Edukira joan

Deir al-Balahko sarkofagoak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Deir al-Balahko sarkofagoak
Jatorria
Aurkikuntza lekuaDeir al-Balah
Aurkikuntza data1967
Ezaugarriak

Deir al-Balahko sarkofagoak Gazako Zerrendan Deir al-Bala hiriaren aldirietan aurkitutako altxor arkeologiko eta historiko bat dira, 1967an aurkitua. Israelgo estatuak indusketak baimentzeaz gain, arpilaketa ere ahalbidetu zuen, eta hurrengo urteetan sarkofagoen multzoa sakabanatu egin zen zenbait bildumatan.

21. mendean sarkofagoen multzo inportante bat Israelgo Museoan dago Jerusalemen (Moshe Dayan jeneralaren jabetzatik hara joan zirelako)[1] eta beste pieza batzuk Hecht museoan, Haifan. [2] Multzoaren parte izan daitezkeen bi sarkofago daude Eretz Israel museoan, Tel Aviven.[3] Israelgo estatuaren muga ezagutuen barruan daude hiru museo horiek.

Aurkikuntza eta arpilaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Israelek 1967an okupatu zuen Gaza, Sei Eguneko Gerraren ondoren. Baimenik gabeko indusketak orduan hasi ziren arpilaketa helburuarekin.[4]

Urte berean Trude Dothan arkeologo israeldarrak identifikatu zuen hangoa izan zitekeen sarkofago zati bat, jatorria identifikatu, eta kontrolatutako indusketak antolatu eta gidatu zituen 1972-1979 eta 1980-1982 urteetan, okupazio armada israeldarraren babesarekin.[2] Ez bakarrik sarkofagoen hilerria, asentamendu bat ere induskatu zuen Dohanek.[4] Indusketa horietan beste era bateko sarkofagorik ere aurkitu izan da, harrizko bat bederen.[1] Modu bateko edo besteko indusketen ondorioz, sarkofagoen altxorra sakabanatu egin zen.

Sarkofagoen multzo handiena, 40 inguru, 1967ko lehen arpilaketetan eraman zituzten Gazatik. Moshe Dayan jeneralak horietarik batzuk erosi zituen, eta Israelgo Museoko bilduman daudenak Dayanen horiek dira.[1] Israelgo Museoak publiko egindako informazioaren arabera, pieza hauek (eta museoko beste hainbat) Dayanen bilduma erosi zutenen dohaintza dira, New Yorkeko Laurence eta Wilma Tisch-en oparia.[5]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sarkofago atera zituzten antzinako hilerri handi batetik, 150 x 200 metro zabaleko eremu batean.[6] Itsasotik gertu kokatuta, gunea hondarrezko duna handiek babestuta egon zen mendeetan. Sarkofagoak eskuz eginak ziren, bobina teknika erabiliz, ontzi handiak sortzeko erabiltzen den metodoa.[5] Zilindrikoak ziren sarkofagoak oro har, 1.6 eta 2.0 metro garai artean, eta zirkunferentzian 1.7 eta 2.2 metro artean punturik zabalenean.[7]

Gazako sarkofagoen hainbat ezaugarrik egiptoarren eraginaren zantzu argiak erakusten dituzte, baina K.a. 1300 urtearen inguruko Palestinako kostaldeko kultura kanaanitakoak dira.[2] Niloren deltako eskualdean antzeko hilerriak aurkitu dira. Sarkofagoetako aurpegi handi askok bizar txikiak dituzte, beharbada Osirisen, heriotzaren jainko egiptoarren, bizarra sinbolizatzen duena. Hildako pertsona, egiptoarren sinesmenetan, Osirisen erresuman barneratzen zen heriotzaren unean.

Hildakoen gorpuak, normalean bat baino gehiago sarkofago bakoitzeko, baltsamatu gabe jarri zituzten hilkutxan, hileta-opariekin batera, zeramikazko janari-ontziak adibidez. Kasu batzuetan bitxiak eta harriz zein brontzez egindako ontziak ere aurkitu zituzten.[5]

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Israelgo museoetan:

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c (Ingelesez) Beit-Arieh, Itzhaq. (1985-03). «Further Burials from the Deir el-Balah Cemetery» Tel Aviv 12 (1): 43–53.  doi:10.1179/tav.1985.1985.1.43. ISSN 0334-4355. (Noiz kontsultatua: 2024-06-11).
  2. a b c (Gaztelaniaz) «Los secretos que oculta una fortaleza egipcia descubierta en Gaza» historia.nationalgeographic.com.es 2024-04-18 (Noiz kontsultatua: 2024-06-11).
  3. (Ingelesez) «The Ceramics Pavilion» Eretz Israel Museum (Noiz kontsultatua: 2024-06-11).
  4. a b (Ingelesez) Killebrew, Ann E.; Goldberg, Paul; Rosen, Arlene M.. (2006-08). «Deir el-Balah: A Geological, Archaeological, and Historical Reassessment of an Egyptianizing 13th and 12th Century B.C.E. Center» Bulletin of the American Schools of Oriental Research 343: 97–119.  doi:10.1086/BASOR25066966. ISSN 0003-097X. (Noiz kontsultatua: 2024-06-11).
  5. a b c (Ingelesez) The Israel Museum, Jerusalem. «Anthropoid sarcophagi - Cemetery at Deir el-Balah» www.imj.org.il (IMJ) (Noiz kontsultatua: 2024-06-10).
  6. Dothan, Trude. (1972). «Anthropoid Clay Coffins from a Late Bronze Age Cemetery near Deir el-Balaḥ (Preliminary Report)» Israel Exploration Journal 22 (2/3): 65–72. ISSN 0021-2059. (Noiz kontsultatua: 2024-06-11).
  7. Dothan, Trude. (1973). «Anthropoid Clay Coffins from a Late Bronze Age Cemetery near Deir el-Balaḥ (PRELIMINARY REPORT II)» Israel Exploration Journal 23 (3): 129–146. ISSN 0021-2059. (Noiz kontsultatua: 2024-06-11).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]