi Jeltzalearekin zerikusirik duen ustelkeria sare bat, Arabako EAJri lotua zuzenean, baita alderdi osoari ere.[1][2] Euskal Autonomia Erkidegoan inoiz epaitutako ustelkeria kasu handiena izan zen.[3]

Salaketa eta ikerketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

De Miguel auziak legez kanpoko komisioak kobratzeko xedea zuen gaizkile sare bat izendatu zuen. Alfredo de Miguel izan zen auziaren akusatu nagusia. Arabako Foru Aldundiko Toki Administrazioko foru diputatua zen 2009an, auzia piztu zenean, eta Herri salataritzak 54 urte eta 11 hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen haren aurka, ustez kontratu publikoen esleipenean legez kanpoko komisioak eskuratzeko sare baten buru izateagatik.[4]

Ahozko epaiketa 2018ko urtarrilean hasi zen, Arrabako Probintzia Auzitegian, Ainhoa Alberdi abokatuak 2009ko abenduan salaketa aurkeztu zuenetik[5][6] zortzi urte eta hilabetera. Abokatuak salaketa aurkeztu zuen, berak kudeatzen zuen enpresari, ustez, De Miguelek eta Aitor Telleriak eskatu zioten 100.000 euroko komisioa ordaintzeari uko egin ondoren.[7][8][9] Jakin izan zenez, De Miguelen auziko irregulartasunen salatzaileari Ogasunak espediente bat ireki zion.[10]

Atxiloketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010eko martxoan, auziarekin harremana zuten zortzi kide atxilotu zituen Ertzaintzak, auziaren instrukzio epailearen aginduz eta herri salatariaren eskariz; Alfredo de Miguel eta Aitor Telleriaz gain, EAJren Araba Buru Batzarreko Koldo Otxandiano eta hiruren bikotekideak (hurrenez hurren, Ainhoa Bilbao, Araceli Bajo eta Iratxe Gaztelu-Urrutia), eta Arabako Teknologia Parkeko kudeatzaile Alfonso Arriola. EAJko kide eta kargudun publikoak ardura postuetatik kendu zituzten, baina alderdiko militante izaten jarraitu zuten. 2010eko uztailean, EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidente Iñigo Urkulluk alderdia uzteko eskatu zien, baina handik hamar hilabetera laga zuten alderdia.[5]

Bi hilabete geroago, 2010eko maiatzean, sumarioa sekretupetik ateratzea erabaki zuen epaileak. Zanbranako operazioarekin loturikoak sartu zituzten sumarioan, salaketa anonimo baten bidez.[11]

Espioitza kasua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010eko uztailean, auziarekin lotutako ikerketa paralelo bat hasi zuen instrukzio epaileak, Aitor Telleriaren ordenagailuan Ertzaintzaren zerbitzu sekretuetako txosten batzuk aurkitu ondoren, zenbait enpresaburu eta politikari aipatuz. 2013ko martxoan egin zen ikerketa horren epaiketa, eta hiru auzipetuak ―Aitor Telleria eta bi ertzain― absolbitu egin zituzten.[5]

Ikerketa batzordea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2011ko urtarrilean, Eusko Legebiltzarrean ikerketa batzorde bat sortu zen De Miguel auziak Kultura Sailaren kontratu batzuekin zituen harremanak aztertzeko. Alfredo de Miguelek batzordearen aurrean deklaratu zuenean, 2011ko apirilean, Legebiltzarreko atarian EAJren jarraitzaile batzuek harrera egin zioten. Batzordeak ondorioztatu zuen kontrol gabeziak egon zirela Kultura eta Industria sailetako administrazioaren alor batzuetan.[12][13]

Inputatuak eta zigor eskaerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guztira, 26 inputatu egon ziren auzian, eta Herri salataritzak 440 urteko kartzela zigorra eskatzen zuen, hasieran, auzipetuen aurka.[4][14] De Migueli 27 delitu egotzi zizkion, besteak beste, eroskeria, legez kanpoko elkartea, kapitalen zuriketa eta eragimen trafikoa.[15][16][17]

