Manuel Larramendi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Manuel Larramendi
Aita Larramendi.jpg
Bizitza
Jaiotza Andoain1690eko abenduaren 25a
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza Loiola (Azpeitia)1766ko urtarrilaren 29a (75 urte)
Hezkuntza
Heziketa Salamancako Unibertsitatea
Hizkuntzak gaztelania
euskara
Lanbidea
Lanbidea apaiza, historialaria eta idazlea
Sinesmenak
Erlijioa katolizismoa
Erlijio-ordena Jesusen Konpainia

Manuel Garagorri LarramendiAita Manuel Larramendi deituraz ezaguna— (Andoain, Gipuzkoa, 1690eko abenduaren 25a - Loiola, Azpeitia, Gipuzkoa, 1766ko urtarrilaren 29a) idazle jesuita izan zen. Bere idazlanetan ikus daitekeenez, euskararen defendatzaile sutsua zen. Kultura handiko gizona, jarraitzaile anitz izan zituen. Bere idazlan gehienak gaztelania jasoan egin zituen. Euskaraz egin zituenak ere txukuntasun handikoak. Bere garaiko idazle askoren gidari ageri zaigu, euskarazko lan askoren zuzenketak egin eta atarikoak idatzi baitzituen. Euskal testuen ekoizpenaren erdigunea XVIII. mendetik aurrera Lapurditik Gipuzkoara igarotzea, arrazoi ekonomikoak-eta aipatu badira ere, hein batean Larramendiren eraginari esker gertatu zela defendatu dute zenbait ikerlarik.

Txomin Garagorri eta Manuela Larramendi zituen guraso, eta oso ongi ez dakizkigun arrazoiengatik amaren abizena hobetsi zuen.

Larramendismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Larramendismoaren korronte ideologikoa XVIII. mendearen lehenengo zatian garatu zen, eta andoaindar idazlea izan zen korronte horri izena eman ziona. Ezaugarri nagusiak honako hauek dira:

  • Gipuzkoako foruen defentsa.
  • Foruak Gipuzkoako lege berezitzat defendatzea.
  • Foruen defentsa aldarrikatzailea bilatzea.

Larramendismoaren ideologia foruak galtzearen beldurraren ondorioz sortu zen. Planta berriko dekretuak delakoaren ondorioz piztu zen eta 1717an aduanak kostaldera eraman zituztenean areagotu egin zen. Gainera, Madrilgo intelektualen artean Euskal Herriko foru-pribilegioen kontrako kanpaina bultzatu zen. Etsai-giro horretan sortu zen filosofia larramendista, euskal nazionalismoaren aurrekarietako bat izan zena hain zuzen ere.

Sobre los fueros de Guipúzcoa argitaragabean (1756-58, 1983), Pirinioko Herrialde Batuak (Provincias Unidas del Pirineo) izeneko egitasmo baten alde hitz egiten du, non zazpi euskal lurraldeak estatu aske batean batuko baitziren. Bere batzar nagusian, diputatuek euskaraz jakitea nahitaezkoa izanen zen.

Gipuzkoarentzako aukera politikoak, Larramendiren arabera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1. Ingalaterrarekin bat egitea.

2. Frantziarekin bat egitea.

3. Kantabriako erresuma sortzea.

4. Gaztelarekin bat egitea.

5. Pirinioko probintzia batuak sortzea (Euskal Herria).

Larramendiren hitzaldi bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Zergatik euskarak, hain hizkuntza biziak eta beste edozein baino zaharragoak, ez ditu euskaldun guztiak batera eta elkarrekin nazio aske batean, beste hizkuntza eta nazioen menpekotasunetik at ikusiko? Zergatik egon behar dute Espainiako hiru lurraldek (Gipuzkoak, Arabak eta Bizkaiak) Gaztelaren menpean (eta zer ez nuke esan behar Nafarroako erresumaz?) eta beste hiruk (Lapurdik, Zuberoak eta Nafarroa Behereak) Frantziaren menpean?  »

