Hiztegi Hirukoitza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hiztegi Hirukoitza
Datuak
IdazleaManuel Larramendi (1729)
Argitaratze-data1745
GeneroaHiztegi, saiakera
Jatorrizko izenburuaDiccionario Trilingüe del Castellano, Bascuence, y Latin
HerrialdeaDonostia
FormatuaBi liburuki
OCLC921220876
Euskaraz
IzenburuaHiztegi Hirukoitza

Hiztegi Hirukoitza (jatorrizko izenburua, gaztelaniaz: Diccionario Trilingüe del Castellano, Bascuence, y Latin) Manuel Larramendi idazlearen hiztegia da, Larramendiren hiztegia izenaz ere ezaguna, Donostian (Gipuzkoa) 1745ean argitara emana. Bere garairako, lan erraldoia izan zen, bi liburukitan plazaratua.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Larramendiren hiztegia euskararen historiako gertakari garrantzitsuenetako bat da: argitaratu zen eta, beraz, askoren eskuetara iristeko gai izan zen lehen hizkuntz hiztegi orokorra da. Aldi berean, Euskal Herriko erakunde ofizial batek, Gipuzkoako Foru Aldundiak, estreinakoz bere gain hartu zuen halako lan baten argitalpena.[1]

Espainiako Errege Akademiaren Autoritateen Hiztegia argitaratu berria zela, Larramendik oso-osorik euskaratu nahi izan zuen, erdaldunak euskal hizkuntzaren aberastasunaz konbentzitzeko. Herriz herri galdetuz eta liburuak arakatuz hitz andana bildu zuen. Andres Alberdiren ustez hau izan zen andoaindarren obra nagusia eta jarraitzaileengan eraginik zuzenena izan duena.[2]

Bi liburukitan plazaratu zuen:

  • Lehenengoan hiztegiaren sarrera egiten du. Bertan euskararen jatorriaz, euskalkiez eta beste informazio asko ematen du.
  • Bigarrengoa hiztegia bera da.

2020an hiztegiaren edukia digitalizatu egin zen. Karaktereen ezagutze optikoa erabiliz eta bertsio digitala Wikiteka igo zen bere erabilera publikoa eskaintzeko.[3]

Edukia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiztegia lan erraldoia da, baina baditu bitxikeria batzuk ere. Erdal etorkiko hainbat hitz euskal hitz jatorrak balira bezala aurkezten ditu (alferez: alfer-ez, «soldadua baino langileagoa delako»). Jakintza adigaiak (unibertso, astronomia, matematika, eta beste) eta euskararentzat ezezagunak ziren objektuen izenak (bolbora, txokolatea, tabakoa) izendatzeko, hitz berriak asmatzeko beharrean sentitu zen. Batzuetan, zaila da jakiten zein hitz diren herriaren ahotik jasoak eta zein berak asmatuak.

Larramendiren irudimenari esker sortutako hitz batzuk, egungo euskaran erabiltzera iritsi dira, hilezkor eta garrantzi, esaterako. Asmatu zituen neologismo horiek, hala ere, berak ez zituen inoiz erabili eta bere jarraitzaile gehienek ere ez. Hala ere, garaiko euskal idazlanetan aldaketa nabari da hiztegia argitara eman zenetik: Idazleak hitz berrien sorkuntzarako baliabideak gehiago erabiltzen hasi ziren, gaztelaniara eta frantsesera hainbeste jo gabe.[4][2]

Bertsio digitala (2021)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2020an hiztegiaren edukia digitalizatu eta Larramendi hiztegiaren bertsio digitala Wikitekara igo zen bere erabilera publikoa eskaintzeko. Digitalizazioa karaktereen ezagutze optikoa teknika erabiliz egin zen, eta ondoren zuzenketa semiautomatikoa burutu.[3]

Ikasketa automatikoa baliatuz, hiztegiko testuaren eredu bat entrenatu zuten gero digitalizazioan egin beharreko lana dezente laburtu ahal izateko. Hiztegiaren edukiaren % 4 baino gutxiago eskuz transkribatuta (32 orrialde), gero hiztegi guztia (828 orrialde) eredu horrekin automatikoki transkribatu zenean testu-bertsioan ia % 98,5eko doitasuna lortu zuten, ordura arte eskuragarri zeuden testu-fitxategietan baino errore askoz gutxiagorekin.[3]

Eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Larramendiren hiztegiak oso eragin zabala izan zuen euskal hizkuntzalaritzan, batez ere Hego Euskal Herriko hiztegigileen artean. Esaterako, Resurreccion Maria Azkueren lanetan Larramendiren oihartzuna garbia da. Dena dela, hiztegiaren oinarria gaztelaniaz dago; horrek neologismoak asmatzera eraman zuen, eta horrek egilearen ospearen aurka egin du. Alberdiren ustetan, liburu honek «egilearen izenari kalterik handiena ere obra beronek egin diola esan behar da».[5] Hitz argi eta garbi asmatuak, Larramendiren hiztegian, hauek bide dira: sutanpe («kanoia»), godaria («txokolatea») eta surrautsa («tabakoa»). Dena dela, badira orobat susmagarriak diren beste batzuk. Horrek, espezialista batzuen ustez, hiztegia erabat baliogabetu du.[5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Urgell, Blanca. (2013-06-05). «"Hiztegi Hirukoitza"-ren kanpoko eta barruko historiaz» Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo" 0 (0): 629–649. ISSN 2444-2992. (Noiz kontsultatua: 2019-04-15).
  2. a b Alberdi, Andres. (1990). Manuel Larramendi (1690–1766). in: Bidegileak. Eusko Jaurlaritza, 20 or..
  3. a b c Alonso Arrospide, Mikel; Lindemann, David. (2021). Larramendiren "Hiztegi Hirukoitza"ren digitalizazioa. Karaktereen ezagutze optikoa eta "Wikiteka"ra igotzea. (IV. Ikergazte kongresua). Udako Euskal Unibertsitatea  doi:10.26876/ikergazte.iv.01.15. (Noiz kontsultatua: 2021-11-16).
  4. Kortazar, Jon. «Diccionario Trilingüe (1745). Manuel de Larramendi» Auñamendi Eusko Entziklopedia. .
  5. a b Alberdi, Andrés (1990), 18. or.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]