Alfredo de Miguelez gain, Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano Arabako EAJko Zuzendaritzako kide ohien aurka 32 urte eta bi hilabete eskatu zituzten. Hiru buruzagi jeltzale horien bikotekideak (hurrenez hurren, Ainhoa Bilbao, Araceli Bajo eta Iratxe Gaztelu-Urrutia) eta akusatu nagusiaren arreba (Aintzane de Miguel) ere auzipetuak izan ziren.[18][19][20]

Inputatuek helegiteak aurkeztu zituzten 2015eko urtearen hasieran, akusazio guztiak ukatu eta ahozko epaiketa eragozteko, baina epaileak atzera bota zituen guztiak.[21][22]

Ahozko epaiketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2018ko urtarrilean hasi zen ahozko judizioa, Arabako Probintzia Auzitegian. Akusatuen jarlekuan 26 lagun eseri ziren, hamaika delitu leporatuta: eroskeria, dirua zuritzea eta prebarikazioa, besteak beste. Josu Izagirre herri salatariak azaldu zuen, delituen izaera aintzat hartuta, De Miguel auzian inplikatutako guztiek «EAJren aparatuaren babesa» zutela.[23][24][25][26]

Urrian, ahozko epaiketa eten egin zen, zenbait astez, inputatu batzuek akordioa bilatu nahi izan baitzuten herri salatariarekin.[27] Bederatzi akusatuk lortu zuten akordioa: haiek delituetako batzuk onartzearen truke, ordura arteko zigor eskariak murriztu zizkien; baina inplikatu nagusiek ez, eta, ondorioz, ahozko epaiketak jarraitu zuen, herri salatariak akusazioei eutsita.[28][29] Dena den, herri salataritzaren hasierako zigor eskaerak[18] nabarmen apaldu ziren 2018ko azaroan, ahozko epaiketaren ondorioak aurkeztu zituenean.[30]

Epaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arabako Probintzia Auzitegiaren auzia 2018ko abenduaren 19an gelditu zen epaia emateko prest. Hala, epaia 2019. urtearen udazkenean emango zela espero bazen ere, atzeratu egin zen, 2019ko azaroaren 10ean Espainiako hauteskunde orokorrak egin ostera arte.[31][32]

Epaia 2019ko abenduan eman zuen ezagutzera Arabako Probintzia Auzitegiak: ustelkeriagatik zigortu zituen epaitutako 26 lagunetatik hamabost; horien artean, Alfredo de Miguel, Koldo Otxandiano eta Aitor Telleria. Hamahiru urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ipini zioten De Migueli, zazpi urte eta sei hilabetekoa Otxandianori, eta sei urte eta sei hilabetekoa Telleriari. Auzitegiak erabaki zuen zigorrik handienak jarri zizkieten bost auzipetuek aske jarraitzea, badaezpadako neurriekin.[33][34]

Helegitea eta Auzitegi Gorenaren epaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Epaituek helegitea aurkeztu zutelarik 2020an Arabako Probintzia Auzitegiaren epaiaren aurka, Espainiako Auzitegi Gorenak epaia eman zuen 2023ko urtarrilaren 9an.[35] Funtsean, aurrez Arabako auzitegiak emandako zigorrak berretsi zituen, bereziki hiru akusatu nagusien aurka: Alfredo de Migueli hamabi urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra, Koldo Otxandianori zazpi urte eta sei hilabeteko espetxealdia, eta Aitor Telleriari bost urteko zigorra.[36]

Javier Sanchez Robles Eusko Jaurlaritzako Gazteria Sailburuordetzako zuzendari ohiari, zazpi urteko espetxe zigorra ezarri zion, eta lau urtekoa Alfonso Arriola Arabako Teknologia Parkeko kudeatzaile ohiari; Maria Justina Angulo Zanbranako (Araba) alkate ohiari bederatzi urteko gaitasungabetzea. Sergio Fernandez Oleaga eta Jon Iñaki Etxaburu enpresaburuen aurkako zigorrak ere berretsi zituen, legez kanpoko jarduerak egitea egotzita. Aldiz, Julian Andres Sanchez Alegria absolbitu egin zuen, haren aurkako froga nahikorik ez zegoela arrazoituta.[37]