Aita Larramendi

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Euskaraz: Larramendik euskararen bikaintasunaz konbentzitu nahi zituen erdaldunak, baina liburu guztiak gaztelaniaz idatzi zituen. Hala ere, euskaraz idazten oso ondo zekien. Euskaraz idatzitako testuek berrehun orrialde inguru betetzen dituzte. Bere liburuetako idatzi laburrez gain, elizako sermoiak, lagunei idatzitako gutunak eta hitzaurreak ere badira.
  • El Imposible Vencido. Arte de la Lengua Vascongada (euskaraz Ezina egina bezala itzulia) (1729): euskararen lehen "arte" edo gramatika argitaratua dela esan dezakegu. Garai hartako jakintsuen artean arras zabaldua zen ideia baten arabera, hebreerak, grekoak, latinak eta beronen eratorriek bakarrik zuten gramatika bat. Euskara bezalako hizkuntzak, ordea, jende ezjakinaren hizkerak ziren; ia animalien orroen gisakoak eta beraz, liburuetan irakatsi ezin zirenak. Horiei erantzunez idatzi zuen liburu hau Aita Larramendik. Oro har, Arnaut Oihenartek Notitia utriusque Vasconiae lanean mende bat lehenago egindakoa baino txarragoa da.
  • Gutuna (1747).
  • Diccionario Trilingüe del Castellano, Bascuence, Latin (euskaraz Hiztegi Hirukoitza izenarekin ezaguna) (1745). Espainiako Errege Akademiaren Autoritateen Hiztegia argitaratu berria zela, Larramendik oso-osorik euskaratu nahi izan zuen, erdaldunak euskal hizkuntzaren aberastasunaz konbentzitzeko. Herriz herri galdetuz eta liburuak arakatuz hitz andana bildu zuen. Lan erraldoia da, baina Larramendiren ohiko xelebrekeriak ere ez dira falta hiztegiko hitzen artean. Erdal etorkiko hainbat hitz euskal hitz jatorrak balira bezala aurkezten ditu (alferez: alfer-ez, soldadua baino langileagoa delako). Jakintza adigaiak (unibertso, astronomia, matematika, eta beste) eta euskararentzat ezezagunak ziren objektuen izenak (bolbora, txokolatea, tabakoa) izendatzeko, hitz berriak asmatzeko beharrean sentitu zen. Askotan, zaila da jakiten zein hitz diren herriaren ahotik jasoak eta zein berak asmatuak. Larramendiren irudimenari esker sortutako hitz batzuk, egungo euskaran erabiltzera iritsi dira, hilezkor eta garrantzi, esaterako. Asmatu zituen neologismo horiek, hala ere, berak ez zituen inoiz erabili eta bere jarraitzaile gehienek ere ez. Hala ere, garaiko euskal idazlanetan aldaketa nabari da hiztegia argitara eman zenetik: Idazleak hitz berrien sorkuntzarako baliabideak gehiago erabiltzen hasi ziren, gaztelaniara eta frantsesera hainbeste jo gabe.
  • De la Antigüedad y universalidad del Bascuence en España (1728). Euskara Espainiako jatorrizko hizkuntza bakarra dela defendatu nahi du. Larramendiren ustez, euskaldunak dira espainiarrik petoenak, garbienak. Tubalismoa da agertzen duen ideietako bat.
  • Discurso histórico sobre la antigua famosa Cantabria (1736). Euskokantabrismoaren teoria defendatzen du. Bere garaiko jende askok bezala, erromatarren aurka borrokan aritutako kantabriarrak euskaldunekin identifikatzen ditu.
  • Corografia de Guipuzcoa edo Corografía o descripción general de la muy noble y leal Provincia de Guipúzcoa (1754): Gipuzkoako geografia eta bertoko herritarren ohiturak, jantziak, dantzak, hizkuntza eta ogibideak azaltzen dituen lan etnografikoa. Dantzen kontura, garai hartako apaizen artean eztabaida sutsua piztu zen: batzuen ustetan, dantza, bekaturako bidea errazten zuen ohitura lizuna zen. Larramendiri, dirudienez, ez zitzaion hala iruditzen, eta liburu honetan Gipuzkoan XVIII. mendean egiten ziren dantzen berri ematen du.
  • Sobre los fueros de Guipuzcoa (1756-58, 1983): bere garaian ezin argitaratuzkoa izan zen saio politikoa. Euskal Herriko foruak Tubal aitasoaren garaietatik datozen lege zaharrak dira. Euskal Herriko foruek, euskal herritar guztiei, bereizkeriarik gabe eta jaiotzatik, noblezia unibertsala onartzen diete, Gaztelako herritarrei ez bezala. Pirinioetako Probintzia Batuak izeneko Euskal Herriko estatu subirano baten alde mintzo da. Egitasmo hori euskal nazionalismoaren aurrekarietakotzat har liteke. Lana inprimatu ez bazen ere, garai hartako letradun jendeak eskuizkribua kopiatu eta zabaldu ahal izan zuela uste da.

Argitaratze atzeratuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Larramendiren obra nagusi batzuk, politikoenak, ez ziren beren idatz-garaian argitara eman, ekarriko lizkioketen arazoengatik. Aitzitik, isilarazita geratu ziren, ondoko mendeetan argitaratzaile lagunen bat izan zuten arte. Hala, bada, bere idazlanetatik galdu ere egin ziren zenbait: Gipuzkoaren historia bat, adibidez.

Euskal testu bat, adibidetzat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Eztakit zer esain dizutedan. Aspaldi nabil nola Euskal Erriak edertu, ta jasoko ditudan. Bost gau illun, eta bost egun argi iragoak ditut, egiteko onetan; baita gure euskera, izkuntza guztien zarrena aien garai nola ezarriko dedan. Baña ezta sinistekoa zer gertatzen zatan. Batzuek diote bestelako lan txarretan nabillela. Ezta ezer; oiek jakiñezak dirade, zer darauskioten ere eztakitenak. Besteak obeko nukeala itxegi beargai goragoren ta ederragoren bati. Ezta anik: oiek alperpotzak dira berok, ez gorago ez berago dan lanik ukitu ere nai eztutenak. Elakio hitzonzia, beargai txar diokan horri, ta ara ni itxekiko natxeok prestuagoari. Ainbeste urtean neabile ezagutu naiez gure hizkuntza miragarriaren txitezkoak, ta etzeatiet oraindikan osoro ezagutu; ain dek beargai au andi, larria. Eta lotsatzen ez aiz hi ta hire lagun oroitzar horiek, lan txarra deitzea lanik gaitzen ta latzenari? Hi ta hire ballerakoak besterik ezpaliz mendarte oietan, euskeraren saietsetik euskaldunok galduak, baita tuak ere gindukek, erdaldunen bekaitzez ezin ekusiaz, ta juzku gaiztoz. Baldin elkar artzen bagendu guziok, nor bere sallari ditxekala, Franzian ikaratuko gintuke franziar guziak, ta Españian españiar guziak. Non da ordea elkarte hori? Nagokan isillik. Nere min garratzena da, are eztakuzkula onetatik darraizkun kalteak eta gaitzak; era, dirudienez, ezagutuko ere eztitugula, ditugun on piskak galdu ditzagun artean.  »
Manuel Larramendi: Corografía de Guipúzcoa, 1754

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]