Erreguzko helegitea eta espetxeratzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Auzian inplikatutako hiru zigortu nagusiek azken errekurtso bat aurkeztu zuten Arabako Probintzia Auzitegian, 2023ko ekainaren hasieran, erreguzko errekurtso bat, eskatuz espetxeratzeko agindua eteteko, Espainiako gobernuari eskatutako indultua ebatzi bitartean.[38]

Alabaina, Auzitegiak ezetsi egin zuen errekurtsoa, aintzat hartuta ustelkeria delitu larriengatik zigortuak izan zirela, eta zigorra «atzerapenik gabe» betetzeko agindua eman zuen. De Miguelen kasuan, berehala espetxera sartzeko agindu zuen; Otxandianoren kasuan, alegatutako osasun arazoak ez zirela eragozpen espetxera sartzeko; eta Telleriaren kasuan, mediku azterketa zabalago bat egitea erabaki zuen.[39]

Azkenik, Alfredo de Miguel Zaballako espetxean sartu zen, 2023ko uztailaren 6an.[40] Bezperan, Koldo Otxandiano bere kabuz sartu zen espetxe berean.[41] Espetxean sartzen lehena Javier Sanchez Robles izan zen, 2023ko maiatzaren 16an, ez baitzuen inolako errekurtsorik aurkeztu.[38]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Berria.eus. «De Miguel auzia» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-01-11).
  2. (Gaztelaniaz) El País. Noticias sobre el caso De Miguel. .
  3. «Hasi da "De Miguel" auziko epaiketa, EAEko epaiketarik handiena ustelkeriaz» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-01-11).
  4. a b Begiristain, Edurne. «'De Miguel auzian' 26 lagun inputatu ditu epaileak, gehienak EAJko kide ohiak» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-01-11).
  5. a b c Berria. «De Miguel auzia, kronologia» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-01-11).
  6. Gorka Berasategi. «De Miguelek kontratu publiko batetik "baztertu" zuela salatu du Alberdik» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-01-11).
  7. (Gaztelaniaz) EFE. (2015-03-19). De Miguel pide anular toda la investigación de su caso. .
  8. (Gaztelaniaz) EFE. (2015-03-17). Las defensas presentan las primeras apelaciones y el fiscal no recurrirá. .
  9. «Fiskalak froga gehiago eskatu ditu; defentsak, berriz, epaiketa bertan behera uztea» EITB (Noiz kontsultatua: 2023-01-11).
  10. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2023-03-09). «La denunciante del ‘caso De Miguel’, expedientada por Hacienda; el condenado, a sueldo de Lakua» naiz: (Noiz kontsultatua: 2023-03-10).
  11. (Gaztelaniaz) Andueza, Iker Rioja. (2018-05-15). «Zambrana, un 'pelotazo' fallido de 65 millones y 3 en comisiones» elDiario.es (Noiz kontsultatua: 2023-01-11).
  12. Erredakzioa. «Ikerketa batzordeak deitutako pertsonei agertzeko eskatu die EAJk» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-01-11).
  13. (Gaztelaniaz) «La comisión del caso De Miguel señala a seis ex altos cargos del PNV» El Diario Vasco 2012-01-26 (Noiz kontsultatua: 2023-01-11).
  14. (Gaztelaniaz) El País, Pedro Gorospe. (28 de octubre de 2015). El ‘caso De Miguel’ va a juicio. .
  15. Begiristain, Edurne. «Ahozko epaiketa hasiko dute 'De Miguel auziko' 26 inputatuen aurka» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-01-11).
  16. (Gaztelaniaz) El País. (2016-06-22). La juez del ‘caso De Miguel’ ordena abrir juicio oral con 26 imputados. .
  17. (Gaztelaniaz) El País, Pedro Gorospe. (2015-04-16). Urkullu tiene 2 meses para corregir las disfunciones del caso De Miguel. .
  18. a b «"De Miguel auzia" izenez izen» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-01-11).
  19. (Gaztelaniaz) El País. (2015-03-20). El abogado del matrimonio Telleria no ve pruebas que les incriminen. .
  20. (Gaztelaniaz) El País. (2015-03-27). Urkullu niega que el ‘caso De Miguel’ sea una financiación ilegal del PNV. .
  21. Begiristain, Edurne. «'De Miguel auziko' helegite guztiak atzera bota ditu epaileak» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-01-11).
  22. (Gaztelaniaz) El País. (2015-04-10). El juez desestima los recursos presentados por 15 de los acusados. .
  23. Berria. ««'De Miguel sarea' lotsagabe» aritu zela dio fiskalak» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-01-11).
  24. El País, Pedro Gorospe. (2015-02-21). Josu Izaguirre: ocho años sin tregua. .
  25. (Gaztelaniaz) El Correo. (2018-01-18). La Fiscalía afirma que los implicados en el 'caso De Miguel' «estaban amparados por todo el 'establishment'». .
  26. «"EAJ zen De Miguel auziko traman dena batzen zuen pegamentua"» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-01-11).
  27. Urain, Jon O.. «Bi astez etengo dute 'De Miguel auziko' epaiketa, «akordio aukerak» aztertzeko» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-01-11).
  28. «'De Miguel' auziko akusatuek ez dute negoziatuko fiskaltzarekin» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-01-11).
  29. Urain, Jon O.. «Akordiorik lortu ez, eta akusazio guztiak ukatu ditu De Miguelek» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-01-11).
  30. (Gaztelaniaz) «El fiscal pide que una decena de excargos vinculados al PNV entren en la cárcel» El Correo 2018-11-14 (Noiz kontsultatua: 2023-01-11).
  31. Begiristain, Edurne. «Arabako Auzitegiko buruak esan du 'De Miguel auziko' epaia atzeratu egingo dela» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-01-11).
  32. (Gaztelaniaz) «La sentencia del ‘caso De Miguel’ se retrasa hasta después del 10-N» Noticias de Gipuzkoa 2019-10-16 (Noiz kontsultatua: 2023-01-11).
  33. Begiristain, Edurne. «13 urteko espetxe zigorra ezarri diote De Migueli, ustelkeriagatik» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-01-11).
  34. Urain, Jon O.. «Bihar erabakiko dute 'De Miguel auziko' zigortuak espetxera bidaliko dituzten» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-01-11).
  35. Intxauspe, Edurne Begiristain-Gurutze Izagirre. «Espainiako Auzitegi Gorenak ‘De Miguel auziko’ zigor nagusiak berretsi ditu» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-01-11).
  36. «De Miguelen 12 urteko espetxe-zigorra berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-01-11).
  37. Begiristain, Edurne. «'De Miguel auziko' zigor nagusiak berretsi ditu Auzitegi Gorenak» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-01-11).
  38. a b «Alfredo de Migueli "atzerapenik gabe" kartzelan sartzeko eskatu dio epaileak» Alea.eus (web.archive.org) 2023-06-27 (Noiz kontsultatua: 2023-07-20).
  39. (Gaztelaniaz) Andueza, Iker Rioja. (2023-06-26). «La Audiencia de Álava pide a De Miguel que entre en la cárcel "sin demora" y le recuerda sus graves delitos de corrupción» elDiario.es (Noiz kontsultatua: 2023-07-20).
  40. «Alfredo de Miguel Arabako espetxean sartu da» EITB 2023-07-06 (Noiz kontsultatua: 2023-07-20).
  41. Begiristain, Edurne. (2023-07-06). «Alfredo de Miguel Zaballako espetxean sartu da» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-07-20).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]